Landunen kopuruak goia jo du Hego Euskal Herrian

Gizarte Segurantzak 4.705 kotizatzaile irabazi zituen apirilean. Langabezia ere nabarmen jaitsi da (-4.201), zerbitzuei esker batez ere.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 5a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biztanleria aktiboaren azken bi inkestetako emaitza txarrek ez dute segidarik izan apirilean. Langabezia jaitsi egin da, eta langileen kopuruak gora egin du berriro. Are gehiago, marka bat hautsi da hilabete horretan, 1.354.649 afiliatu baititu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian, martxoan baino 4.705 gehiago eta inoizko gehien. 

Espainiako Lan Ministerioaren arabera, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 132.708 langabe erregistratu zeuden apirilaren amaieran, hilabete lehenago baino 4.201 gutxiago. 2015era arte egin behar da atzera apiril batean halako jaitsiera bat ikusteko. 

Lurralde guztietan apaldu da langabeen kopurua. Kopuru osoetan, Bizkaian izan da jaitsierarik handiena (-1.767), eta Gipuzkoan zenbaki proportzionaletan (-%3,52).

Iazko urtearekin alderatuta, 3.541 langabe gutxiago daude. Joera horrek hurrengo hilabeteetan jarraituz gero —eta udaberrian ohikoa da langabeen kopurua apaltzea—, oso litekeena da maiatzean edo ekainean 130.000 langabe erregistratu baino gutxiago egotea.

Halakorik ez da ikusi 2008ko neguaz geroztik. Urte hartan gogor jo zuen finantza krisiak, eta hilabete gutxian asko igo zen langabe kopurua, 100.000tik 150.000ra. Atzeraldi Handiaren garaiko langabeziak 2013ko martxoan jo zuen goia: 235.827 lagunekoa izan zen.

Emakumeak, pixka bat hobeto

Sektore guztietan apaldu da langabeen kopurua, baina batez ere zerbitzuetan aritzen direnen artean (-3.578). Horrek mesede txiki bat egin die emakumeei, sektore horretako hamar langiletik ia sei baitira. Ondorioz, emakumeen artean gehiago jaitsi da langabe kopurua (-2.500 gutxiago), gizonen artean baino. Edonola ere, arrakala oso handia da oraindik ere, langabe erregistratuen %59,1 baitira emakumeak.

Langabezia tasan ere ikusten da aldea: gizonen %7,3 daude lanik gabe, eta emakumeen %11,5.

Mugagabeak, behera

Kontratazioari dagokionez, apirilean egindako kontratuen %23,1 izan dira mugagabeak. 2026. urteko kopururik apalena da hori, eta ziur asko lotuta dago egin diren kontratazioetako asko Aste Santuari eta turismoari lotutakoak izan direla.

Halaber, nabari da lan handieneko urtaroa hasi dela lehen sektorean. Gizarte Segurantzako nekazarien erregimenean 528 afiliatu gehiago daude (+%8), eta, antxoaren kostera abiatuta, 37 kotizatzaile gehiago ditu itsasoko langileen atalak.

Azken urteetako joeraren aurka, bestalde, afiliatuak ugaritu egin dira etxeko langileen artean (+124) eta autonomoen artean (+268).

Erreakzioak

ELAk Aste Santuarekin lotu du langabezia jaitsi eta enplegua igo izana, eta esan du «egiturazko hobekuntzarik» ez dagoela, sortutako enplegua «prekarioa eta urtarokoa» baita. «Produkzio ereduan eta enplegu politiketan sakoneko aldaketarik egin gabe, zaila izango da langabeziaren murrizketa egonkorragoa eta kalitate handiagokoa lortzea».

Ildo horretan mintzatu da LAB ere. «Langile klasearen ezegonkortasuna bultzatzen duten enpleguak sortzen ari dira. Are gehiago, behin-behineko kontratu ia guztiak zerbitzu sektorean izan dira. Ez da kasualitatea sektore prekarizatuenak izatea enplegua sortzen dutenak, egonkorrenak suntsitzen ari diren bitartean; adibide garbiak dira Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio».

Baikorrago azaldu da EAEko UGT, uste baitu datuek erakusten dutela 2021eko lan erreformaren eragina nabari dela enpleguan. Baina aitortu du egiturazko arazoak daudela —emakumeen langabezia handiagoa—, eta kezkatuta azaldu da «nazioarteko gerra panoramak» lan merkatuan izan dezakeen eraginarengatik. 

%31,8

Zenbat langabek duten langabezia saria. Espainiako Gobernuak nabarmendu du langabeen babesa handitzen jarraitzen duela eta %78,8k badutela laguntza publikoren bat. Baina Hego Euskal Herrian kopuruak askoz apalagoak dira, %43k soilik baitute babesa: %31,8k dute langabezia sari arrunta eta %11,1ek subsidioa. 

 

«Lan merkatua etengabeko hobetzen» ari dela iritzi dio Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak, eta nabarmendu du iraupen laburreko langabeen artean ez ezik denbora luzez lanik gabe egon direnen artean ere apaldu egin dela langabezia. «Agerian uzten du norbaitek Lanbidera jotzen duenean enplegu politika aktiboak azkar abiarazteak laneratzeko gaitasun handiagoa dakarrela».

Enplegua «maila historikoetan» dagoela azpimarratu du, berriz, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak, eta aurtengo apirila 2008az geroztiko «onena» izan dela. Hala ere, onartu du lan egin behar dela emakumeen langabezia tasa handiak jaisteko eta 54 urtetik gorakoen artean enpleguak gora egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA