Enplegua galdu da urte hasieran Hego Euskal Herrian

INEk 18.900 landun gutxiago eta 10.700 langabe gutxiago zenbatu ditu 2026ko lehen hiruhilekoan. Industrian izan da beherakadarik handiena, eta eraikuntzan handitu egin da enplegua.

Gizonezko bat Lanbideren Bilboko bulego batean sartzen, gaur goizean. LUIS TEJIDO / EFE
Gizonezko bat Lanbideren Bilboko bulego batean sartzen, gaur goizean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko apirilaren 28a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazki kaskarra eman du enpleguak 2026. urtearen hasieran. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, 2025eko azken hiruhilekoan baino 18.900 landun gutxiago zeuden 2026ko lehen hiruhilekoan. Langabezia ere indarrez handitu da —10.700 gehiago—, langabezia tasak zortzi hamarren egin du gora —%7,6tik %8,4ra—, eta azken bi urteetako handiena da.

INEren datuek bat egin dute joan den astean Eustatek EAErako erakutsitako joera txarrarekin, nahiz eta bi inkestetan badiren aldeak. Horrela, Eustatek dio 73.300 langabe daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,7), eta INEk, berriz, 89.600 zenbatu ditu (%8,2). Nafarroako 31.000 langabeak batuz gero, 120.600 langabe daude Hegoaldeko lau lurraldeetan, azken hiru urteetako batezbestekotik oso gora.

Okupatuen kopurua ez da hain txarra. 1.309.900 lagunek enplegua dutela esaten du INEk, eta hori marka historikoa da 2024. urtera arteko datuak aintzat hartuta.

Industriaren pattalaldia

Industria izan da azken bi urteetan emaitza eskasenak eman dituen sektorea, haren jarduera uzkurtu egin baita hiruhileko askotan edo gutxi hazi besteetan, inflazio handia, Donald Trumpen muga zergak eta Txinaren lehia gero eta handiagoa direla medio. Sektore horren enpleguan izan du eragina garai pattal horrek: hiruhileko bakarrean 12.600 okupatu galdu ditu, eta langileen %21,5 enplegatzen ditu (%22,2 ziren 2025 amaieran). 

Zerbitzuetan 7.000 enplegu galdu dira, baina hala ere gora egin du sektore horren pisuak lan indarrean (%70,8). Eraikuntzak, ordea, azken urteetako goranzko joerari eutsi dio: 2.400 lanpostu irabazi ditu 2026 hasieran, eta jada langileen %6 enplegatzen ditu. 

langileak
Eraikuntzako langile bat, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

Industria nagusiki gizonen sektore bat denez —lautik bat da sexu horretakoa—, azken hiruhilekoan haien artean handitu da gehien langabezia maila (%6,6tik %7,5era). Edonola ere, emakumeen egoerak okerragoa da oraindik, haien artean %9,5 baitaude lanik gabe. 

%57,7

Zerbitzuetan zenbat diren emakumeak. Ekonomiaren lau sektoreen artean, zerbitzuak dira emakumeak gehiengoa diren bakarra. Zehazki, 535.300 emakume aritzen dira atal horretan, eta zerbitzuetako langileen %57,7 dira. Eraikuntzan, berriz, %11,8 baizik ez dira; industrian, %23,5; eta lehen sektorean, %32,7.

Lurraldeetako datuetan ere ikusten da industriaren eragina: sektore horrek pisu handiena duen bi lurraldeetan handitu da gehien langabezia, puntu bat edo gehiago: %9,1eraino Nafarroan, eta %8,8raino Araban. Kontrara, industria gutxien duen lurraldean, Bizkaian, lau hamarren baizik ez da handitu, %8,5eraino. Gipuzkoak du berriro ere langabezia tasarik txikiena, %7,4koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA