Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azoketan behiak erakusteko debekua kendu dute

Nagusiki behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra dela eta, hainbat murrizketa ezarri zituzten Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren bilakaera ona ikusita, neurri horiek malgutzea erabaki dute.

Behi bat, 2024ko Abadiñoko San Blas azokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Behi bat, 2024ko Abadiñoko San Blas azokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 20a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, urtarrilaren 30ean agindu zuten animaliekin egiten diren azoketan eta bestelako ekitaldietan murrizketak ezartzea, nagusiki behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra dela eta. Horrekin batera, ganadua mugitzeko baldintzak gogortu zituzten. Gaixotasunaren egoera epidemiologikoaren bilakaera ona ikusita, ordea, neurri horiek malgutzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Horrenbestez, berriro egin ahal izango dira azokak behi, zekor, idi eta zezenekin, animalien osasun arloko agintari eskudunek ezartzen dituzten baldintzen arabera.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek dermatosi nodular kutsakorraren aurkako neurriak malgutzea adostu dute. Erabakia animalien osasun arloko administrazio eskudunek hartu dute modu koordinatuan, gaixotasun horren egoera epidemiologikoaren «bilakaera ona» ikusita. Eusko Jaurlaritzak onartutako agindu berriak estaldura juridikoa ematen dio erabaki horri, eta urtarrilaren 30etik indarrean zegoen agindua indargabetzen du.

«Osasun egoeraren bilakaerak abeltzaintza sektorearen jardueraren zati bat berreskuratzeko modua ematen du, eta, aldi berean, Euskadiko abelburuak babesteko beharrezko prebentzio neurriak mantentzen dira», adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Aginduaren berritasun nagusia da behi aziendekin egiten diren azokak, lehiaketak, erakusketak, herri kirolak, erromeriak, merkatuak eta aldi baterako bestelako ekitaldiak egiteko ezarrita zeuden murrizketak kentzea. Horrenbestez, berriro egin ahal izango dira, «animalien osasunaren arloko agintari eskudunek ezartzen dituzten baldintzen arabera».

«Osasun egoeraren bilakaerak abeltzaintza sektorearen jardueraren zati bat berreskuratzeko modua ematen du, eta, aldi berean, Euskadiko abelburuak babesteko beharrezko prebentzio neurriak mantentzen dira»

AMAIA BARREDO Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua

Era berean, ganadua mugitzeko baldintzak egokitu dituzte, azkenean, Gipuzkoako lurralde historikoan, gaixotasunaren aurkako gutxieneko txertaketa estaldura lortu dutelako, eta azken hilabeteetako bilakaera epidemiologikoa aldekoa izan delako.

Neurriak malgutzeko erabakia egungo egoera epidemiologikoak babesten du, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera. Txertaketa eremuetan sartuta dauden lurraldeek aurreikusitako txertaketa kanpainak amaitu dituzte, eta ezarritako estaldura mailak lortu dituzte. «Gainera, Espainian joan den martxoan atzemandako azken fokuaz geroztik ez da dermatosi nodular kutsakorraren beste kasu positiborik baieztatu», azpimarratu dute.

Europan ere bilakaera aldekoa izan da. Joan den udaberrian Sardinian (Italia) atzemandako fokuak salbu, ez da beste kasurik erregistratu kontinentean, eta kaltetutako lurralde gehienek pixkanaka berreskuratu dituzte abereak dituzten azokak, lehiaketak eta bestelako ekitaldiak, beharrezko biosegurtasun neurriak hartuta.

Neurri nagusiak indarrean

Agindu berria emanda ere, biosegurtasun neurri nagusiak indarrean mantenduko dituzte, gaixotasuna sartzea eta hedatzea eragozteko. Behi aziendaren mugimendu guztietan nahitaezkoa izango da garraio ibilgailuak eta animaliak garbitzea eta desinfektatzea, baita intsektuak kentzea ere.

Abereak zuzenean hiltegira doazenean ez da horrelakorik egin beharko. Ekintza horiek dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren eta ibilgailuaren garbiketa eta desinfekzio ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira.

Behiak Ordiziako euskal jaiko azokan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Behiak Ordiziako euskal jaiko azokan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU

«Halaber, albaitaritza zaintza ofiziala mantenduko da 28 eguneko epe orokorrean Euskaditik kanpoko ustiategietatik Euskadiko ustiategietara sartzen diren behi aziendentzat eta gaixotasunarekiko sentikorrak diren gainerako espezieentzat», gehitu dute. Era berean, ustiategi hartzailearen kautelazko immobilizazioari eutsiko diote dagokion foru aldundiaren animalien osasuneko zerbitzu eskudunak zehazten duen epean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako animalien osasuneko zerbitzuek zaintza epidemiologikoa, osasun kontrola eta abeltzaintza ustiategien jarraipena egingo dute aurrerantzean ere, prebentzio neurriak gaixotasunaren bilakaeraren arabera egokituz, eta hiru lurraldeetako abelburuak babestea bermatzeko.

Neurri horiek eguneratuta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak prebentzio esparrua «egungo osasun egoerara» egokitzen du, eta hartara, «Euskadiko abelburuen babesa eta abeltzaintza jardueraren nahiz sektoreari lotutako ekitaldien berreskuratzea bateragarria» izango da, adierazi dutenez. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak gaixotasunaren bilakaera epidemiologikoaren etengabeko jarraipena egingo du, eta prebentzio neurriak egokituko ditu osasun egoerak hala eskatzen duenean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA