Udalhitzeko mahaian «aurrerapausorik» ez dagoenez, grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek, ELAk eta LABek deituta. Haiek dute gehiengoa sektorean, %83,4ko ordezkaritza baitute. Duela urte eta erdi sortu zen negoziazio mahaia sindikatuen eta Eudelen —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta alderdi independenteek osatuta— artean. Deitzaileek zuzenean interpelatu dute udalen elkartea, negoziaziorako «borondatea» izan dezala eta langileen baldintzak «erdigunean» jar ditzala exijitzeko.
Besteak beste, «erosahalmena berreskuratzeko» neurriak hartzea nahi dute, euskaraz lan eta bizitzeko baliabideak jartzea, «publifikazioetan azpikontratatutako langileen subrogazio eskubidea» aitortzea, lanaldia murriztea, errelebo kontratuak ezartzea eta gazteberritze planak egitea.
Egungo lan hitzarmenak hamasei urte daramatza bere horretan, eta sindikatuek salatu dute zenbait udaletan akordio «partzialak» bai, baina hitzarmen «integralik» ez dela egin, ezta Udalhitz mahaitik kanpo dauden udaletan ere.
Horregatik ekin zioten udaberrian greba eta mobilizazio dinamikari: apirilean eta maiatzean bi orduko lanuzteak egin zituzten, eta ekainean, berriz, egun osoko bi greba. Horiek «positibotzat» jo dituzte sindikatuek, modua eman dutelako langileak aktibatzeko eta «aurrerapauso» batzuk emateko.