ELA eta LAB Udalhitz mahaitik altxatu dira, eta negoziazioa kinka larrian dago

Udaletako langileen lan baldintzak negoziatzeko foroa da, eta salatu dute Eudelek ez duela akordiorik nahi. Sindikatu abertzaleek ordezkaritzaren %83,4 dute.

Udal langileen protesta bat, Eudelek Bilbon duen egoitzaren aurrean. ELA
Udal langileen protesta bat, Eudelek Bilbon duen egoitzaren aurrean. ELA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 12a
14:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaletako langileen lan baldintzak negoziatzeko sorturiko mahaia, Udalhitz, kinka larrian dago. Sindikatuak eta Eudelek —hark du patronalaren rola, eta EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta independenteetako ordezkariak biltzen ditu— bilera zuten gaur, eta ELA eta LAB mahaitik altxatu dira, udalen elkartearen jarrera salatzeko.Salatu dute ez dituela eskariak kontuan hartzen. LABek esan du ez duela mahaira itzultzeko baldintzarik ikusten; ELAk, berriz, grebak areagotuko dituela iragarri du.

ELA eta LABen erabakia keinu huts bat baino gehiago da, bien artean ordezkaritzaren %83,4 baitute. Ohar banatan eman dute erabakiaren berri, baina agerikoa da haien haserrea. Azaldu dutenez, gaur zuten lehen bilera ekainaren 4ko grebaren ondoren —hainbat greba egin dituzte aurretik— eta bi gai zeuden mahai gainean: euskara eskakizunak eta zerbitzuen kudeaketa.

Bi gaik sortu dute eztanda: euskarak eta zerbitzu publikoek. Sindikatuek eskaintza berriak eskatu zizkioten Eudeli, eta, haien arabera, aurreko berak eraman ditu mahaira

Duela hamabost egun bildu ziren azkenekoz gai horiek jorratzeko, eta sindikatu abertzaleek eskaintza berriak eskatu zizkioten Eudeli. Esan dutenez, baina, bi arloetan orduko eskaintza berak egin dituzte. «Seriotasun eta gaitasun falta» egotzi diote Eudeli, eta benetako negoziazioari bizkarra ematea.

Eta zeintzuk dira eskaintza horiek, sindikatuen arabera? Euskarari dagokionez, hizkuntza eskakizunak lanpostu berri guztiei eskatu ordez errealitate soziolinguistikoaren araberako derrigortasun indizea «inposatzea» gehienezko gisa.

Zerbitzu publikoen auzian, berriz, azpikontratazioa bultzatzen jarraitzea, publifikazioa eta zerbitzu horretako langileak subrogatzea onartu gabe. Halaber, salatu dute ez dituela kontuan hartu gaiaren inguruan sindikatuek eginiko eskaerak.

LABen mehatxua

Sindikatuei, orain, beren haserrea gorpuztea falta zaie. Hurrengo bilera ekainaren 19an izango da, eta Eudelek konpromisoa hartu du proposamen bakar bat ekartzeko, baina ELA eta LAB ez dira fio. ELAk Eudeli esan dio borroka bizirik dagoela eta greba dinamikari eutsiko diola.

Zorrotzagoa izan da LAB, gaur-gaurkoz, eta, «egoeraren larria» aintzat hartuta, ez du ikusten «mahaiak jarraitzeko baldintzarik». EAJri eskatu dio —hark du Eudelen lehendakaritza— bi gai horien inguruan ahalik eta bizkorrena ebazteko eta langileen ordezkaritzaren gehiengoaren borondatea errespetatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE