Apirilaren 23an hasitako mobilizazio zikloaren bigarren urratsa egingo dute etzi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek. Bi orduko lanuzte bat egin zuten orduan, eta egun osoko grebara deituta daude ostegunerako. Haien lan baldintzak arautzen dituen Udalhitz ituna duela hamasei urte eguneratu zuten azken aldiz, eta grebaren deitzaileek, ELAk eta LABek, salatu dute hura berritzeko orduan Eudelek eta udalek artean ez dutela proposamen «integralik» egiten. Haiek dute gehiengo handia sektorean.
Hiru lurraldeetako udaletan 28.300 langile aritzen dira, eta haien baldintzak «urtez urte okertzen» ari direla salatu dute gaur ELAko eta LABeko ordezkariek, Bilbon. Okertzearen arrazoietako bat Espainiako Gobernuan ikusten dute, edo, zehatzago esanda, uste dute udalek bere egin dituztela Madrilek soldaten eta enpleguaren inguruan hartutako erabakiak. Horrela, azken urteetan Espainiako Gobernuak finkatutako soldata igoerak aplikatu dituzte Hego Euskal Herriko administrazio guztiek, horretara behartuta zeudela argudiatuta. ELAk eta LABek, berriz, uste dute badutela modua soldatak erabakitzeko, eta hala ez egin izanak erosteko ahalmena galarazi diela udal langileei.Â
Udaletan aginte postuetan dauden alderdi guztiak —EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteak— eta Eudel egin dituzte egoeraren erantzule. «Azken mahai negoziatzailea joan den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira».
Atxikimendu ugari
ELAk eta LABek azaldu dutenez, azken asteetan hainbat udaletan langileen batzarrak egin dituzte, eta udalez udal grebarako atxikimenduak biltzen aritu dira. Dagoeneko 120 udal eta udal enpresatan lortu dute bertako langile batzordeek eta langileen ordezkariek babesa ematea; tartean daude hiru hiriburuak eta herri handi gehienak, hala nola Barakaldo, Getxo, Irun eta Errenteria.
Udaletxe batzuk itxita egongo dira etzi —Hernani, Usurbil, Oǹƒati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarragakoak—, eta beste askotan «oihartzun handia» izatea espero dute ELAk eta LABek.
28.378Udaletako langileak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udaletan 28.378 langile publiko zeuden urtarrilaren amaieran, Eustatek zabaldutako azken datuen arabera. Bizkaian 13.511,Â
Gipuzkoan 9.728 eta Araban 5.139.Â
Horiei batu behar zaizkie udalentzat lan egiten duten enpresetako beharginak. Langile publikoen artean hirutik batek (%35,3) behin-behineko kontratua du.Â
Negoziazioetan, galdutako erosahalmena berreskuratzeko eta azpikontratutako langileei gutxienez 1.500 euroren soldata ordaintzeko eskatu dute ELAk eta LABek. Gainera, lanaldia murriztu nahi diete langile guztiei, eta lanaldi partzialak ezabatu, batez ere sektore feminizatuetan (zaintzan eta garbiketan).Â
Halaber, lanpostu guztietan bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea eskatu dute, hamabi urteko epean. Bi sindikatuen arabera, puntu hori izan da Udalhitzeko negoziazioetan Eudeleko ordezkariekin dituzten elkarrizketetan punturik beroenetako bat.