Luze doan pelikulen saga batean legez, sekuela batetik espero litezkeen gidoiaren puntu guztiak bete ditu Arabako 2027rako aurrekontu egitasmoak. Foru Aldundiak 752 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, aurreko urtekoaren oso antzekoa. %6 igo da kopurua, neurri handi batean inflazioaren eraginez, baina gastuaren banaketa bere horretan mantentzea erabaki du aldundiak. Ohi bezala, gastu sozialera bideratu du zatirik handiena, 363 milioi euro —aurrekontuaren %50,9 dara, iazko %51tik oso hurbil—.
Gehien hazi den alorretako bat bide azpiegiturena da, 46,7 milioirekin, %30eko hazkundea suposatuko baitu horrek. Igoera horren atzean, AP-68aren kudeaketa dago, hilabete honetan hartu baitu aldundiak bere gain. 3,7 milioi euro aurreikusten dira errepide horren mantentze lanetarako soilik. Kulturaren arloan, berriz, aldundiak 2,4 milioi euro bideratuko ditu «gizarteko esparru guztietan euskaran ezagutza eta erabilera sustatzeko».
66Azpiegituretarako aurrekontua, milioi eurotan. Arabako Foru Aldundiak 66 milioi euro bideratuko ditu azpiegituren eraikuntza lanetara. Besteak beste, EDA ardogintzaren zentroa, Gasteizko tranbia Zabalganara eramateko lanak eta Printzipal Antzokiaren berrikuntza daude kopuru horren barruan.
Testuinguru politikoak baldintzaturiko berritasunetako bat etxebizitza politikena izan da. Gonzalezek iragarri du aldundiak 6,2 milioi euro jarriko dituela arlo horretara. Bost milioi etxebizitzak berritu eta erosteko laguntzetara bideratuko dira, eta 1,2 milioi 36 urtetik beherakoentzako abal publikoak eskaintzera, lehen etxebizitza eros dezaten. Horretaz gain, aldundiak etxebizitza publikoa eraikitzeari ekingo diola ere adierazi du Gonzalezek, nahiz eta ez duen zehaztu non eta zenbat.
Zergak
Zerga neurrien foru arauaren aurkezpenean ere —aurrekontuekin batera aurkeztu dute, ohikoa denez—, berritasun handiena etxebizitzaren alorrarekin dauka zerikusia. Itziar Gonzalo de Zuazo Ogasun diputatuak iragarri du aldundiak etxebizitza turistikoei OHZren %150 errekargua jartzeko ahala emango diela udalei, «etxebizitza bizitzeko izan dadin». Aldiz, aldundiak %70eko hobaria aplikatuko die tentsiodun eremuetako etxebizitzak erreferentzia indizeen arabera alokatzen dituzten etxejabeei, baita %75ekoa ere, etxebizitza gazteei alokatzen badiete edo zaharberritzen badute.
Horrez gain, aurreko urteetan bezala, PFEZaren gaineko deflatazioa ezarriko du, %3koa. Gonzalezek azaldu du soldaten batez besteko igoerarekin bat datorrela ehuneko hori, eta deflatazioaren helburua arabarren erosahalmena babestea dela.
Berritasun batzuen gabezia ere izan da esanguratsua: zergen foru arau berriak ez ditu aurreikusten Bizkaian hainbesteko polemika eragin duten gimnasioentzako eta medikuntza aseguru pribatuentzako hobariak ezartzeko asmoa. Gonzalezek adierazi du ez direla inoiz mahai gainean egon Araban, eta Gonzalo de Zuazok ziurtatu du ezberdintasun horrek ez duela lurraldeen arteko harmonizazio faltari» eragiten, zerga arauaren atal «minimo bat» direlako..
Onarpen zaila
Aurrekontuak eta neurri fiskalak aurrera ateratzeko aldundiak dituen aukerak urriak dira. Izan ere, gutxiengoan egonik, EAJ eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuak oposizioko indarretakoren baten sostengua beharko du aurrekontuak onartzeko. Alta, ahaldun nagusiak berak onartu duenez, «zaila» izango da adostasun hori erdiestea, hauteskunde giroak ez baitu hori errazten.
Hala ere, Gonzalezek adierazi du «azken egunera arte» lan egingo duela aurrekontuak onartuak izan daitezen, eta elkarrizketarako deia egin die oposizioko alderdiei. Prest agertu da aurrekontuak alderdi batekin eta neurri fiskalak beste batekin adosteko. Prestutasun hori gorabehera, aukerak murriztu egin zaizkio azken hilean ahaldun nagusiari. Joan den astean, Elkarrekin Ahal Duguk adierazi zuen ez zutela hurrengo aurrekontua babestuko, joan den urtekoa osoki betetzen ez bada.
Hain zuzen ere, alderdi horrekin adostu zituen foru gobernuak 2026ko aurrekontuak, baina koalizio morea ez dago pozik, aldundiak iragarri baitu jada akordio hartan jasotako hainbat neurri ez direla beteko, foru suhiltzaileen lan taldeari beste 36 langile gehitzea, kasu.
EH Bilduk, berriz, aste honetan iragarri ditu aurrekontua adosteko baldintzak. Gonzalezek kritika egin dio koalizio subiranistari «ate itxien atzean» egin beharreko negoziazioak «aire zabalera» ateratzegataik. Jokabide hori akordioa lortzeko oztopoa dela esan du ahaldun nagusiak, eta adostasunetara heltzeko borondatea baino, «antzezpena egiteko» nahia izatea leporatu dio EH Bilduri. Alderdiek abenduaren 14ra arteko epea dute akordioak lortzeko.