Plataformen ekonomiaren inguruko lan gatazketan beste mugarri bat ezarri du epaitegi batek. Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak atzera bota du Glovok CCOO sindikatuaren aurka aurkeztutako demanda, eta ontzat eman ditu martxoaren 27an egin ziren hauteskunde sindikalak.
Hamahiru ordezkari aukeratu zituzten bozketan, denak CCOOren zerrendakoak. Araban Glovorentzat lanean ari diren berrehundik gora banatzaileek ordezkaritza sindikala izango dute hemendik aurrera.
Glovok batez ere hauteskunde prozesuaren oinarri formala jarri zuen auzitan. Enpresak argudiatu zuen CCOOk aurkeztutako hauteskunde aurreabisua ez zela baliozkoa, eta, ondorioz, ez zela behar bezala egin ordezkari sindikalak hautatzeko prozesua. Langile batzordearen zilegitasuna ezbaian jarri zuen. Epailearen arabera, baina, legearen barruan egin zen prozesua.
Ebazpenaren garrantzia nabarmendu du sindikatuak, urteetan «sakabanatuta eta bakartuta egon den langile kolektibo batek» ordezkaritza egonkorra izango duelako. Araban 320 banatzaile inguru identifikatu ditu CCOOk.
Erregulazio espedientea
Epaia, gainera, «une erabakigarri» batean iritsi da. Izan ere, Espainiako Glovok enplegu erregulazioko espediente bat abiatu du, eta horrek, sindikatuaren arabera, ziurgabetasun handia sortu du langileen artean. CCOOk salatu duenez, Glovok bere jardueraren zati bat beste enpresa batzuen esku utzi nahi du, eta horrek, sindikatuaren arabera, plataformako langileen eskubideak eta ordezkaritza sindikala ahulduko lituzke.
Glovok bere aurkako epai mordoa batu ditu azken urteetan. Guztiek gauza bera esaten zuten: rider edo janari banatzaileak ezin ziren langile autonomo izan, enpresa bakar batentzat ari zirelako lanean; kasu honetan, Glovorentzat. Espainiako Gobernuak ere esku hartu zuen auzian, eta banatzaileak kontratatzera behartzen zituen legea egin zuen. Gogo txarrez bada ere, bere aurkako auziak ez ezik 267 milioi euroren isunak ere pilatu zituela ikusita, Glovok amore eman zuen 2024ko abenduan, eta bere langileak kontratatzea onartu zuen.
Soldatapekoak diren aldetik, langile batzordeak sortzea eta haien bidez beren lan eskubideak defenditzea erabaki zuten lehenak izan ziren Glovoren Nafarroako langileak. Iaz sortu zuten langile batzordea, eta azaroan akordio bat egin zuten enpresarekin, baina salatu dute haren jokabidea abusuzkoa dela oraindik.
Arabako auziak, ordea, beste urrats bat ekarri du: enpresak berak inpugnatu zuen hauteskunde prozesua, eta epaitegiak berretsi egin du haren zilegitasuna.
Plataformen ekonomiaren inguruko eztabaida ez da Glovora mugatzen. Banaketaren eta aplikazio bidezko lanaren sektorean gero eta gehiago dira antzeko egoerak salatzen dituzten langileak.