Enpresa batek hidrogeno naturala bilatzeko lanak egin ahal izango ditu Aralarren. Espainiako Gobernuak eman dio beharrezko baimena Frantziako Mantle8 enpresari, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritziarekin. Baimen horrekin, enpresa esplorazio lanetara mugatuko da, eta ezingo du ezer erauzi, ezta ingurua hondatu ere.
Zehazki, Espainiako Gobernuko Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritzak eman du baimena. Baina horretarako, aurretik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak proiektuaren aldeko txostenak igorri dizkiote Madrili. Ekainaren 30ean sartu zen baimena indarrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta gaur sartu da Euskal Autonomia Erkidegokoan.
Esploraziorako baimen bat da. Horren arabera, lanak ingurumena hondatu gabe egin beharko dituzte: lurraren forma aldatuko ez duten tekniken bidez. Gainera, baimenak debekatu egiten du esplorazio lanetan lurrerako sarbide berriak irekitzea, eta proiektua ikertzeko baino ez da izango, hau da, bertan hidrogeno naturala eta helioa dagoen ala ez aztertzeko.
Emmanuel Masini Mantle8 enpresako zuzendari nagusiak proiektuaren xehetasunak eta asmoak azaldu zizkion El Español hedabideari, uztail hasieran: «Esplorazio baimena lortu dugu urte baterako, eta beste urtebete luza daiteke. Eremua aztertuko dugu, teknologia ez-inbaditzailea erabiliz. Lan horien emaitzak jasotzen ditugunean, positiboak badira, ikerketa baimena ere eskatuko dugu».
Enpresak azaldu du Lurrak milioika tona hidrogeno ekoizten dituela, urak eta arrokek egiten duten erreakzio bati esker: serpentinizazioa. Argudiatu du halakoetan hidrogenoa lurrazaletik gertu egoten dela, eta garrantzitsua dela meatoki aproposak aurkitzea, etorkizunean ustiatzeko.
Hidrogenoaren aroa
Asko hitz egin da hidrogenoaren inguruan, eta esan etorkizuneko erregaia izan daitekeela, erregai fosilen alternatiba gisa. Nolanahi ere, hura ekoiztea garestia da gaur-gaurkoz. Espainiako Gobernuaren azken mugimenduak agerian utzi du hidrogenoa atzerrian erosi baino nahiago duela berak ba ote duen ikertu, eta Euskal Herrira jo du horretarako.
Hortaz, hidrogeno naturalaren bila ariko dira orain Euskal Herrian bila, baina beste erregai bat izan zuten helburu duela hamarkada bat: gas naturala. Zalaparta handia izan zen gizartean lurpetik gas ez-konbentzionala eskuratzeko baimenak zirela eta. Fracking teknikak eztabaida eta protesta luzeak eragin zituen, eta lurpean gasa zegoen ala ez aztertzeko baimenak ematea ere gaitzetsi egin zuen hainbat herritarrek.
Enara proiektuak, esaterako, ingurumen baimenak lortu zituen, Gasteizen ikerketa hobietan arakatzeko. Nafarroan, aldiz, protesta handiak izan ziren, eta ez zuten baimenik eman. Oposizioak argudiatzen zuen arriskutsua zela ingurumenerako, eta trantsizio ekologikoaren kontrakoa. Gerora, Espainiako Gobernuak debekatu egin zituen teknika horiek, 2021eko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean.
Erdian Aralar
Aralar ere ingurumen txostenekin eta ika-mikekin oso lotuta egon da azken urteetan. Hain zuzen, AHTaren lotunea egiteko aukeretako bat da Aralar zulatzea, Euskal Y-a eta Nafarroako AHTa lotzeko, Zuastitik (Nafarroa) Ezkio-Itsasora (Gipuzkoa). Eztabaida luzeen ostean, Espainiako Gobernua Aralar azpitik zeharkatzearen aurka jarri zen, ingurumen arrazoiak argudiatuta, azterketarik egin aurretik —duela astebete amaitu zituzten azterketak, eta oraindik erabakitzeko dago zein izango den lotunea—.
Orain, berriz, baimena eman dio Mantle8 enpresari Aralarko 2.996 meatze koadrikula esploratzeko, Gipuzkoan eta Nafarroan. Aralar I izena jarri diote proiektuari.