EAJren eta PSE-EEren arteko xextra politikoaren erdian jarri da, beste behin, abiadura handiko trena. Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotuneaz erabakitzeko Aralarren egin beharreko laginketek jarri dute hizpidea asteburuan, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak salatu baitzuen Espainiako Gobernuak ez dituela hasi mendilerroan egin beharreko azterketak. Bada, Madrilek berretsi du ez dituela egingo, baztertu egin baitu trenak Aralar azpitik zeharkatzea.
El Diario Vasco egunkariak eman duen informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak Aralarko mendilerroa inguratuko duen bidea hobetsiko du, hirugarrena, Nafarroako AHTa Ezkio-Itsasora lotzeko (Gipuzkoa). Eta laginketak ere eremu horretan egingo ditu, hain zuzen ere. Gasteizko lotunearen aukera baztertuko du horrela, nahiz eta behin betiko erabakia Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostu beharko duen.
Baliteke erabaki hori 2026ko udaberrirako hartzea, orduan espero baita proiektuaren txosten teknikoa. Txosten hori urte amaierarako aurkeztu behar zuen Espainiako Gobernuak, baina atzerapenak pilatuz joan da, Garraio Ministerioak salatu baitzuen laginketak egiteko zailtasunak zituela, besteak beste, laginketak egin beharreko lurretara iristea zaila zelako, hala lur publikoetara nola lur pribatuetara; bestetik, laginketak sakonera handian egin behar zituzten, 200 metrora, «tunel batek zer eragin izango lukeen aztertu behar baita».
Edozelan ere, Espainiako Gobernua beti izan da eszeptiko samarra Aralarko aukeraren inguruan. Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak esan zuen «arazo handiak» ikusten dituela Ezkioko ibilbidean, eta «egingarriagoa» iruditzen zaiola Iruñea eta Donostia Gasteiztik lotzeko bidea. Joan den urtearen amaieran, ordea, atea zabaldu zion hirugarren bidea aztertzeari, hau da, mendilerroa azpitik zeharkatu ordez inguratu egiten zuena.
Jaurlaritzak berak egin zuen proposamen hori, 2018an, ibilbidea hobetzeko eta Aralarko mendilerroa «hainbeste ez inbaditzeko» proiektuari aurkeztutako alegazio batean. Bide horrek aukera emango luke Aralarko natur parkea saihesteko eta, beraz, ingurumen inpaktua zertxobait txikitzeko. Halaber, laburtu egingo luke Ezkiora iristeko azken tunelaren luzera: 20 kilometrokoa litzateke, hots, hasieran aurreikusitakoa baino 2,5 kilometro laburragoa.
Hala, bide berriak egungo trenbidearen paraleloan egingo luke lehenengo zatia, Donostiako norabidean, Gasteizerantz. Eta Etxarri Aranatzen biratu ordez Bakaikurainoko joango litzateke, han iparralderantz hartzeko. Helburua litzateke trenbidea Aralar eta Altsasu artean igarotzea; pasabide hori zehazki nondik igaroko den, hori erabakitzea falta da. Kostu ekonomikoari dagokionez ere, aldea zein den argitzeko dago oraindik.
Bazkideen arteko ika-mika
Hain justu ere, AHTa izan zen Eusko Jaurlaritzako bi bazkideen arteko legealdiko aurreneko ika-mikaren iturri. Imanol Pradalesek Ezkioren alde egin zuen, 2018ko alegazio txosten hura gogora ekarrita. PSEren haserrea eragin zuen horrek, eta Eneko Andueza idazkari nagusiak errieta egin zion publikoki lehendakariari txostenen emaitzak eduki aurretik aukera bat hobesteagatik. Orduz gero, bi bazkideek albo batera utzi dute gaia, joan den astean Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakarien arteko bileran argi geratu zenez.
Izan ere, bi agintariek Madrilen teilatuan jarri zuten pilota: Pradalesek «azkarrago» aritzeko eskatu zion Espainiako Garraio Ministerioari, korapiloa «behingoz» askatzeko garaia dela iritzita; Txibitek ere esan zuen txostenen emaitzak eskuetan izateko garaia dela, argudiatu baitzuen erabakiaren zain egotea «nekagarri» zaiola jada.