Ekainaren 30ean onartuko da haustura hidraulikoari Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mugak jarriko dizkion legea. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk oniritzia eman zioten atzo Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean osoko bilkuran bozkatuko den testuari, eta berme handia eman diote araudiak aurrera egin dezan. Aurreko asteazkenean erabilitako argudioak mantendu zituzten, eta legebiltzarrera 103.000 sinaduren babesarekin heldu zen ekinbidea lege bihurtzeko asmoa agertu zuten.
Hiru mailako babesa eskainiko duen araudiari oniritzia eman diote EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, iragan osteguneko jarrerari eutsiz. Ordea, EAJk, jarrera aldatu, eta ekainaren 30era arte negoziatzeko nahia agertu du, adostasun maila handitzeko. Mahai gainean jarri duen proposamena hauteskunde kanpainan egindakoa da: haustura hidraulikoaren bost urteko geldialdia eta batzorde tekniko baten sorrera.
Javier Carro EAJko legebiltzarkideak nabarmen apaldu du jarrera, aurreko asteazkenekoarekin alderatuta. Barkamena eskatu du «bakartuta» sentitzean izandako jarreragatik, eta, lantaldearen testua bozkatu behar zenean, abstenitu egin da. Halaber, gainontzeko alderdiei negoziatzeko borondatea eskatu die, «ahalik eta lege onena egiteko». Are gehiago, Fracking Ez Plataformari biltzea proposatu dio, haiekin batera bost urteko geldialdia aztertzeko.
Herri ekinbide legegilea sustatu zuen plataformak adostasuna eskatu die legebiltzar taldeei, hain zuzen ere. Lantaldean adostutako testua «pozgarria» dela hausnartu du Fracking Ez taldeak, eta tresna baliagarri batzuk eskainiko dituela gaineratu du. Dena den, hiru alderdiek adostutako testua ontzat jo badu ere, «erabateko» akordio bat lortzeko galdegin die legebiltzarreko kideei.
Geldialdia, «bide itxia»
EAJk bere zuzenketa guztiak gordeko ditu ekainaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Zuzenketen artean, Carrok teknikaren bost urteko geldialdiari arreta berezia eskaini zion. Haren proposamena da EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk adostutako testuari artikulu berri bat txertatzea, non geldialdia zehaztuko baiten, baita haustura hidraulikoa aztertzeko ikerketa batzorde bat sortu ere. Aste bateko denbora du EAJk adostasuna bilatzeko, baina, une honetan, gainontzeko legebiltzar taldeek jakinarazi dute etenaldia «itxita» dagoen bidea dela.
PSE-EEko Natalia Rojok eta PPko Mari Carmen Lopez de Ocarizek Carrori oroitarazi diote ez daudela prest Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dituen neurrien alde bozkatzeko. Ildo horretan, gogora ekarri dute Espainiako Gobernuak ez zituela «ezta 24 ordu eman ere» Andaluziako Gobernuak onartutako etenaldia Konstituzionalera eraman aurretik.
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak kontraesanezko argudioa erabiltzea leporatu dio Carrori batzordean. EAJko legebiltzarkideak hausnartu zuen Kataluniako ereduan aldaketak egin izanak «ziurgabetasun juridikoa» sortzen duela; aldiz, Maeztuk egotzi dio Espainiak «onartu eta berehala» Konstituzionalera eramango duen fracking-aren geldialdi bat proposatzea.
Azkenik, hiru taldeek nabarmendu dute ez dela legerik behar Araba, Bizkai eta Gipuzkoan haustura hidraulikoaren etenaldi bat egiteko. Garapen Ekonomikoko Sailak hala erabakiko balu, indarrean dauden baimenak geldituko lituzke, onartuta dauden guztiak SHESA Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate anonimoaren esku baitaude. Carrok etenaldi hori legez egitea egokiagoa dela azaldu du, ordea.
Hiru mugako bermea
EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk iragan asteazkenean onartutako testuari helduko diotela iragarri dute: hiru muga ezarri zizkioten haustura hidraulikoari. Alde batetik, Kataluniako araudiaren testuak berak proposatzen duen muga dago, lurralde antolamendurako araudia baliatuta. Bestetik, Uraren Legea aldatzea proposatzen du adostutako testuak, kutsatzeko arrisku ertaina edo handia duten eremuetan teknika debekatzeko. Azkenik, hirugarren muga ingurumen azterketa estrategikoa izango da.
'Fracking'-ari muga, gertuago
EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk adostasuna berretsi dute.EAJk bost urteko etena defendatu du