Argindarra garraiatzeko sarean 13.590 milioi euroko inbertsioa egingo duela iragarri du Espainiak

2030era arteko plana da, eta industria sektorearen eta datu zentroen eskari handia betetzeko xedea du. Aagesen ministroak argindar konpainiei dei egin die banaketa sarean inbertsio gehiago egiteko.

Sara Aagesen Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroa, gaur Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
Sara Aagesen Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroa, gaur Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
Irune Lasa.
2025eko irailaren 12a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itzelezko dirutza. Hain zuzen, 13.590 milioi euroko inbertsioa egingo dute Espainiako elektrizitatea garraiatzeko sarea handitu eta hobetzeko, gaur Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak iragarri duenez.

Sareen datozen bost urteetarako planifikazio proposamena aintzat hartuta, hura garatzeko parterik handiena argindar eskaria betetzeko izango da; izan ere, ministerioak 7.000tik gora eskakizun jaso ditu horixe eskatuz, eskaera guztien %41. Energia sorkuntzaren konexio eskaerak, berriz, aurkeztutakoen %40 izan dira, eta eskakizunen %19 izan dira argindarra biltegiratzeko proiektuetarako.

Plangintza proposamen horren arabera, argindarra garraiatzeko sareak —Redeiak kudeatzen du— 27,7 GW zerbitzatuko ditu, 2026ra arteko planak aurreikusitako 2 GWak baino hamalau aldiz gehiago.

Aagesenek azaldu duenez, konexio eskarien hazkunde nabarmena argindarra banatzeko sarean ere ari da gertatzen, eta proposamenak aurreikusten dituen 422 konexio hedapenetatik 196 argindarra banatzeko sarerako izango dira —argindar konpainiek kudeatua—.

Aste honetan bertan, argindar konpainiek argitaratutako kontsumorako kapazitate mapetan, agerian geratu da argindarra banatzeko sarea lepo dagoela Espainian, eta baita Hego Euskal Herrian ere. Horren harira, ministroak dei egin die argindar konpainiei, lehia agintariek fakturetan ezarritako ordainsarietan jasotakoaz gain, «inbertsio ahalegin handiagoa» egin dezaten.

Bilera Madrilen

Argindarra banatzeko sareari eusteko konexioetan, 9 GW industria proiektuetarako izango dira. Hain zuzen, deskarbonizazioak eta berrindustrializazioak dakartzaten konexio beharrei garrantzi handia eman die Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan. Aagesen ministroak sareko kapazitatea handituko zaien erkidegoak aipatu ditu gaur, eta horien artean dago EAE. Segidan gaineratu du «zalantzarik gabe» industria dela planifikazioaren «protagonista».

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak begi onez hartu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren plangintza proposamena. Jaurlaritzaren arabera, erkidegoak 6.000 MW gehiago behar ditu, enpresen beharrei aurre egiteko. Datorren astean, ministerioa eta Industria Saila bilera bat egitekoak dira Madrilen, gai horretaz aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.