Argindarrak eta gasak %21eko BEZa daukate berriro

Elektrizitatearen zerga berezia %0,5etik %5,11ra itzuli da Hegoaldean. Erregaiaren gaineko BEZak %10ean eutsiko dio hilabetea bukatu arte gutxienez.

Zazpi eta hamar euro artean garestituko da argindarra ekainean. EDUARDO OYANA / EFE
Zazpi eta hamar euro artean garestituko da argindarra ekainean. EDUARDO OYANA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 1a
12:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Armen hotsak oraindik ez dira erabat isildu Persiar golkoan, baina Espainiako Gobernuak gerra horren harira hartutako neurri batzuk indargabetuta geratu dira. Horrela, gaurdanik %21eko zerga dute berriro argindarrak eta gasak, eta ez %10ekoa, azken bi hilabete eta erdian bezala. Ez da hori izango ehuneko normalera itzuliko den zerga bakarra: elektrizitate kontsumoaren gaineko zerga berezia %0,5etik %5,11ra itzuliko da. Pelleten, briketen eta erretzeko egurraren BEZa ere %21ekoa izango da.

Hala neurri batek nola besteak euro batzuk garestituko ditu Hego Euskal Herriko herritarren energia fakturak. Argindarra zazpi eta hamar euro artean garestituko da herritar gehienentzat, eta gasa, berriz, hiru eta bost euro artean. 

Garestitzea are handiagoa zatekeen baldin eta erregaiaren gaineko zergak ere gerraren aurreko mailara itzuliko balira. Baina, kasu honetan, ez dira betetzen martxoko dekretuan egoera horretara itzultzeko finkatutako irizpideak, gerraren aurretik baino nabarmen garestiago baitago petrolioa, eta, hortaz, baita haren eratorriak ere. Horrela, Iranen aurkako erasoaren aurretik 75 dolar inguruan salerosten zen Brent upela, eta ia hogei dolar garestiagoa da gaur. Argindarra eta gasa, ordea, ez dira hainbeste garestitu, iturri berriztagarrien ekarpena asko handitu baita udaberriko egun luzeen eta euriteen eraginez. 

Horiek horrela, gutxienez ekainaren 30era arte %10eko BEZa ordainduko dute gasolioak eta gasolinak, eta haien gaineko zerga berezia ere beheratuta egongo da. Gainera, garraiolarien, nekazarien eta arrantzaleen aldeko neurriek ere indarrean segituko dute.

Uztailetik aurrera zer gertatuko den erabakitzeko, bilera sorta bat hasi du Espainiako Gobernuak gizarte eragileekin. Baina Yolanda Diaz Lan ministroak gaur erakutsi du desadostasunak daudela gobernu horren barruan. Izan ere, Kongresuan egindako adierazpen batzuetan, Diazek (Sumar) «premiazko» beste dekretu bat eskatu du argindarraren eta gasaren gaineko zerga jaitsierak luzatu ahal izateko. Alokairuen prezioa izozteko ere eskatu du Lan ministroak, nahiz eta ildo horretako dekretu guztiak atzera bota dituen Espainiako Kongresuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE