Kazetari bati telefonoz adierazpen batzuk eginez AEBetako burtsa lasaitzea lortu zuen Donald Trumpek, eta baita petrolio upela 100 dolarren ingurutik —ia 120ra ere iritsi zen uneren batean— 90 dolarren bueltara apaltzea ere. AEBetako presidenteak gerra «bukatu samarra» zegoela esan zuen, «espero baino hobeto» zihoala.
Gero, prentsaren aurreko agerraldian, bere ohiko adjektiboak gehitu zituen: «Esan dezakegu sekulako arrakasta dela dagoeneko. Joan gaitezke aurrerago, eta joango gara, baina hiru egun igaro dira gerra honetan arriskurik handiena izan zenetik».
Horiek horrela, gaur iluntzean, Brent upela 90 dolarren inguruan da — ia 80 dolarrerra jaitsi da arratsaldean—, asteleheneko 119 dolarrak baino dezente gutxiago, baina Iranen kontrako erasoa hasi zeneko upeleko 72 dolarrak baino gehiago.
Asian, burtsek gora egin dute; gehien Hego Korean, Kospi %5,4 igo baita. Japonian, Topixek %2,5 egin du gora, eta Hong Kongeko Hang Sengek, berriz, %2,2.
Europan ere, zenbaki berdeak izan dituzte gaur burtsek. Stoxx Europe 600 indizea %1,9 igo da; Londresko FTSE 100, %1,9; Parisko CAC 40, %1,8; eta Madrilgo Ibex-35, %3.
Hain zuzen, Europan gas naturalaren prezioa ia %19 jaisten ari da arratsaldean, eta megawatt-ordua 45 euroan salerosten ari dira.

G7aren bilera
Astelehenean, Trumpen adierazpenen aurretik, albiste batek jaitsi zuen petrolio upela 120 dolarren bueltatik 100era: G7ko herrialdeak bilera egitekoak zirela erreserba estrategikoak merkaturatzea aztertzeko. Azkenean, erabaki zuten hori egiteko garaia oraindik ez zela iritsi. Eta, neurri batean, Trumpen bizkar gainean utzi zuten berriz ere upelaren prezioaren pisua.
Gaur, Frantziaren eskariz, berriz ere bilera bat egin du G7ak, petrolio erreserbez hitz egiteko. Gaur ere, erreserbak bere horretan uztea erabaki du taldeak. Hori bai, ziurrenez, merkatuei lasaitasun mezuak eman nahian, G7ak IEA Nazioarteko Energia Agentziari agindu dio prestatzeko agertokiak, erreserbak merkaturatzen hastea erabakiko balitz. IEAko zuzendaritzak bilera du arratsean, gaia sakonean aztertzeko.
Itsaso Gorritik
Saudi Arabian, Aramco konpainiak esan du egun gutxitan gai izango dela bere ohiko esportazioen %70eko mailara berreskuratzeko. Itsaso Gorriko Yanbu portua itsasoratu nahi dute petrolioa, putzuetatik hara doazen oliobideak ahalmen betean jarri eta egunean bost miloi upel garraiatu ahal izateko.
Normalean, egunean zazpi milioi upel esportatu ohi ditu Saudi Arabiak, gehien-gehienak Ormuzko itsasartetik, eta azken orduetan erabat etenda egon da trafikoa.
Arazoa izan daiteke ere oliobide horiek jomuga erraza direla Irandik iritsi daitezkeen erasoentzat. Ez da halakorik gertatu oraindik, baina Emirerrietan drone batek sutea piztu du Ruwais findegian, herrialdeko handienean, eta ekoizpena geratu egin behar izan dute; egunean 900.000 upel ekoitzi ohi dira han.
6,7Ekoizpen murrizketa, milioi upeletan Erasoak direla, ezin garraiatua dela, Saudi Arabiak, Irakek, Emirerri Batuek eta Kuwaitek haien ekoizpena nabarmen murriztu behar izan dute. Bloombergen arabera, guztira eguneko 6,7 milioi upeletan murriztu da ekoizpena, hots, munduan ekoizten den petrolioaren %6 inguru.
Aramcoko buru Amin Naserrek esan du gatazkak jarraitzen badu, «ondorioak katastrofikoak» izan daitezkeela petrolio merkatuarentzat, eta eragin «drastikoak» munduko ekonomiarentzat.
Trumpi dagokionez, uste zabaldua zen AEBetako presidenteak edonoiz aldarrika zezakeela garaipena eta gerra amaitutzat jo, baina zenbat eta aurrerago joan orduan eta zailago bihurtuko zitzaiola atzera egitea; erraza jakiten delako gerra nola hasi, eta ez, ordea, nola amaitu. Eta oraindik ere, argitzeko dago bukaera iristear den egiaz, zorigaiztoa ez baita amaitu Persiar golkoan. Areago, AEBek esan dute gaur orain arteko bonbaketa gogorrenak egingo dituztela iragarri dute.
Ildo horretan, Joe Bidenen administrazioko Estatu idazkari Antony Blinkenek esan du gerraren bukaera merkatuek edo munizioek markatuko dutela: batetik, Trump oso adi dagoelako burtsak eta bonuak ez ote diren gehiegi jaitsiko eta petrolioa gehiegi garestituko; bestetik, munizioak, alde baten edo bestearen misilak amai daitezkeelako halako batean.

TACO edo FAFO
Uste zabaldua da Trumpek ez duela besterik gabe esan «gerra arrakastatsua bukatu samar» dagoela, baizik eta merkatuek bultzatu dutela, gutxienez, krisia ixtear dagoela mezua ematera. Alegia, beste behin ere, Trumpek TACO (Trumps Always Chickens Out, Trumpek beti amore ematen du) egin duela, eta irtenbide bila dabilela.
Ikusi beharko da, hori bai, Iranek eta Israelek ere irtenbide hori ezartzeko modua ematen dioten Etxe Zuriari.
Eta esan gabe doa ez dela komeni Trumpez askorik fidatzerik, atzoko prentsaurrekoan bertan 168 neskatila hil zituen Tomahawk misila Iranek berak jaurti zuela esateko kapaz ere izan baitzen AEBetako presidentea.
Gero, badago pentsatzen duenik Trumpek TACO ez FAFO egin duela. FAFO (Fool Around and Find Out): Gotzon Garate zenak aurkituko zion baliokiderik: kerik nahi ez duenak ez dezala piztu surik.