Trumpek esan du Iranen kontrako erasoaldia «bukatu samarra» dagoela

AEBetako presidenteak ohartarazi du «akats larria» izan dela Mojtaba Khamenei Iranek lider gorena hautatu izana. Macronek iragarri du «inoiz ez bezalako itsas mobilizazio bat» egingo dutela Ormuzko itsasartean.

Irandarrak Teherango Enqelab plazan, gaur, Khamenei lider gorenari babesa erakusten. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irandarrak Teherango Enqelab plazan, gaur, Khamenei lider gorenari babesa erakusten. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Baigorri Perez - Julen Otaegi Leonet
2026ko martxoaren 9a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iazko ekainean esan zuen ukabilkada eman ziola Iranen programa nuklearrari, konorterik gabe utzi zuela, eta herrialdeari botatako kolpeei errematea eman nahi die orain: AEBek eta Israelek Ali Khamenei lider gorena zena hil zuten Iranen kontra hasi zuten erasoaldiaren lehen egunean, eta haren ordez Mojtaba Khamenei semea igo da ringera. Trumpek «pisu arina» deitu zion joan den astean, eta gaur ohartarazi du «akats larria» izan dela herrialdearen gidaritza berak propio aukeratutako bati eman ordez Khameneiri eman izana: «Ez dakit iraungo ote duen», esan du NBC telebista katean. Hori bai, izendapenak izendapen, AEBetako presidenteak geroxeago zera esan du CBS katean, Iranen kontrako erasoaldia «ia bukatuta, bukatu samarra» dagoela.

Erantsi du Ormuzko pasabidea «kontrolpean hartzea» pentsatzen ari dela. Eta zera jakinarazi du Juri Uxakov Kremlinen aholkulariak: Trumpek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur «ordubete inguruz» hitz egin dutela telefonoz. Iranen kontrako erasoaldia izan dute hizpide —Putinek «kontuan hartzekoak» adierazi dizkio «gatazkaren amaiera politikoa eta diplomatikoa agudo» lortzeko—, baita Venezuelako egoera ere. Ez du xehetasun gehiago eman.

Gerraren amaieraz hitz egin du Donald Trumpek gaur goizaldean, The Times of Israel egunkarian. AEBetako presidenteak adierazi du Irango gerraren amaiera Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera hartutako erabakia izango dela. Gaineratu du Iranek Israel suntsitzeko asmoa zuela —ez du frogarik erakutsi—, eta AEBak eta Israel batera aritu direla hori eragozteko: «Israel suntsitu nahi zuen herrialde bat suntsitu dugu».

Bitartean, bonbardaketek ez dute etenik izan gaur behintzat. Turkiako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi du Irandik jaurtitako beste misil bat atzeman dutela; NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aire defentsek erorarazi dute, martxoaren 4an beste misil batekin egin bezala. Ankarak ziurtatu du ez dela ezbeharrik izan, eta ohartarazpena egin dio Irani: «Beharrezko neurriak hartuko ditugu». Besteak beste, herrialdeko armada dozena erdi gerra hegazkin bidaltzekoa da Ziprera.

Halaber, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi du Iranek «pauso okerrak eta probokatzaileak» ematen jarraitu duela, eta geratzeko eskatu dio, ez baitu nahi bi herrialdeen arteko «mila urteko anaitasuna» bertan behera geratzea. Turkiako Anadolu albiste agentzia publikoak jaso duenez, Erdoganek gatazka are mendebalderago hedatzea eragotzi nahi du: «Gure lehentasuna da gure herrialdea su horretatik urruti mantentzea».

Israelgo aireko indarrek Irango hainbat azpiegiturari eraso egiten jarraitu dute. Irango armadaren komunikatu baten arabera, erasoek jo egin dituzte barne segurtasuneko indarren eta Basij talde paramilitarraren zenbait egoitza. Atzo ere Teherango lau petrolio biltegiren kontra egin zuen Israelek, eta hodei toxiko erraldoi bat zabaldu zen Irango hiriburuaren gainean. Irango Gobernuaren arabera, azken hamar egunetan 1.300 pertsona baino gehiago hil dituzte Iranen.

Irani ez ezik, Libanori ere eraso egiten segitzen du Israelek. Israelgo armadak esan du sarekadak egin dituela herrialdearen hegoaldean. Ohar bidez argudiatu du Hezbollah talde xiitaren «azpiegituren eta kideen» aurkako erasoa izan dela. Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, gutxienez 486 herritar hil ditu Israelgo armadak erasoetan.

Joseph Aun presidenteak «erabateko su etena» eskatu dio Israeli, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Adierazi du herrialdeko armada prest dagoela gatazka eremuak «berehala» kontrolatzeko eta Hezbollah armagabetzeko.

Horri lotuta, HRW Human Rights Watchek gaur salatu du Israelgo militarrak legez kanpoko armak erabiltzen ari direla Libano hegoaldean, eta fosforo zuria erabili dutela Yohmor herrian, herritarren aurka egiteko. Frantziak urgentziazko bilera bat eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, Libanoren «hondamendia» dela eta.

Iranen erantzuna ere iritsi da. Misil bidez egindako eraso batek bi pertsona hil ditu Israelen. Larrialdi zerbitzuek eman dute horren berri, eta zehaztu erasoek Israel erdiguneko zenbait eremu jo dituztela; hain zuzen, Ben Gurion aireportutik gertukoak eta Tel Aviv hirigunea. Martxoaren 1az geroztik lehen aldiz, Irango eraso batek hildakoak eragin ditu Israelen. 

Israeli ez ezik, eskualdeko herrialdeei ere eraso egin die Iranek gaur. Zehazki, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Kuwaitek, Saudi Arabiak eta Qatarrek salatu dituzte erasoak. Bahraingo Osasun Ministerioaren arabera, 32 lagun zauritu dituzte herrialdean, eta estatuko berri agentziak jakinarazi du Iranek petrolio findegi bati eraso diola. Kuwaiteko emirrak, Mixal al-Ahmad al-Yaber al-Sabahk, esan du herrialdeak erasoei erantzuteko eskubidea duela. Qatarko Defentsa Ministerioak jakinarazi du hamazazpi misil balistiko eta sei drone atzeman dituela.

Europaren eskolta

Esana zuen Frantziak nazioarteko koalizio bat eratzeko ekimena hartuko zuela, Irango gerraren eragin ekonomikoak arintzeko. Bada, gaur eman ditu Emmanuel Macron herrialdeko presidenteak ekimen horren inguruko xehetasun gehiago, Zipren egindako agerraldi batean. Jakinarazi du Europako herrialdeek «ahal bezain laster» bidaliko dituztela itsasoko indarrak Ormuzko pasabidera, bertatik igarotzen diren petroliontziak eta merkataritza ontziak eskoltatzeko. Esan du Charles de Gaulle hegazkinontzia, helikopteroak garraiatzeko bi ontzi eta zortzi fragata eramango dituela Frantziak hara.

Zipreko Paphos aireportu militarrean eman du Frantziako presidenteak egin asmo duen «inoiz ez bezalako itsas mobilizazioaren» berri. Hain zuzen, Ziprera joan da herrialdeari elkartasuna adierazteko, azken astean droneekin eta misilekin jasan dituen erasoak direla eta. «Zipreri eraso egiten diotenean, Europari egiten diote eraso», esan du Macronek. Iranek ukatu egin izan du Zipreri eraso egin izana, eta gauza bera egin zuen Turkian eta Azerbaijanen izan diren erasoekin.

(ID_15876770) CYPRUS FRANCE DIPLOMACY
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Zipreko eta Greziako agintariekin, gaur, Zipren.

Europako Batasunak bere jarrera zein den berretsi du gaur. Ursula von den Leyen Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, «ez litzateke malkorik isuri behar Irango erregimenarengatik». Bruselan gaur egindako mintzaldi batean, nabarmendu du Irango Gobernuak «errepresioa» erabili duela bere herritarren aurka egiteko, eta «eskualde osoa suntsitu eta ezegonkortu» duela azken asteko erasoen bidez. Hortaz, gogor egin du aiatolen sistemaren aurka: «Irandar askok ospatu egin dute Ali Khameneiren desagerpena, eta espero dute horrek Iran libre baterako bidea ematea».

Aldi berean, esan du ez duela zentzurik Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek eragin duten gatazka «beharrezkoa» den ala ez eztabaidatzeak; ez zaiola horri erreparatu behar, «dagoen egoerari» baizik. Ez du zuzenean esan AEBen eta Israelen erasoaldiak nazioarteko zuzenbidea urratzen duenik, baina zera adierazi du: «Arauetan oinarritutako gobernantza sistema bat behar dugu. Jakina, Nazio Batuen Erakundearen sistema ere birplanteatu egin behar da. Formatu tradizionalak eraginkorrak ez direnean, gure garaiko krisirik larrienak konpontzeko moduak aurkitzea dagokigu».

3

Zenbat aldiz handiagoa den Europak inportatutako arma kopurua. Azken bosturtekoan (2021-2025), hiru halakotu egin dituzte Europako herrialdeek arma inportazioak. SIPRI Bakearen Ikerketarako Stockholmgo Nazioarteko Institutuaren arabera, aldi horretan aurrekoan baino %27 gehiago inportatu dituzte AEBetatik. AEBek esportatu dituzte mundu osora esportatu diren arma guztien %42; 2016-2020ko aldian baino %6 gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!