Euskal Herriko energia komunitateen sareak, Ehnergiak, hilaren hasieran hautatu zuen bere kontseilu errektorea, eta haren buru jarri zuten Aritz Otxandiano (Otxandio, Bizkaia, 1979), Fagor taldeko iraunkortasun arduraduna. Trantsizio energetikoak «bulkada komunitarioa» behar duela ziurtatu du.
Martxoan sortu zenuten Ehnergia sarea; zer beharretatik abiatuta?
Euskal Herrian, azken urteetan, hainbat energia komunitate sortu dira. Gehienak txikiak dira, eta baliabide eskasak dituzte, eta, energia komunitatearen jardunean espresuki lan egiten duten langilerik ez dutenez, borondatezko lanaren bidez jarduten dute. Horregatik, zenbait behar asetzeko zailtasunak edukitzen dituzte; komunitate horiek batzeko sortu da Ehnergia.
Euskal Herriko energia komunitateak elkarrekin indartsuagoak izateko eratu da sarea, haien beharrei egitura sendo batekin erantzuteko. Bestalde, orain arte martxan jarri dituztenak baino energia-sorkuntza proiektu handiagoak bultzatu nahi ditugu Ehnergiaren bidez.
Zer dira zehazki energia komunitateak?
Energia komunitateetan, herritarrak euren kasa antolatzen dira energia beharrak asetzeko. Zehazki, behar duten energiaren ekoizpenean hirugarren eragile batzuekiko menpeko izan beharrean, euren kasa energia ekoiztea eta energiari lotutako beste hainbat behar asetzea –mugikortasuna, adibidez–.
Komunitate horiek forma juridiko bat baino gehiago izan ditzakete: elkarteak edota kooperatibak izan daitezke. Euskal Herrian azken urteetan sortutako asko kooperatibak dira, batez ere kontsumora bideratutakoak.
Nolakoa izan da Ehnergia eratzeko prozesua?
Udalbiltzaren babespean garatu da sarea eratzeko prozesua, eta soilik energia komunitateek hartu dute parte horretan: hasieran egin zen hautu bat da hori, komunitate horiek euren kasa antolatzeko eta haiek prozesua abiatzeko beharra ikusi baitzen.
Ondoren, behin prozesua mamituta, energiaren bueltan lan egiten duten gainerako eragileekin harremanetan jarriko gara hurrengo hilabeteetan, haiekin zer-nolako lankidetza izan dezakegun aztertzeko.
Zer izaera du sareak? Zer ekarpen egin diezaiokete eragileek?
Zenbait bazkide mota ditugu. Batetik, zerbitzu bazkideak: Ehnergiatik zerbitzuak jasoko dituzten erakundeak, energia komunitateak, esaterako. Bigarren, bazkide kontsumitzaile edo erabiltzaileak: sareak sustatuko dituen proiektuetatik zuzenean kontsumituko duten bazkideak, eta energia komunitateen bazkide diren edo ez diren pertsonak izan daitezke.
«Energia komunitateen oztopo nagusia da haien jarduna borondatezko lanean oinarritzen dela. Duten egiturak dakarzkien oztopoak gainditzea du helburu Ehnergiak»
Hirugarren, bazkide langileak daude: oraindik sarean langilerik ez badugu ere, aurrerantzean zenbait izatea aurreikusten dugu. Eta, azkenik, bazkide laguntzaileak Ehnergiaren garapenean laguntzeko borondatea duten eragileak dira: udalak, bestelako administrazio publikoak edo gizarte eragileak izan daitezke.
Zer ekarpen egingo dizkie energia komunitateei?
Ehnergiaren funtzio nagusia energia komunitateen beharrak asetzea da: besteak beste, bazkideen kudeaketari, administrazio eta kontabilitate auziei eta komunikazioari dagozkienak. Behar horien artean gehienak jada identifikatu ditugu, eta orain prozesu bat abiatuko dugu horiek sakon aztertzeko, askotan behar horiek tresna digitalak eta zerbitzuak garatzea eskatzen dute eta.
Sarearen bigarren lan ildoa, beranduago abiatuko duguna, energia komunitateek herrietan bultzatutako proiektuen osagarri moduan beste hainbat proiektu martxan jartzea izango da.
Zer garrantzi dute energia komunitateek trantsizio energetikoan?
Trantsizio energetikoak bulkada komunitarioa behar du: bulkada hori zenbat eta handiagoa izan, trantsizio energetikoa demokratikoagoa eta justuagoa izango da. Energia komunitateek ezin dituzte bete trantsizio energetikoaren behar guztiak, baina rol garrantzitsu bat jokatu dezakete herritarren energia beharrak asetzeko orduan.
Zein da energia komunitateen egungo egoera Euskal Herrian?
Energia komunitateek duten oztopo nagusia da haien jarduna borondatezko lanean oinarritzen dela. Azken urteetan proiektu asko ipini dituzte martxan, baina, duten egiturarengatik, oztopo eta muga nabariak dituzte. Hori gainditzea du helburu Ehnergiak, Euskal Herri mailako sare batean batzeak beste tamaina bateko proiektuak garatzeko aukera ematen baitu.
Bestalde, legeei dagozkien mugak ere badituzte. Izan ere, esparru legalak energi komunitateen garapena erraztu edo oztopatu dezake: adibidez, 2019aren aurretik, autokontsumoa zergapean zegoen, eta horrek zaildu egiten zuen energia komunitateek proiektuan martxan jartzea. Horrez gain, sare elektrikoarekiko —elektrizitatea garraiatzeko azpiegiturak mantentzen eta garatzen dituena— harremanean ere gehiago egin daiteke, energia komunitateak garatzeko tarte handiagoa izan dadin.

Eta zertan da trantsizio energetikoa Euskal Herrian?
Hegoaldeari dagokionez, egoera ezberdina da EAEn eta Nafarroan. Halere, ezaugarri amankomunak dituzte, bien elektrifikazio maila apala dela, adibidez —elektrizitatea ez da kontsumo osoaren %25era iristen bietan, eta gainontzeko kontsumoa erregai fosilak dira—, trantsizio energetikoak ezinbestekoa baitu erregai fosilak ordezkatzea.
Gainera, kontsumitzen dugun energia murriztu behar dugu, eta horretarako nahikotasun neurriak ezartzea beharrezkoa da, energia eskaria apaltzeko. Kontsumitzen dugun energia hori geure lurraldean bertan ekoiztea ere ezinbestekoa da, baliabide berriztagarriak baliatuz ahal den neurrian.
Zer pauso eman behar ditu orain Ehnergiak?
Ehnergia urriaren hasieran osatu zen formalki, eta, urte bukaerara bitarte, datozen lau urteetarako plan estrategiko moduko bat landuko dugu: plan horretan zehaztuko dugu zer lehentasun izango dituen sareak aurrerantzean, besteak beste. Aurretik aurreratu bezala, lehentasun nagusiak baliabideak eta zerbitzuak garatzea izango da, energia komunitateen beharrei erantzuteko. Espero dugu datorren urtean laguntza hori jada ematen hastea.