Arrasateko Dikar kooperatibak Ternua erosi du

Mondragon taldeko enpresa horrek ehizarako eta kiroletako eskopetak egiten ditu nagusiki. Ternua erosita, mendirako materialean eta Europako merkatuetan zabaldu nahi du.

Ternua taldearen denda bat, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Ternua taldearen denda bat, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 9a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxetik oso gertu aurkitu du Ternuak markari segida emango diona. Arrasatekoa da Ternua eta Gipuzkoako herri horretan du egoitza Dikar kooperatibak ere. Eskaintza gehiago bazeuden, baina Ternuaren konkurtsoa daraman epaitegiak Mondragon taldeko kooperatibarena hautatu du. Nagusiki ehizarako eta kiroletarako eskopetak eta osagarriak egiten ditu Dikarrek, baina mendirako materiala ere egiten du Columbus markaren bitartez, eta arlo horretan bere eskaintza zabaldu ahal izango du Ternuaren produktuekin. 

Ekainean hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen Ternua Groupek, hamasei milioi euroko zorra itzultzeko gaitasunik ez zuela eta. Orduz gero, Donostiako Merkataritza epaitegiaren aginduz, Salaverria y Uzkudun (Mazarredo Auditores) kontu ikuskaria kudeatzen ari da administrazio konkurtsoa; haren helburua da taldeko enpresak bideragarri egitea industria jarduerari eta enpleguari eusteko. 

Helburu horrekin, administratzaileak onartu egin du Dikarrek Ternua marka erosteko egindako eskaintza. Dikarrek berak eman du operazioaren berri, baina ez du jakinarazi zenbat diru jarriko duen, ezta Ternuaren zorraren zer zati hartuko duen ere bere gain. 

1969an sortutako enpresa bat da Dikar, eta Arrasaten du egoitza (Gipuzkoa). 250 pertsonari baino gehiagori ematen die enplegua, eta filialak ditu Aveiron (Portugal) eta Lawrencevillen (AEBak). Iaz ehun milioi euroren baino gehiagoren salmentak izan zituen, eta horietako %98 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin zituen.

Gaur egun sei markatako produktuak merkaturatzen ditu: Bergara eta CVA ―ehizarako eta kiroletako eskopetak. eta fusilak―, CVA ―munizioa―, Durasight ―eskopetetarako materiala―, BPI ―ehizarako poltsak, jantziak eta antzekoak―, eta Columbus ―kanpadendak, lotarako zakuak, mendirako materiala...―.

AEBetan aritzen da batez ere

Ternua erosita, Dikarrek bere eskaintza zabaldu nahi du, eta «outdoor sektorean duen posizioa indartu», kooperatibak agiri baten bitartez azaldu duenez. Sektore horretan, Columbus markarekin jarduten du; aire zabaleko jardueretarako ekipamenduan espezializatua dago hori. Dikarrek dio kirolaren eta mendiaren inguruko ezagutza tekniko sakona duela, eta kontsumitzaileen beharrak ere ulertzen dituela. Horrek «oinarri sendo bat» ematen dio «proiektu bateratu lehiakorrago, jasangarriago eta nazioarteko hazkuntzara bideratuago bat eratzeko».

Hain zuzen ere, Dikarrek batez ere AEBetan egiten du lan, eta merkatu harekiko menpekotasuna txikituko du Ternuaren eskutik, azken horren merkatua Europan baitago. Gainera, sinergia «naturalak» sortuko dira, produktuaren garapenean, marketinean, hornitzaileetan eta salmenta kanaletan.

Dikarrek azaldu du babestu egingo duela Ternuako enplegua. «Enpresa proiektu sendo, nazioartekotu eta lurraldearekin konprometitutako baten barruan, haren jarraipena bultzatuko dugu, Mondragonen balioekin koherente izanik». Ikusteko dago, ordea, proiektu berrian lekua izango ote dute Ternuan gaur egun aritzen diren langile guztiak.

Lorpenen operazioa

Ternuaren salmenta itxi aurretik, haren konkurtsoaren administratzaileak Loreak Mendian adarrarena bideratu du. Borobitex enpresaren esku geratuko da Donostiako kaleko modaren marka. Loreak Mendianen sortzaileetako bat eta Ternuan aritutako jendea dago Borobitexen atzetik. 800.000 euro ordainduko ditu Loreak Mendian-en truke, eta bere gain hartuko ditu hemeretzi langileak eta hiru dendak (Donostian, Bilbon eta Madrilen).

Ternua Groupeko bi adar geratzen dira konponbide eske: Astore (kirol jantziak) eta Lorpen. Azken horri eusteko asmoz, enpresa berri baten izena eman dute Nafarroako Merkataritza Erregistroan: Artain 25. Haren buruan azaltzen dira David Uria Ternua Groupen industria zuzendaria, Gerardo Ameztoi taldeko kontseilari ohia eta Josune Cordoba administrazioko kidea. Lorpenena da Ternua taldeak Euskal Herrian zuen fabrika bakarra, Etxalarren (Nafarroan), jantzi gehienak hemendik kanpo egiten dituztelako.

Lorpen 1985ean sortutako marka da Lorpen, eta 2014an batu zen Ternua Groupera. Gaur egun 50 langile ditu —horietako gehienak emakumeak—, eta mendirako galtzerdiak eta elastikoak egiten ditu. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.