Arteche taldearen irabaziak bikoiztu baino gehiago egin dira urtebetean

Irabazi garbia 19,9 milioi eurokoa izan da 2025eko lehen seihilekoan, eta salmentak 256,2 milioi euroraino iritsi dira.

Alexander Artetxe, Arteche konpainiako burua, enpresa burtsaratu zuten egunean, 2021eko ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Alexander Artetxe, Arteche konpainiako burua, enpresa burtsaratu zuten egunean, 2021eko ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Mungia
2025eko irailaren 8a
12:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai onak dira Artecherentzat: Mungiako (Bizkaia) energia sektoreko konpainia horrek 19,9 milioi euroko irabazi garbia izan du aurtengo lehen seihilekoan, 2024ko aldi berean izandako mozkinen bikoitza baino gehiago, alegia (+%168,5). Horri esker, bere plan estrategikoan ezarritako helburuak bete dituela baieztatu du, eta, horiek horrela, 2025aren amaieran 2026rako finantza ildoak eguneratuko dituela aurreratu du.

Artechek argindar sarerako ekipoak egiten ditu —transformadoreak, sentsoreak...—, eta ongi baliatzen ari da erregai fosilen kontsumoa gutxitu eta iturri berriztagarrietatik argindarra sortzeko mundu osoan egiten ari diren inbertsioak. Horien eskutik, urtarriletik ekainera bitartean salmentak 256,2 milioi eurorenak izan ziren, hau da, iazko lehen sei hilabeteetan baino %13,9 handiagoak. Handitzea espero zuen —%10eko helburua zuen bere finantza lerroetan—, baina espektatibak gainditu ditu. Artechek nabarmendu duenez, 2022ko lehen seihilekotik hona %64,1eko hazkunde metatua izan da.

Hurrengo hiruhilekoetarako lana ere ziurtatzen ari da. Kontratazioa %6,2 hazi da, 302,2 milioi euroraino. Mungiako enpresak azpimarratu du joera horrekin jarraituz gero balitekeela kontratazioak «bi digituko» gorakada izatea urte bukaeran. Zehazki, Sarearen Fidagarritasuna arloan kontratazioak izan duen gorakada nabarmendu dute konpainiako iturriek (+%44,3), baita Asia-Pazifikoko eskualdean ere (+%28,8), plan estrategikoan ezarritako helburu geografikoen eta negozio xedeen ildotik.

Zuzeneko marjina, termino absolutuetan, 94 milioira iritsi da urteko lehen sei hilabeteetan, %14,1 gehiago, salmenta bolumenen hazkundeak, produktuaren mixak eta, batez ere, barne efizientzien hobekuntzak bultzatuta.

Zerga aurretiko mozkinak (EBITDA) 38,3 milioi eurorenak izan zen lehen seihilekoan, eta horrek, Artecheren ustez, %55,6ko hazkunde «sendoa» adierazten du aurreko ekitaldiko aldi berarekin alderatuta, salmenten gaineko %15ekoa baita. Horrek planean ezarritako helburua gainditu egiten du.

Akziodunaren ordainsariari dagokionez, 2024ko ekitaldiko emaitzen kargura akziodunei 0,166 euroko dibidendua banatu die akzio bakoitzeko, duela urtebete emandakoa halako bi.

Ingurumen erronkak

Ingurumenarekiko hartutako konpromisoei dagokienez, Artechek karbono aztarna %35 murriztea lortu du, 2022ko datuekin alderatuta: «2030era begira, taldearen helburua da %50 murriztea», konpainiako buruek adierazi dutenez.

Era berean, iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren kontsumoa guztizkoaren %67 dela azpimarratu dute. Datu hori «esanguratsutzat» jo dute, 2024aren amaieran %59koa baitzen. Adierazi dutenez, «datu hori bat dator 2030erako %100ean berriztagarria den energia kontsumoa lortzeko helburuarekin». Bestalde, sortutako hondakin guztien %76 birziklatu eta berrerabili omen dituzte —2024. urtearen amaieran, %67—.

Bestalde, Artechek nabarmendu du zuzendaritza eta erantzukizun postuetan dauden emakumeen ehunekoa pixkanaka gora doala, %31ra igo baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.