Jabe berria dute Bilboko Indautxu hotelak eta Donostiako Amara Plazak, Hotusa taldea. Eta batean zein bestean, kostuak txikitze aldera, asmo bera adierazi du: gelak garbitzeko zerbitzua kanpoko enpresa baten esku uztea. Saiakera hori elkarretaratze baten bitartez salatu zuten joan den ostiralean Amara Plazako langileek, baina urrunago joan dira Indautxu hoteletakoak, greba egingo baitute bihartik hilaren 23ra arte.
ELAk azaldu duenez, hilaren 5ean eta 6an greba egin zuten geletako garbitzaileek beren kaleratzeak eta zerbitzuaren azpikontratazioa salatzeko, baina zuzendaritzak ez dio erantzun protesta horri. «Enpresaren isiltasuna eta mespretxua ikusita, langileek borroka areagotzea eta greba egun gehiagotara deitzea erabaki dute». Bihartik aurrera daude grebara deituta, eta, enpresak ezer egiten ez badu, hurrengo aste osoa ere iraungo du.Â
Sindikatuak dio gelak garbitzeko azpikontratatzen dituzten enpresetan langileek baldintza kaskarragoak dituztela hotelek zuzenean kontratatzen dituzten langileek baino. Gerta daiteke, gainera, langileak ez aldatzea, baina bai haien baldintzak. Ez dutela onartuko ziurtatu dute langileek, eta gogorarazi dute batzuek 35 urte daramatzatela Indautxu hotelean. «Ez dugu pribilegiorik bilatzen; errespetua eta lehendik genuena mantentzea besterik ez».
Silken katearenak ziren Indautxu eta Amara Plaza, baina urrian geratu ziren Hotusa taldearen menpe. Zehazki, haren Eurostar hotel katearen parte dira, beste 292 hotelekin batera —tartean, Iruñeko bi—. Indautxu 1990ean eraiki zuten, eta Amara Plaza, berriz, 1992an.