Auto ilara luzeak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, laborarien protesten eraginez

A63 errepidea oztopatu dute laborariek goizean. Lehen orduan bederatzi kilometrorainoko ilarak sortu dira AP-8an, Irunen.

A64 autobidearen blokeatzea, atzo. FRANÇOIS BERLAND
A64 autobidearen blokeatzea, atzo. FRANÇOIS BERLAND
Ion Orzaiz.
2025eko abenduaren 16a
08:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laborarien protestek ez dute etenik. Asteburuan A64 autobidea trabatu zuten, eta gaur goizean, berriz, A63a. Horrek trafiko arazoak eragin ditu Behobia eta Biriatu arteko mugaren bi aldeetan. Goizean goizetik, bederatzi kilometrorainoko ilarak sortu dira AP-8an, Irunen (Gipuzkoa), Baionarako noranzkoan. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Biriatuko ordainlekua zabalik da oraindik kamioientzat, baina, atzo gertatu bezala, Frantziako trafiko arduradunek hura ixteko agindua eman dezakete. Ondorioz, 7.500 kilotik gorako ibilgailuak ezinen dira igaro Iparralderako noranzkoan. 

Bestalde, Orain.eus agerkariak argitara eman duenez, muga pasatu ezinik gelditu diren kamioiak N-121-A errepidean pilatzen ari dira, Irunen. Horiek horrela, autoa hartu aurretik, trafikoaren unean uneko informazioa kontsultatzeko gomendioa egin du Jaurlaritzak, www.trafikoa.euskadi.eus webgunean eta 011 telefono zenbakian.

Ipar Euskal Herriko laborarien protestek Frantziako Laborantza Ministerioa dute jomugan: dermatosi nodular kutsakorraren kontra joan den astean iragarri zituen neurriak salatu dituzte, batez ere etxaldean kasu bat agertuz gero behi tropa osoa hiltzea inposatzen diena. ELB eta Confederation Paysanne sindikatukoak atzo arratsaldean bildu ziren Pirinio Atlantikoetako prefetarekin: «Elkarrizketara irekia» izan bazen ere, esan zuen protokoloa aldatzeko erabakia Laborantza ministroari dagokiola.

Nekazariek argi dute helburua: protokolotik kanpo nahi dute behi tropa osoen hilketa. Laborariei ez zaie onargarri kasu bakar batengatik behi guziak hil behar izatea, uste baitute halako erabaki batek anitz eragiten ahal diola lanbidearen etorkizunari. Funtsean, hori kentzea eta txertaketa hedatzea galdegin dute. Laborantza ministroak iragarri duenez, atzo abiatzekoa zuten txertaketa kanpaina Garona Garaiko Departamenduan; Ipar Euskal Herrirako datarik ez da jakinarazi. Anartean, mobilizazioek bere hartan segitzen dute, ezin jakin noiz arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.