Kontsumo pribatua da oraintxe ekonomiaren motor nagusia, eta hori ikusten ari da autoen merkatuan ere. Urtea hasi denetik 27.577 auto berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %17,5 gehiago. Irailean are handiagoa izan da hazkundea, ia %30ekoa.
Igoera hori auto elektrifikatuei zor zaie, errekuntza hutseko autoen salmenta amiltzen ari baita: aurten matrikulatutako autoen %19,5 dira gasolina ibilgailuak, eta dieselen kuota %3,4 baizik ez da. Auto hibridoak saltzen dira gehien —merkatuaren ia erdia, %46—, baina ikusten ari da bezeroak elektrifikazio sakonago baten apustua handitzen ari direla.
Horrela, hibrido entxufagarrien matrikulazioa ia hirukoiztu egin da aurten (+%172), eta jada merkatuaren %12,4 betetzen dute. Auto horiek gai dira beren bateriarekin gutxienez 50 kilometro egiteko —125era iristen dira modelo batzuk—, eta aukera bilakatu dira auto guztiz elektrikoek gaur egun dituzten mugen menpe egon nahi ez dutenentzat.
Baina trantsizioko ibilgailu horien aldeko apustua desberdina da lurraldeen arabera. Elektrifikazioan motelago doaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hor arrakasta handiagoa dute hibrido entxufagarriek (%12,9) elektriko hutsek baino (%9,6). Guztiz kontrakoa gertatzen da Nafarroan: aurten han matrikulatutako autoen %19,3 dira jada elektrikoak, eta hibrido entxufagarrien kuota %10,5 da.
Foru aldundiek ez bezala, Nafarroako Gobernuak zerga kenkariak ematen dizkie auto elektrikoa erosten dutenei, eta laguntza hori antzematen da salmentetan. Hori bai, ikusi beharko da zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, gaur egun indarrean dagoen beste laguntza publikoa, Espainiako Gobernuaren Moves plana, agortu egin baita Nafarroan.