Aziendentzako bazka batera erostea erabaki du Jaurlaritzak

Neurri horren bidez, abeltzaintzako ustiategietako abereak elikatzea bermatu nahi dute. Beroaren eta euri eskasiaren ondorioz, aziendentzako bazka urritu egin da.

Iker Iglesias Elikagaien Industriako zuzendaria eta Amaia Barredo Nekazaritza sailburua, gaur, Gasteizen. IREKIA
Iker Iglesias Elikagaien Industriako zuzendaria eta Amaia Barredo Nekazaritza sailburua, gaur, Gasteizen. IREKIA
Gotzon Hermosilla - Nora Azurza
2026ko abuztuaren 7a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo udako bero sapak eta euri eskasiak arlo askotan dute eragina. Abeltzaintzan ere bai: lehortearen ondorioz, bazka gutxiago dago abereentzat, zenbait ustiategitan hasiak dira udazkenerako eta negurako gordetakoak erabiltzen, eta, neurriak hartu ezean, baliteke egoera asko konplikatzea. Joan den astean, Eusko Jaurlaritzako Elikadurako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Arrantzako Sailak Bazka Mahaia eratu zuen, egoera aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko asmoz. Bada, Bazka Mahaiko kideek bilera izan dute gaur, Gasteizen, eta hartu dute lehenengo erabakia: Jaurlaritzak bazka batera erostea sustatuko du, abereak behar bezala elikatzea bermatzeko.

Neurriak egoeraren ondorioak gehien pairatzen ari direnei eragingo die batez ere, hau da, larreak ekoizpen sistemaren oinarritzat dauzkaten ustiategiei. Bazka batera erosita, tokiko ekoizpena lehenetsi nahi dute, bazka kanpotik ekarri ordez.

Elikadurako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok esan duenez, «arazoa larritu aurretik» jardutea izan da helburua: «Abeltzaintzako ustiategiek aziendarentzat behar dituzten elikagaiak eskura izatea nahi dugu, eta hori, ahal den neurrian, tokiko ekoizpenean oinarrituz eta sektore osoarekin erantzun koordinatua antolatuz lortu nahi dugu».

Datozen egunetan, Lursail kudeaketa zentroak inkesta bat egingo du abeltzaintzako ustiategien artean. Horren bidez, jakin nahi dute zeintzuk diren ustiategi horien benetako beharrak bazkari eta bestelako lehengaiei dagokienez, eta zeintzuk diren hornidura motarik egokienak haientzat. Datu horiek eskuan, erosketa bateratuak zenbatekoa izan behar duen kalkulatuko dute, eta «sektorearen premietara egokitutako erantzuna» antolatu.

Premiazkoena, jana lortzea

ENBA sindikatuak parte hartu du bileran, eta ontzat jo du han adostutakoa; haren iritziz, «gehien sufritzen ari diren abereentzako jana lortzea» da premiazkoena. Edonola ere, zehaztu dute arazoa, «orokorra» den arren, desberdina dela azpisektorearen arabera, eta abeltzaintza estentsiboan ataka are «larriagoa» dela. Erantsi dute mendien eskumena duten udal eta herri erakundeek lehentasuna eman beharko diotela ur hornidura bermatzeari, eta, halaber, eskatu dute «malgutzeko» abereei mendian jana ematea debekatzen duen araudia.

Abereentzako bazka bermatzea, horixe jo dute lehentasun nagusitzat, baina gainerako kontuak ez dituzte ahazteko: «Aurrerago izango da aukera aztertzeko lehorteak eta beroaldiak zer-nolako eragina izan duten gure baserrietako errentagarritasunean».

UAGAko presidente Edurne Basterrak, berriz, beste arazo batez ohartarazi du: bazka ez ezik, ur edangarria ere behar dute abereek. Azaldu duenez, bileran eskatu du ura larretara eramateko moduak aztertzeko, baina erantzun diote uraren auzia aldundien eta udalen eskumena dela. «Larreetan urik ez badago, abereak ukuiluetara eraman beharko dituzte jabeek, horrek dakartzan ondorioekin», adierazi du.

Bazka Mahaia sortuta, administrazioen, lehen sektorearen eta gainerako eragileen arteko «koordinazio gune iraunkor bat» eratu nahi du Jaurlaritzak, egoera bertatik bertara aztertzeko, informazioa trukatzeko eta hornidura bermatzeko neurriak hartzeko. Mahaiak arretaz erreparatuko dio egoeraren bilakaerari, eta, horretarako, datozen egunetan berriro elkartzea erabaki du.

Mahaia sortu aurretik, Jaurlaritzak azterketa bat egin zuen egoerari neurria hartzeko. Emaitzak argigarriak izan ziren: galdekatutakoen  %87k adierazi zuten iaz baino belar gutxiago batu dutela aurten beren ustiategian. Batez beste, %50 gutxiago bildu dutela zehaztu zuten. Ondorioz, bazka gutxiago izan dute aziendek, eta bai horrek eta bai beroak eragina izan dut esnearen ekoizpenean, adibidez: abeltzainek kalkulatzen dute egunean 5-7 litro gutxiago ekoizten dutela orain behi bakoitzeko.

UAGN-k gasolioaren zergak jaistea nahi du

Nekazaritzarako gasolioaren prezioa %40 igo da azken asteetan, eta gasolio litroak 1,40 euro inguru balio du orain. UAGNren arabera, traktoreek 200 litroko depositua dute batez beste, eta hura betetzeak 80 euro gehiago balio du. Nekazari eta abeltzainen sindikatuak ohartarazi du erregaiaren garestitzeak zuzenean eragiten diela sektoreko enpresa eta langileei, eta, beraz, zergak jaisteko eskatu du. 

Izan ere, nekazariek gogorarazi dute gasolioa oinarrizkoa dutela beren jarduerak aurrera eraman eta errentagarritasunari eusteko; lurra prestatzeko, ereiterako, animaliei jaten emateko, eta abar. UAGNko lehendakari Felix Bariainek esan duenez, «igotzen denean oso azkar igotzen da, baita gasolio merkea erosita ere. Aitzitik, jaisten denean, asko kostatzen da beherakada nabaritzea».

«Petrolio enpresak eta gobernua negozioa egiten ari dira kontu honekin, eta ekoizleek jasaten dugu kostuen igoera», azpimarratu du Bariainek. Esan duenez, gasolioaren zerga ez ezik beste baliabide batzuenak ere jaitsi behar dira ekoizpen kostuei aurre egin ahal izateko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA