Energia. Abiadura mugen aldaketa

Azkar joan, motel iristeko

Petrolioarekiko mendekotasuna murrizteko eta erregai gutxiago kontsumitzeko abiadura muga orduko hamar kilometro murriztea baino neurri sakonagoak hartu behar direla erantzun diote Espainiako Gobernuari.

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Erregaia aurrezten saiatu behar dela zabaldu du, baina horretarako neurri desegokia proposatu du. Espainiako Gobernuak ez du ia inor konbentzitu. Neurria ikusgarria da, zabalkunde errazekoa; baina haren eraginkortasuna oso zalantzagarria. Ez dela eraginkorra esan dute gidarien elkarteek; behin-behinekoa dela eta ez duela energia eredua aldatzeko balioko, talde ekologistek. Presaka jarritako adabakia, alegia.

Datorren astelehenetik aurrera autobideetako eta autobietako gehienezko abiadura orduko 120 kilometrotik 110era pasako da autoentzat, erregaia aurrezteko. Herrialde arabiarretako gatazkek petrolioa garestitu dute, eta Espainiako Gobernuak abiadura moteltzea erabaki du, egoera politikoa eta petrolioaren prezioa beren onera itzuli arte.

Baina neurriak ez du lortu ezta gobernuko kideen iritziak bateratzea ere: Alfredo Perez Rubalcaba gobernuko bozeramailearen arabera, gasolina erabiltzen duten autoek %15 aurreztuko dute eta gasolioa erabiltzen dutenek %11; baina Miguel Sebastian Industria ministroak onartu du gidariek erregai gastuaren %3 bakarrik aurreztuko dutela, «aditu guztien arabera».

Sebastianen esanetan, %3 aurreztuta ere, ez dago hainbeste aurreztea ahalbidetzen duen neurririk. «Gezurra», erantzun dio zuzenean Luis Murgiak, Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko errepide segurtasuneko eta mugikortasuneko aholkulariak. «Gobernuak gidariak gurpilak presio egokiarekin ibiltzera behartuko balitu, askoz ere eraginkorragoa izango litzateke erregaia aurrezteko».

Ez da txantxa. Gidari gehienek gurpilak behar baino hustuago dituztela gidatzen dute. Europan hamar gidaritik zortzi dira, Bridgestone pneumatiko ekoizleak 2009an egindako azterketa baten arabera. Europako Batasuneko hamabost herrialdetako 52.400 autoren gurpilen presioa aztertu zuen. Aire gutxiegirekin gidatzeak eragiten duen erregai gastua eta kutsadura kalkulatu ere bai: 5.200 milioi euro (4.000 milioi litro erregai) eta 9,3 tona karbono dioxido isurtzea. Ez da diru kontua bakarrik, baita segurtasun kontua ere. Gurpilak behar baino hustuago badaude, gidatzea arriskutsuagoa da.

Murgia gauza batean bat dator Sebastianekin: Espainiako Gobernuaren neurriarekin erregaiaren %3-4 inguru aurreztuko da, ez Rubalcabaren %11-15. «Ezta pentsatu ere», gehitu du, urteetako eskarmentuan oinarrituta, «ez da ez egia, ez serioa».

Ba Espainiako Gobernuaren informazio iturria serioa da. IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren arabera, Espainian gasolina kontsumitzen duen auto batek batez beste 8,58 litro behar ditu ehun kilometro egiteko, 120 kilometroko abiaduran; 110eko abiaduran, berriz, 7,64 litro. Alegia, %11 gutxiago. Gasolioaren kasuan ere aldea %11koa da: 6,09 litro orduko 120 kilometroko abiaduran eta 5,42 litro 110ean. Espainiako Gobernuaren kalkuluak egin dituen teknikariak eman dizkio datuak Ignacio Escolar Público egunkariko zutabegileari. IDAEren azterketaren arabera, neurriarekin 2.434 tona petrolio aurreztuko dira, 18 milioi upel, Espainiaren petrolio kontsumoaren %3,6.

Bestelako datuak ere badaude. Karlsruheko Unibertsitateko IWW institutuaren datuen arabera, auto batek 0,1225 euro gastatzen ditu kilometroko, orduko 120 kilometroko abiaduran, eta 0,1169 orduko 110 kilometroko abiaduran. Aldea %4,5ekoa da.

Gidatzeko ikastaroak

Gidarien elkarteek neurria kritikatu dute, bai RACE Espainiako Automobil Klubak, bai AEA Europako Auto Gidari Batuek, baita CEA Autoaren Europako Komisariotzak ere. Neurria ez dela eraginkorra uste dute. Heziketaren alde egin dute, gidariei erregaia aurrezteko nola gidatu behar den erakustearen alde.

Ohiko gomendioak dira, sarritan aipatuak eta errepikatuak —ikus beheko testua—, baina eraginkorrak. Kontsumitzen den erregai kopurua ez baitago abiaduraren mende bakarrik. Gidatzeko era garrantzitsuagoa da. EEE Energiaren Euskal Erakundearen datuen arabera, modu eraginkorrean gidatzeko ikastaroak egiten dituzten gidariek, batez beste, lehen baino %11,7 erregai gutxiago kontsumitzen dute. Kopurua gidatzeko moduaren araberakoa da, eta aurrezten dena %20tik gorakoa ere izan daiteke.

«Ez da abiadura kontua», Murgiaren esanetan, «gidatzeko modua aldatzea baizik». Autoa behar denean erabiltzea eta erabiltzen denean, zentzuz jokatzea.

Gainera, neurriak autobideak eta autobiak erabiltzen dituzten autoei bakarrik eragiten die, ez gainerako errepide guztiei, ezta gainerako ibilgailu guztiei ere.

Europan Espainiako Gobernuak bakarrik hartu du halako neurria, Europako Batasuneko 27 herrialdeetatik hamabostek Espainia baino abiadura muga handiagoa duten arren. Gainera, herrialde batzuk kontrako bidea egiten ari dira, hau da, autobideetako gehienezko abiadura mugak igotzen: Herbehereetan orduko 120 kilometrotik 130era igo zuten atzo zenbait autobidetan, atzo —gainerako errepideetan ere igoko dituzte—; Erresuma Batuan, berriz, orduko 70 miliatik 80ra —orduko 112 kilometrotik 128ra— igotzea proposatu du Phillip Hammond Garraio ministroak, bidaia azkarragoekin «produktibitatea handitzeko». Erregai gastua %20 handituko litzateke haren esanetan, baina gidarien esku utzi du erabakia: «Gidariek jakingo dute zer egin. Dirua aurreztu behar badute, balazta sakatuko dute». Erresuma Batukoak dira Europako errepide seguruenetakoak.

AEAk, berriz, ohartarazi du Espainian 1976 eta 1981 artean istripuen kopurua handitu egin zela, Espainiako Gobernuak autobideetako gehienezko abiadura muga orduko 130 kilometrotik ehunera jaitsi zuenean. Orduan ere petrolioaren prezioaren igoera izan zen abiadura moteltzeko aitzakia. Gaur egungo egoerak ez du 1976koarekin zer ikusirik: orduan baino auto gehiago daude, baina errepideak eta autoak hobeak dira.

Eguzki talde ekologistarentzat, abiadura murrizteko erabakiak «norabide egokia» du, baina behin-behinekoa da, eta «anekdota» bihurtuko da. Salatu du kontraesan hutsa dela petrolioa aurreztu nahi dela esatea baina autobideen eta autobien bitartez garraio indibidualaren aldeko apustua egitea, abiadura handiko trena bultzatzea eta Espainiako ikatzaren kontsumoa diruz laguntzea. Eguzkik proposamen bat egin du: autobideetako bidesaria kentzea lau lagun edo gehiago garraiatzen dituzten autoei eta beherapena aplikatzea hiru heldu eramaten dituztenei.

Argi gutxiago

Espainiako Gobernuak hartu du erabakia, baina Hego Euskal Herrian diputazioek eta Nafarroako Gobernuak aplikatu beharko dute. «Zentzugabekeria» da Eneko Goia Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuarentzat. Gipuzkoan datorren asteburuan aldatuko dituzte orduko 120 kilometroko abiadura muga erakusten duten 223 seinaleak. Araban, 80 dira. Eranskailuak jarriko dizkiete gainean. Arabako Foru Aldundiak 4.000-5.000 euro gastatuko ditu.

Autoek motelago eta Espainian ilunpean joan beharko dute autobideetan eta autobietan. Sustapen Ministerioak erdira murriztu nahi du errepideetako argiztapenean gastatzen dituen 25 milioi euroak, bonbilla eraginkorragoak jarrita, kaleargi batzuk itzalita eta ibilgailu gutxi dituzten errepideetan informazio panelak itzalita.

Neurriak zuzenean eragingo du segurtasunean. Aurreztea ondo dagoela baina arretaz eta arduraz joka dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.