Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Haizearen norabide geoestrategikoa aldatu egin da. Duela 30-40 urte, Europako enpresak Txinarantz abiatu ziren, hango kostu merkeak erakarrita. Orain, berriz, Txinako enpresak daude Europara begira. Fabrikak ezarri nahi dituzte. Txinako produktuen lehia mehatxu handitzat hartzen du maiz Europako industriak, eta, kezkatzeko arrazoiak badituzte ere, inbertsioak aukera handia izan daitezke. Txinako enpresak iristea, izan ere, Europako Batasuneko industria babesteko politikei erantzuteko estrategia baten emaitza izan daiteke; eta, konpromiso sendoagoa adierazteaz gain, modu bat ere izan daiteke beren industria Europan errotzeko eta beren ezagutza Europako ekoizle eta hornitzaileekin partekatzeko. Gauza bat argi baitago: badatoz, eta joera geldiezina da.
Ikusi gehiago
Prozesu horren erakusle, Espainia eta Katalunia. Azken hamar urteetan, Txinako enpresek 7.500 milioi euro inbertitu dituzte orotara, eta joera hori bizkortzen ari da azkenaldian. Izan ere, hango autogile batzuek Iberiar penintsula hautatu dute Europan lurreratzeko plataforma gisa. Batzuek, iraganean porrot egindako lantokiak erosi dituzte: Zhangsou Nissanek Santanako fabrika eskuratu du Andaluzian; Chery taldeak, Ebro marka berreskuratu, eta Nissanen lantoki zaharra bereganatu du Bartzelonan. Bestalde, Euskal Herrian automobil gehien saltzen duen Txinako MG markaren jabea, SAIC taldea, Galizian ezarriko da: fabrika bat eraikiko du Ferrolen, eta logistika zentro bat As Pontesen. Gainera, Stellantisek akordioa du Leapmotor bazkidearekin, haren auto elektrikoak Zaragozako eta Madrilgo fabriketan egiteko.
Lurreratze horretatik at geratu da oraingoz Hego Euskal Herriko industria. Orain arteko inbertsioak oso eskasak izan dira. Izan ere, azken 30 urteetan Txinako konpainiek 95 milioi euro inbertitu dituzte soilik. Adibide bakanak daude: duela zortzi urte, Txinako Cosco enpresak Noatum enpresaren %51 erosi zuen —Bilboko portuan edukiontziak kudeatzen ditu Noatumek—; 2000ko hamarkadan, berriz, Forjas de Iraetak Niu Yuyang bazkidearekin lankidetza hasi zuen Txinan sartzeko, denborarekin erlazio hura trinkotu egin da, eta gaur egun Iraeta Energy Equipment osatzen dute biek. Baina, enpresen erosketa puntualez harago, ez dago Txinatik etorri eta hutsetik altxatutako inbertsiorik. Oraingoz.
«Txinatik Europara datorren inbertsioak lurraldean ainguratuta egon behar du teknologikoki eta industrialki, eta, ondorioz, gurearen moduko ekosistemek abantaila dute»
EUSKO JAURLARITZA INDUSTRIA SAILA
Horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua besoak gurutzatuta daudenik. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Europako Batasunaren politikek ekarri behar lukete berekin Txinak Europan hutsetik hasteko inbertsio zuzenak egitea. «Europako Batzordea aztertzen ari da zenbait sektoretan baldintza gisa ezartzea Europako bazkide batek gehiengoa izatea partaidetzan, teknologiaren transferentzia eta tokiko produkzio bat gutxienez bermatzea. Ispiluaren aurrean jarri, eta Txinak berak hamarkadatan enpresei ezarritakoa exijitu behar zaio».
Lakuarentzat hori da bide egokia. «Txinatik Europara datorren inbertsioak lurraldean ainguratuta egon behar du teknologikoki eta industrialki, eta, ondorioz, gurearen moduko ekosistemek abantaila dute hura erakartzeko, hornitzaileak, talentua eta zentro teknologikoak baitituzte». Politikoki, irizpide hori argi du Jaurlaritzak: Txina izan edo beste herrialde bat izan, «balio erantsia, ahalmen teknologikoa eta kalitatezko enplegua sortuko dituzten proiektuak» erakarri nahi dituzte.
Nafarroan, Sodena sozietate publikoaren egituran, Invest in Navarra atala arduratzen da funtzio horretaz. Unai Irigoienek bost urte daramatza lanean bertan. «Gure lana da atzerriko enpresak erakartzea, baina beti inbertsio industriala egiteko. Proiektu estrategikoak izan behar dute. Guk ez dugu lagunduko McDonald's bat irekitzen soilik AEBetakoa delako, hori ez baita Nafarroarentzako luzarorako garapena», zehaztu du. Invest in Navarrak «leihatila bakar» gisa funtzionatzen du interesgarritzat jotzen dituzten egitasmoekin. «Nafarroako Gobernuko beste departamentu guztiekiko harremanak bideratzen dizkiegu, behar duten guztian zerbitzua eman eta inbertitzeko prozesua ahalik eta gehien erraztu, lurreratzea leuntzeko. Gerora ere behar duten guztian laguntzen diegu».
Pandemiaren ostean mundu mailako hornidura kateetan izandako arazoen ondorioz, industriari lotutako kateak Europara ekartzeko ideia nagusitzen hasi zen EBn, eta horri erantzunez, Nafarroan ikusi zuten atzerriko inbertsioa erakartzeko ahaleginean ikuspegia aldatu behar zela. «Ordura arte, erreaktiboak ginen; hau da, guregana iristen zen enpresen interesari erantzuten genion; ez genuen interes hori bilatzen. Duela hiru urtetik hona, berriz, proaktiboak gara».
«Guk ez dugu Txina lehentasunezko herrialde gisa identifikatu behar izan. Europan inbertsioa moteldu egin da, eta Txinako enpresak dira aktiboenak inbertitzeko orduan»
UNAI IRIGOIEN Sodenako Invest in Navarrako teknikaria
Estrategia aldaketa horretan, berehala ondorioztatu zuten Txina zela atzerriko inbertsioa egiten zuen herrialde nagusia. Duela bost urte, Invest in Navarrak aztertutako proiektu gehienak Europakoak ziren; orain «erdiak baino gehiago» Txinako egitasmoak dira. «Guk ez dugu Txina lehentasunezko herrialde gisa identifikatu behar izan. Europan inbertsioa moteldu egin da, eta Txinako enpresak dira aktiboenak inbertitzeko orduan». Irigoienek nabaritu du azkenaldian Txinako enpresak «oso-oso irekiak» daudela Europan fabrikak izateko eta tokiko enpresekin «enpresa aliantzak eta horrelako eskemak izateko».
Dena den, enpresak erakartzeko orduan, zer eskatzen du erreaktibo izateari utzi eta proaktibo izateak? Irigoienen arabera, Nafarroako Gobernuak sare oso bat du antolatua. Ate nagusietako bat ICEX Espainiako Esportazioen eta Inbertsioen agentziarena da, eta harengana heltzen diren egitasmo posibleak erkidegoei pasatzen dizkie. Klusterren eta merkataritza ganberen bitartez ere heldu daitezke eskaintzak.
Txinaren kasuan, arlo instituzionalak «garrantzi berezia» du, «konfiantza oso ondo eraiki eta landu behar baita», Irigoienen hitzetan. Nafarroako Gobernuarentzat atari nagusia CCPIT Nazioarteko Merkataritza Sustatzeko Txinako Kontseilua izan da. «Lehen harremana duela bi urte izan genuen. Ikusi zuten Nafarroa oso kide ona dela. Konfiantzaz jokatu dugu, eta beti informazioa bidali diegu, epearen barruan eta beste batzuek baino azkarrago». Luzarorako ikuspegia eskatzen du, baina arlo instituzionalak bidea erraztu dezake bai inbertsioak erakartzeko, bai eta Txinan inbertitzeko ere.
Hithium, zehazteko
Etorriko denari begira, izen bat nabarmentzen da: Hithium. 2019an sortutako Txinako konpainia horrek energia biltegiratzeko sistemak ekoizten ditu, eta, oso urte gutxian, mundu mailako puntako enpresa bihurtu da, CATLekin batera. Hala, Hithiumek Nafarroa aukeratu du bateria fabrika bat eraiki eta trantsizio energetikoari begira giltzarri den teknologia Europako merkatuan saltzeko. Dena den, proiektua oraindik ez da gauzatu.
Irigoienen arabera, hiru urte daramatzate hitz egiten, eta orain «egunero» ari dira gaia lantzen. Harremanak lantzerakoan, paradoxa bat antzematen da. Hithium bezalako enpresa batek fabrika bat oso azkar altxa dezake, baina, aldi berean, elkarren arteko konfiantza «oso motel» eratzen da. Hala, Nafarroako Gobernuak orain arte jakinarazi dituen urratsak Hithiumekin batera iragarri ditu. Zehazki aurreratu dutenez, Hithiumek ehun milioi euro jarriko ditu, eta Sodena sozietate publikoak 50 milioi. 400 milioi euroko inbertsioa finantzatzeko moduez hitz egin dute, baina xehetasun asko lotzea falta da oraindik. Horregatik, Nafarroako agintariak zuhur mintzo dira.
Hithiumen proiektuak, gauzatzen bada, ondorio bikoitza izan dezake, Irigoienen arabera. Izan ere, tamaina horretako proiektuek ahalmena dute «beste enpresa batzuk» erakartzeko. Bestalde, «oso estrategikoa» izan daiteke energia biltegiratzeko puntako enpresa batek Nafarroa hautatu izana Europan ezartzeko. 1990eko hamarkadan Nafarroako energia eolikoaren alde egindako apustuak sare ekonomiko sendo bat osatu du, ehun enpresatik gora ari dira lanean, eta, orain, Hithiumen ezarpenak «berriro ere aitzindari izateko aukera ematen dio» Nafarroari.