Txinaren 2.0 shocka

Tentuz eta urruneko argiak piztuta

Andres Herrerak, Herrera & Zhang enpresaren bitartez, aholkularitza ematen die Nafarroako Gobernuari eta enpresei, zenbait gauza jakitea funtsezkoa baita Txinarekiko harremanetan.

Geoalcaliren eta Txinako hiru funtsen arteko akordioa, 2025ean.  GEOALCALI
Geoalcaliren eta Txinako hiru funtsen arteko akordioa, 2025ean. GEOALCALI
joxerra senar
2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Hithiumen aurretik Txinako enpresa gehiago ahalegindu dira Nafarroan inbertitzen. 2012an, Foton Motorrek negoziazioak hasi zituen autobus elektrikoak egiteko, eta zortziehun enplegu sortzeko aukeraz hitz egin zen, baina ez zen gauzatu. 2018an, Txinako Sany taldeak asmoa azaldu zuen Nafarroan haize erroten berrikuntza zentro bat egiteko, baina egitasmoa ez zen aurrera atera. Azkenik, 2024an, Txinako hiru funtsek Muga meatokian 150 milioi finantzatzeko akordioa iragarri zuten, baina, proiektuaren beraren arazoen ondorioz, azkenean hutsean geratu zen.

Hiru adibide, hiru porrot. Andres Herrerak 25 urte baino gehiago daramatza Txinari buruz ikertzen eta ikasten, eta, haren ustez, ezjakintasuna norabide bikoitzekoa da. «Ez nau hainbeste kezkatzen txinatarrek guri buruz duten ezjakintasunak, baizik eta guk haiei buruz dugunak», azpimarratu du.

Duela bi hamarkada, Txinaren eta Espainiaren arteko erlazio diplomatikoei eta ekonomikoen inguruko doktore tesi bat landu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Tiananmengo 1989ko gertakariaz geroztik, Europako Batasunak Txina zigortzeko politikatik aldendu zen Espainiako Gobernua, eta Txinak sarbidea erraztu zien enpresei herrialdean ezartzeko. Politikoki, aukera hura bi erkidegok baliatu zuten batez ere: Kataluniak eta EAEk. «Gainerakoa basamortu bat zen». 

«Zenbait gauza jakin arte, Txinara ezin zara joan aholkularitza profesionalik gabe»

ANDRES HERRERA Herrera & Zhang-eko aholkularia

Haren esanetan, politikoki bi aldeek bi ikuspegi desberdin dituzte: hemen, Txinarekin harremanak lantzerakoan, «arlo ekonomikoa» nagusitzen da, eta azkenaldian ikuspegi pragmatiko hori nagusitzen ari da, Txina arerio geoestrategiko gisa ikusten dutenen aldean. Aitzitik, txinatarrek «ikuspegi estrategikoa» dute, eta han «diziplina humanitarioak eta historia oso garrantzitsuak dira». Herrerak gaineratzen duenez, «oso kontuan dute azken 250 urteetan zer gertatu zitzaien potentzia atzerritarrekiko harremanetan». 

Doktore tesia amaituta, enpresa munduari aholkularitza eskaintzeko aukera ikusi zuen Herrerak, eta Herrera & Zhang aholkularitza etxea sortu zuen. Nafarroako Gobernua da haren bezero nagusietako bat. «Gu ez gara klaseko azkarrenak: askok egindakoa egin dugu, eta bide bat planteatu dugu». Bide horretan, bi itsasertzetako estrategia landu dute, Txinarekin batera Taiwani ere garrantzia emanez. «Kataluniaren tamaina du, oso ekonomia sendoa, eta Nafarroako enpresa txiki eta ertain batentzat errazagoa da sartzea. Ez duzu erregistrorik egin behar, eta inportatzaileekiko kontaktua erraza da. Kontinenterako egokitzapena han egitea aholkatzen dugu». 

Politikoki, horrek oreka diplomatikoa eskatzen du, Txinaren eta Taiwanen arteko harreman gatazkatsua aintzat hartzea. Adibide bat baino ez da. Izan ere, Herreraren arabera, txinatarrekiko harremanetan «funtsezkoa» da aholkularitza izatea. «Zenbait gauza jakin arte, Txinara ezin zara joan aholkularitza profesionalik gabe. Enpresa batek abokatu bat edo patenteen aditu bat kontratatzen duen bezala lortu behar du aholkulari profesional bat. Horrek ez dizu ezer bermatzen, baina laguntzen du. Nik neuk ez dut pauso bat ematen nire Txinako eta Taiwango lantaldeari kontsultatu gabe». 

Elkar ezagutu

Aholkularien beharra norabide bakoitzekoa da. Txinako konpainiak uzkur izaten dira aholkularien aurrean, eta maiz tokiko komunitate txinatarrarengana jotzen dute. «Txinatarra izateak ez du esan nahi dena dakienik Txinari buruz, edo autoritate bat duenik hemen ere». Hala, uste du, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gai horren inguruko kezka izan behar luketela, garrantzitsua baita hautagaiek «aholkularitza profesionala» izatea. Haren ustez, beti komeni da tentuz ibiltzea, urruneko argiak jarrita.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA