Pauso bakarra falta da Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports eta Premier Marine konpainiak Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolaren jabe bilakatzeko. Asteburuan negoziatzen aritu ostean, arabiarrek atzo sinatu zuten salerosketa protokoloa —11,2 milioi euro ordainduko dituzte ontziolaren jabe bilakatzeko—, eta Eusko Jaurlaritzak, ohar bidez, egintzat eman du operazioa. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta langile batzordeak, ordea, zuhurtzia eskatu dute, langileekin akordioa ixtea falta baita oraindik.
Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak pozarren eman du albistea: «Gaurkoa egun handia da Euskadirentzat, gure industriarentzat, ontzigintzaren sektorearentzat, Zumaiako herriarentzat eta Balenciagako langileentzat eta haien familientzat, zeinek ziurgabetasun handiko hilabeteak pasatu dituzten». Horrela, salerosketa ofizialtzat jo du Jauregik. Jaurlaritzaren emakidak ere falta dira eragiketa bukatzeko, baina susmatu daiteke hori tramite soil bat izango dela.
«Epaileak erosleen proposamena onartu zuenean, baldintzetako bat zen lantaldeak gaur egun dituen baldintzak mantentzea»
IÑAKI OSTOLAZA Zumaiako alkatea
Bestelako adierazpenak egin ditu Zumaiako alkateak. Ontziola berriz ere martxan jartzea herriarentzat pozgarria litzatekeela esan du Ostolazak, baina albistea «kezkaz eta zuhurtziaz» ere hartu du. Gogorarazi du langileek enpresak proposatutako baldintzak onartzea falta dela, eta salatu du jabe berrien lehen proposamenak lan baldintzak okertzea eragingo lukeela. «Konkurtsoko administratzaileak, epaileak, erosleen proposamena onartu zuenean, baldintzetako bat zen lantaldeak gaur egun dituen baldintzak mantentzea», nabarmendu du.
Dena den, alkateak uste du arabiarrek beteko dutela eskakizun hori, eta datozen egunetan gauzatuko dela salerosketa. Enpresako iturrien arabera, langileekin akordioa urtea amaitu baino lehen sinatu beharko lukete.
Alkateak, bestalde, Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu du, hainbat hilabetez negoziatzen jardun ostean ardura langileen gain dagoela iradoki duelako orain. «Baldintza batzuk daude adostuta, eta errespetatu egin behar dira». Beharginek kobratu gabe jarraitzen dutela azpimarratu du, eta ez dela bidezkoa operazioa haien kontura egitea «azken orduan» —atzo iraungitzen zen arabiarren eskaintza—.
«Bere garaian argi utzi genuen salerosketak gure babesa zuela enplegua eta lan baldintzak errespetatzen bazituen»
DAVID TEJERA Balenciagako langile batzordeko presidentea
David Tejera langile batzordeko presidenteak ere zuhurtzia eskatu du, eta gogorarazi salerosketa prozesua ez dela amaitu. Europa Pressi egindako adierazpenetan, aipatu du ez dakiela Eusko Jaurlaritza zeri buruz ari den operazioa langile batzordearekin sinatu beharreko akordioaren menpe dagoela dioenean: «Bere garaian argi utzi genuen salerosketak gure babesa zuela enplegua eta lan baldintzak errespetatzen bazituen. Hori horrela bada, ez dugu sinatzeko arazorik izango».
Nola edo hala, esan du prozesua ahalik eta azkarren amaitzea espero dutela, eta salerosketa gauzatzea, «albiste on bat» kontatu ahal izateko. Langileak horren zain daude lanera itzultzeko, aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea amaitu zitzaienetik ez baitira lanean ari.
Abu Dhabi Portsek eta Premier Marinek hitzemana dute lanpostuak mantenduko dituztela; 59 kontratu mantenduko dituzte, tartean 55 urtetik gorako hamabost langilerenak, eta kanpoan geratuko diren bakarrak erreleboetan zebiltzan edo erretiroa hartzeko adina duten zazpi lagun izango dira.
Jabe erraldoia
Ondo bidean, beraz, 2025. urtea amaitu baino lehen egingo da ontziolaren jabe Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoa —Abu Dhabi Portsena da haren %51, eta Premier Marinerena %49—. Donostiako Merkataritza Arloko lehen Epaitegiak irailean eman zion oniritzia haren eskaintzari.
Iazko abendutik hartzekodunen konkurtsoan da Balenciaga, eta 21,5 milioi euroko zorra du —Cofides sozietate publiko-pribatuak 15 milioitik 8,5 milioira murriztu zion zorra martxoan—. Jabe berriek haren %30 ordaintzeko konpromisoa hartu dute, 7,1 milioi euro, baita langileei zor zaien zatia ere.
Arabiar Emirerri Batuetako taldearen parte bilakatzeari esker, Balenciagan ez da lanik faltako. Abu Dhabi Ports taldea erraldoia da, eta itsas garraioaren sektorean denetariko baliabideak ditu: terminalak ditu zenbait portutan, zona frankoak, gune logistikoak, zerbitzu digitalak eta abar. 50 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du, eta 247 itsasontziren jabe da. 2025. urteko bigarren hiruhilekoan 1.121 milioi euroren diru sarrerak izan zituen.