FINANTZAK

BBVAk ez dio utzi inoizko irabazi handienak izateari

3.878 milioi euro irabazi ditu urtearen lehen erdian. Erritmo horretan jarraituta, bankuaren inoizko urte onena izango da 2023a.

Carlos Torres Vila BBVA taldeko presidentea, Mexikon, artxiboko irudi batean. JOSé MéNDEZ / EFE
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 28a
09:06
Entzun

Irabaziak handitu eta handitu ari da BBVA. Aurtengo lehen erdian, 3.878 milioi euro irabazi ditu, 2022ko epe berean baino %31 gehiago. Joan den urtean, inoizko mozkinik handienak izan zituen, 6.420 milioi euro, eta, hemendik urte amaierara arte erritmo horri eutsiz gero, 7.500 milioi euroren irabazien langa gaindituko du.

Emaitza on horiek direla eta, akzioak berrerosteko programa bat abiatzeko baimena eskatu dio BBVAk EBZ Europako Banku Zentralari, 1.000 milioi euroren truke.

Urte berezia izaten ari da bankuen sektorearentzat. EBZ interes tasak igotzen ari da hilabetero (%4,25ean daude atzotik); halaber, igo egin da bankuek elkarren artean dirua trukatzeagatik kobratzen duten portzentajea, Euriborra, eta inoizko maila handienean dago. Horren eraginez, hipotekak inoiz baino garestiago daude, eta hipoteken tasak hain altu egoteak, tasa aldakorra dutenenak batez ere, bankuei diru asko irabazarazten die. Inflazio altuari aurre egiteko hasi ziren interes tasak igotzen iaz.

Interes marjinengatik, 11.410 milioi euro fakturatu ditu BBVAk, iaz baino %33,6 gehiago; bankuen negoziorik handiena da hori, kobratutako eta ordaindutako interesen arteko tartea, hain zuzen ere. Komisioengatik, 2.909 milioi euro sartu dira banku horren itsulapikoan, 2022ko epe berean baino ia %10 gehiago. BBVAren arabera, Mexikoko, Hego Amerikako eta Turkiako merkatuen funtzionamendu onagatik ari dira handitzen batez ere diru sarrerak.

Finantza operazioen diru sarrerak ia %30 murriztu dira, 773 milioi eurora.

Bankuen urrezko aroa

BBVA ez da irabaziak handitzen ari den banku bakarra; orokorrean, aipatutako egoera mesedegarria gertatzen ari zaio sektoreari. Kutxabankek eta Laboral Kutxak atzo argitaratu zituzten urtearen lehen erdiko emaitzak, eta biak ala biak abagune onean daude: Kutxabankek 250 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %53 gehiago, eta Laboral Kutxak, berriz, 109 milioi irabazi ditu, eta iazko mozkinak %69 handitu.

2022an ere inoizko mozkin handienak izan zituzten Hego Euskal Herriko eta Espainiako banku gehienek, energia enpresen moduan. Hori dela eta, 2023 hasieran Espainiako Gobernuak ezohiko zerga bat onartu zuen bankuentzat eta energia enpresentzat. Hala, zerga berri horren kontzeptuagatik 225 milioi euro ordaindu ditu BBVAk. Banku gehienak kexatu egin ziren, eta helegiteak jarri zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Nahiz eta ezohiko zerga hori ordaindu, inoiz baino gehiago irabazten jarraitzen dute entitate horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.