Bankuak

BBVAko presidenteak 8,3 milioi euro irabazi zituen iaz

Bankuak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu: 6.420 milioi euroren irabaziak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %38 gehiago.

Carlos Torres BVAko presidentea eta Onur Genç kontseilari delegatua astearte honetan Madrile egindako agerraldian. MARISCAL (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 14a
12:13
Entzun

Europako bankuetako buruzagien artean, Espainiakoak dira soldata hoberenak dituztenak. BBVAk astearte honetan jakinarazi ditu bere buruzagienak: Carlos Torres Vilak 8,29 milioi euro irabazi zituen 2022an, 2021ean baino %5,8 gehiago, eta Onur Genç kontseilari ordezkariak, berriz, 7,15 milioi euro, %4,9 gehiago. Gainerako kontseilariek 4,30 milioi kobratu zituzten orotara, aurreko urtean adina ia. Torresen soldata txiki geratzen da Santander bankuko presidente Ana Botinenaren ondoan: 12 milioi kobratu zituen iaz.

Xehe erreparatuta, BBVAkoak jaso duen ordainsariaren zatirik handiena aldakorra izan da: 4,6 milioi euro. Soldata finkoa ez da aldatu: 2,92 milioi; pentsio planerako urteko ekarpena 0,4 milioikoa izan da, eta espezietan 0,3 milioi jaso ditu.

Finantza erakundeak astearte honetan aurkeztu ditu iazko emaitzak, eta, azpimarratu duenez, inoizko emaitzarik onenak lortu ditu: 6.420 milioi euroren irabaziak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %38 gehiago. Akziodunen artean 0,43 euroko dibidendua banatu du, %39 gehiago. Dibidendu horrekin batera, akzioak berrerosteko 422 milioi euroko programa aurkeztu du, hau da, akzioko 0,50 euroko ordainsaria jasoko dute akziodunek.

Bankuen irabazi handien inguruko eztabaidak indarra hartu du azken egunetan, eta Espainiako Gobernuak urte hasieran indarrean sartu zuen zerga berria txiki geratu da askoren iritzian. Aldiz, AEB eta CECA bankuen patronalek auzitara joko dutela iragarri dute.

Europako Banku Agintaritzaren arabera, 2021ean, 221 goi buruzagik irabazi zuten milioi bat euro baino gehiago; eta hamar milioi eurotik gora irabazi zituzten seitik hiru Espainian zeuden. Hirugarrena Caixabankeko Gonzalo Gortazar da: 3,9 milioi euro.

Milioidunen taldetik gertu ibili izan da Gregorio Billalabeitia: Kutxabankeko aurreko presidenteak ia 900.000 euro patrikaratu zituen 2020an. Francisco Javier Garcia Lurueña kontseilariak 600.000 euro irabazi zituen.

Europako gainerako bankuekin alderatuta, Espainiako bankuak nabarmentzen dira bezeroei gordailuengatik gutxiago ordaintzeagatik: batez beste %0,7ko interesa ordaintzen dute epe finkoko gordailuen truke; eurogunean, berriz, %1,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.