EH Bildu, ERC eta BNG prest daude gutxieneko soldata propioen gaineko negoziazioak hasteko

Hiru alderdi independentistek adierazpen bateratu bat argitaratu dute. testuan, bat egin dute gutxieneko soldata propioen aldeko aldarriarekin, eta auziaren gaineko elkarrizketa politikoak abiatzeko asmoz dira.

Biharko greba deialdia babesteko elkarretaratzea, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Biharko greba deialdia babesteko elkarretaratzea, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 16a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak egindako greba deialdiaren atarian, EH Bilduk, ERCk eta BNGk adierazpen bateratu bat plazaratu dute, «Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako errealitate sozioekonomiko eta laboralera egokitutako gutxieneko soldata propioen alde». Hiru alderdiak prest azaldu dira auziaren gaineko negoziazioei ekiteko, eta urratsak eskatu dizkiete gainerako ordezkari politikoei ere.

ELAk eta LABek, Kataluniako eta Galiziako zenbait sindikaturekin batera, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin elkarrizketa erronda bat egin zuten; kanpoan utzi zituzten PP, Vox eta UPN. Hartan, sindikatuek gutxieneko soldata propioen alde egin zuten, eta Mixel Lakuntza ELA sindikatuko buruak ez zuen txartzat jo jasotako erantzuna. «Madrilen inork ez digu ezetz esan gutxieneko soldatari; han, partida jokatzen ari da oraindik», adierazi zion BERRIAri.

Bada, EH Bilduk, ERCk eta BNGk eskaera hitzez hitz jaso dute oharrean: «Gutxieneko soldata propio eta egokituak ezartzea». Alderdi independentistek azaldu dutenez, horrek xede luke langileen «nahikotasun eta duintasun parametroak bermatuko dituen oinarrizko lan baldintzak» eskuratzea.

Izan ere, uste dute estatu mailako gutxieneko soldata «uniforme» batek ez dituela kontuan hartzen lurralde bakoitzaren berezitasunak eta «lan arloko zein eremu sozioekonomikoen arteko desberdintasunak». Hala, kritikatu dute, berdintasuna lortzetik urrun, egoerak asimetria bat eragiten duela langileen nahikotasun irizpideari erreparatuz gero.

«De facto, beheranzko parekatzea dakar gure herrialdeetako langileentzat, bai lan baldintzei dagokienean eta baita soldatari dagokionean ere», azaldu dute adierazpenean. Horregatik, adierazi dute xedea dela estatu mailako gutxieneko soldataren gainetik ezarri ahal izango diren gutxieneko soldata propioak ezartzea: «Gure errealitate sozioekonomikoetara egokituta egon daitezen, eta haien bizitzak garatzeko soldata horien mende dauden milioika langileentzat nahikotasun eta duintasun atalaseak bermatzeko».

Sindikatuekin bat egitetik haratago, proposamenak aurrera egiteko beharrezko bideari heldu nahi diote alderdi independentistek: «Uste dugu aurrera egiteko eta bide politiko zein legegileak elkarrekin irekitzeko unea iritsi dela». Beraz, eskumen hori deszentralizatzeko helburuarekin, «beharrezko elkarrizketak eta negoziazioak» hasteko prest daude. «Gure nazioetako milaka eta milaka langileren bizi baldintzak hobetzeko ahalmena izan dezagun; hori da, eta izango da, gure azken helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA