Bergarako eta Zarauzko ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiten duten zentroetako langileek uztailaren hasieran abiatutako greba mugagabearekin jarraitzen dute, hitzarmen propio bat sinatzearen alde; eta Itasua enpresarekin duten gatazkak bere horretan dirau. Izan ere, ELAk eta LABek gaur eginiko agerraldian, grebalariek azaldu dute susmoak dituztela haiek ordezkatzeko kontratatutako langile baten inguruan, IATetan lan egiteko prestakuntzarik ez duelakoan.
«Kezka berezia eragiten digun gai bat da», adierazi du agerraldian Arantza Uranga ELAko kideak, zalantzak baitituzte dokumentu baten «benetakotasunaren» inguruan: hain zuzen, grebalariak ordezkatzeko langileak ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko beharrezko prestakuntza jaso duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
Ikusi gehiago
Hortaz, dokumentu hori ea benetakoa den azaltzea eskatu diote Itasua enpresari, ez baita «edozein lan» haiek egiten dutena: «IATetako azterketak ibilgailuen segurtasunarekin, errepideetako arriskuen prebentzioarekin eta ingurumenaren babesarekin lotutako zerbitzua dira».
Jaurlaritzaren erantzukizunak
Ordezko langilearen prestakuntza ziurtatzen duen dokumentua ikertzeko erantzukizuna, ordea, ez diote Itasuari soilik egotzi: «Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresana». Haien esanetan, Jaurlaritzari dagokio IATen jarduna kontrolatzeko eta araudiaren arabera egiten dela bermatzeko zeregina. Gainera, salatu dute IATeak, «herritarren segurtasunarekin« lotutako zerbitzua izanik, ezin direla enpresa baten «borondate onaren» menpe utzi: «Kontrol publikoak benetakoa eta eraginkorra izan behar du».
Bestalde, grebalariek gogoratu dute Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna ezarri diola Itasuari greba eskubidea urratzeagatik. Haien aburuz, greban dauden langileen ordezkapenak legea errespetatu behar du, eta azpimarratu dute ez dutela onartuko lan gatazka baten bitartean «prestakuntza baldintzak eta zerbitzuaren fidagarritasuna bigarren mailan» geratzea.
Gipuzkoan bost IAT zentro daude: Bergarakoa eta Zarauzkoa Itasuarenak dira; Irungoa, Urnietakoa eta Beasaingoa, berriz, Itevelesak kudeatzen ditu. ELAk azaldu duenez, Itasuako langileek urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte Itevelesakoek baino, eta urteko soldatan 2.000 eta 6.000 euro arteko aldea dago. Horregatik, soldatak KPIa gehi %3 igotzeko eskatzen dute, baita urtean 70 ordu gutxiago egitea ere.
Hiru eskaera
Gauzak horrela, Julen Mengibar Zarauzko IATeko langileak eta ELAko ordezkariak hiru eskaera egin dizkio Jaurlaritzari: lehenik, ordezko langilearen dokumentuaren inguruko «ikerketa formala eta zorrotza» abiatzea; bigarren, Itasuaren eta Jaurlaritzaren beraren erantzukizunak argitzea; eta, azkenik, enpresak eginiko irregulartasunak frogatuz gero, IATeak kudeatzeko eskumena kentzea.
«IATeak ezin dira interes enpresarialen eta kontrol faltaren menpe geratu», nabarmendu dute; eta, ondorioz, ez dute «isiltasunik» onartuko. Agerraldiarekin amaitzeko, grebalariek honako bi aldarrikapen hauek jarri dituzte erdigunean: herritarrek zerbitzu fidagarria merezi dutela eta langileek, berriz, haien eskubideak errespetatuak izatea.