Ilarak egon ohi dira Bergarako eta Zarauzko IATetan; ibilgailuak bata bestearen atzetik, azterketa egin zain. Ez da horrelakorik ikusten orain. Ibilgailuen azterketa teknikoak egiteari utzi diote langileek, eta tartea hartu dute beste kontu bat aztertzeko: beren hitzarmena. Zuzendaritzari esan diote ez dagoela gainditzeko moduan. 75Â egun egin dituzte greban Itasua enpresak Gipuzkoan dituen bi lantokietako langileek.
Bergarako lantokiko sarreran daude Eneko Castaño eta Itziar Murua ELAko ordezkariak, baita beste hamar langile inguru ere —LABeko ordezkariak ezin izan du etorri—. Karpa baten azpian daude, kanpinetan ikusi ohi diren aulkietan eserita, mahai baten inguruan. Hori da haien kanpamentua orain, astelehenetik ostiralera. Ingurua atonduta dute zenbait pankartarekin. Egoera azaltzen hasi dira.
Castañok esan duenez, ostegunean izan zuten bilera zuzendaritzarekin, eta, edukian sakondu ez zuten arren, posturak pixka bat gerturatzea lortu zuten, «oso gutxi». Beste bilera bat adostu dute: irailaren 28rako. Langileek hitzarmen propio bat eskatzen dute, eta lan baldintzak hobetzea. Zuzendaritzak, aldiz, oraingo hitzarmenari eutsi nahi dio, eta beste itun bat egin marko horren barruan.
Hitzarmenak «babesa» emango liekeela nabarmendu du Castañok: «Itun bat ez da legea. Enpresak hura urratzen badu, guk salatu egin beharko genuke, justiziara jo, eta epaile batek arrazoia emango liguke edo ez. Hitzarmena, aldiz, legearen barruan dago, eta enpresak zigorra jasotzen du ez badu betetzen, zuzenean».
Hala ere, zuzendaritzak hasieratik esan du itun baten alde dagoela, eta ez dituzte entzun hitzarmen propioaren inguruko eskakizunak. Ondorioz, langileek beste proposamen bat egin dute, Castañok azaldu duenez: «Proposatu diegu ituna izan beharrean greba amaierako akordio bat izatea, baina eskatzen ditugun edukiak errespetatuz. Esan ziguten pentsatuko zutela».
Itevelesaren hitzarmena
Nabarmendu dute hitzarmena edo ituna izan, gauza bera eskatuko dutela, eta datu batzuk eman dituzte. Soldatak KPIa gehi %3 igotzeko eskatzen dute, baita urtean 70 ordu gutxiago egitea ere. «Eskaera hori Gipuzkoako beste IATetan kobratzen denaren arabera egin dugu. Orain 2.000 eta 6.000 euro gutxiago kobratzen ditugu urtean kategoria berdineko langileek, eta eskatzen duguna onartuta 500 euro gutxiago lirateke; pixka bat azpitik baina antzeko. Orduei dagokienez, urtean 133 ordu gehiago egiten ditugu Itevelesakoekin alderatuta. Erdibideko zerbait eskatzen dugu; ez da beste munduko ezer», esplikatu du Castañok.
«Eskaera Gipuzkoako beste IATetan kobratzen denaren arabera egin dugu. Orain 2.000 eta 6.000 euro gutxiago kobratzen ditugu urtean»
ENEKO CASTAÑO Itasuako langilea eta ELAko ordezkaria
Izan ere, Gipuzkoan bi enpresa daude soilik ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko: Itasua eta Itevelesa. Bigarrenak, hiru lantoki ditu Gipuzkoan: Beasainen, Irunen eta Urnietan, eta langileek hitzarmen propioa dute. Hamar hilabeteko greba egin zuten hori eskatzeko, eta 2014ko martxoan lortu zuten akordioa.
Hiru aztergune horiek «kolapsatuta» daudela salatu dute orain Itasuako langileek, Bergarakoa eta Zarauzkoa itxita daudelako. «Hilabete inguru itxaron behar da txanda hartzeko, eta ikusten dugu ibilgailu IATrik gabe doazela. Beharrezkoa da; derrigorrezkoa da», ziurtatu du Castañok. Gaineratu du IATaren azterketa enpresa pribatu bati ematen zaion zerbitzu publiko bat dela, eta enpresak etekina ateratzen duela horretatik. Muruaren arabera, enpresak esaten du langileen eskaera onartzea «diru asko» litzatekeela enpresarentzat: «Esaten du bi milioi irabazi beharrean milioi bat irabaziko lukeela. Ez da egia, baina bueno».
Horiek horrela, langileek salatu dute enpresa gogor ari dela jokatzen. Langile bat kaleratu dute, eta beste sei daude zigortuta, soldatarik eta lanik gabe: Bergaran bi, eta gainontzekoak Zarautzen. «Enpresa salaketak jartzen ari da. Negoziatu beharrean, langileen aurkako salaketak jartzen ari da, haiek beldurtzeko eta lanean hastera behartzeko», salatu du Muruak.
«Enpresa salaketak jartzen ari da. Negoziatu beharrean, langileen aurkako salaketak jartzen ari da, haiek beldurtzeko eta lanean hastera behartzeko»
ITZIAR MURUA Itasuako langilea eta ELAko ordezkaria
Enpresak ere egin du ituna zertxobait hobetzearen alde, baina, langileen ordezkarien arabera, «ezin dute onartu». Gehienez 18 ordu murriztea eskaini du zuzendaritzak, eta soldata %1 igotzea. Horrez gain, murrizketak egiten saiatu dela ere esan dute: «Guk bajak beti kobratu izan ditugu %100ean. Hori kentzen saiatu dira. Ezin dugu onartu daukaguna kentzea, baina gainera hitzarmenak jasotzen duena baino gutxiago eskaintzea? Hortik ez gara pasatuko», adierazi du Castañok. Ingeniaritza enpresen eta bulegoen hitzarmen kolektiboa da Itasuako langileei ezartzen zaiena, eta itun propio bat dute, betiere marko horren barruan.
Gasteizen ere badu planta Itasuak, eta bertako langileek onartu egin zuten zuzendaritzak eskainitakoa. Horrek kalte egin die Zarauzko eta Bergarako langileei. Hala azaldu du Castañok: «Gasteizkoek onartu egin zuten enpresaren azken proposamena, besteok ez. Enpresak eraginkortasun mugatuko itun bat egin zuen orduan. Horrek esan nahi du gutxiengo batek sinatu duela, eta akordioa gutxiengo horri ezartzen zaiola soilik. Kontua da enpresak esaten zigula ituna sinatuta zegoela jada, eta ez zuela negoziatuko. Gu ez gaude ados, gutxiengo batek sinatu duelako soilik».

Eta horregatik hasi ziren greban, uztail hasieran. Ordutik zuzendaritzak «entzungor» egin diela salatu dute. Orain ari dira pixkanaka jarrerak gerturatzen. Horrez gain, lan ordezkaritzarekin bilerak egin behar dituztela jakinarazi dute, baita Eusko Jaurlaritzarekin ere, eta mobilizatzen jarraituko direla.
Hain justu, bi manifestaziora deitu dute: bata irailaren 24an egingo dute, Bergaran, eta bestea eta urriaren 1ean, Zarautzen; «nahi duena etor dadila». Castañok eta Muruak nabarmendu dute herritarrak langileen alde ikusten dituztela, eta eskerrak eman dizkiete, baita barkamena eskatu ere. «Herritar asko ari dira ondorioak jasaten, baina hori ez da gure intentzioa. Ez dugu beste aukerarik. Ez badugu greba egiten ezin ditugu gure baldintzak hobetu», adierazi du Castañok.