Bergarako eta Zarauzko IATetako lan gatazkan Jaurlaritzari «jarrera argia» hartzea eskatu diote

Grebalariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan mintzatu dira, instituzioei lau hilabete baino gehiagoko lan gatazkan zuzenean esku hartu dezatela exijitzeko.

Bergarako (Gipuzkoa) IAT zentroko behargin bat ibilgailu bati azterketa egiten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Bergarako (Gipuzkoa) IAT zentroko behargin bat ibilgailu bati azterketa egiten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 17a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bergarako eta Zarauzko ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiten duten zentroetako langileek lau hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, ELAk eta LABek deituta, Itasua enpresarekin hitzarmen propio bat sinatzeko helburuarekin. Haien esanetan, ordea, IATen jarduna kontrolatzeko eta araudiak betetzen dituela bermatzeko zeregina dagokien instituzioek oraindik ez dute esku hartu lan gatazkan. Hala salatu dute gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapeneko Batzordean eginiko agerraldi batean. 

Grebalariek ohartarazi dute lan gatazkak haien lan baldintzetan ez ezik, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatean eta segurtasunean ere eragina izan dezakeela. Hortaz, instituzioei —bereziki, Eusko Jaurlaritzari—, grebalarien eta enpresaren arteko negoziazioetan «benetako bitartekaritza» sustatzea exijitu diete, gatazka konpondu dezaten.

Soldatak KPIa gehi %3 igotzeko eskatzen dute grebalariek, baita urtean 70 ordu gutxiago egitea ere: finean, Gipuzkoan Itevelesa enpresaren esku dauden beste IAT zentroetako langileen baldintzetara hurbiltzeko.

EAEko IATen eredua zalantzan jarri dute Bergarako eta Zarauzko zerbitzuetako langileek: «Lankidetza publiko-pribatuaren ereduak enpresa pribatuei etekinak lortzeko aukera ematen dien bitartean, langileen lan baldintzak prekarizatzen eta eskubideak urratzen ditu». Hain zuzen, egoera horren ardura Eusko Jaurlaritzari dagokiola adierazi dute, eta, besteak beste, Itasuaren gaineko kontrolatzea eta langileen eskubideak zein herritarren interes orokorra bermatzea eskatu diote.

Ordezko langilearen susmoa

Aipatutako eskaerez gain, grebalariek Jaurlaritza ere zera exijitu diote: greba eskubidearen urraketari buruzko erantzukizunak argitzea eta grebalariak ordezkatzeko kontratatutako langilearen prestakuntza ikertzea. Izan ere, duela hilabete bat eginiko agerraldian, Bergarako eta Zarauzko IATetako langileek salatu zuten susmoak zituztela enpresak haiek ordezkatzeko kontratatutako langile batek ez zuela IATetan lan egiteko prestakuntzarik.

Zehazki, esan zuten «zalantzak» zituztela langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko beharrezko prestakuntza jaso duela egiaztatzen duen ziurtagiriaren «benetakotasunaren» inguruan. Horrez gain, gogorarazi zuten Lan Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna ezarri ziola Itasuari greba eskubidea urratzeagatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA