Iragarri dute lanuzte gehiago egingo dituztela Berriobeitiko Saint Gobainen

Urriaren 29an eta azaroaren 6an, 13an eta 14an lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean. 42 langileak kaleratzeko espedienteaz bestelako irtenbide bat nahi dute.

Berriobeitiko Saint Gobain. BERRIA
Berriobeitiko Saint Gobain. BERRIA
joxerra senar
2025eko urriaren 23a
10:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saint Gobainek Berriobeitiko langileak kaleratu nahi ditu, eta, orain, lan erregulazioko espedientea negoziatzen ari da sindikatuekin. Langileek greba egin zuten asteartean, eta orain iragarri  dute mobilizazio gehiago egingo dituztela. Urriaren 29an eta azaroaren 6an, 13an eta 14an lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean.

Aldeen arteko elkarrizketa egunetan egingo dituzte lanuzte horiek. Gainera, urriaren 30erako martxa bat antolatu dute Berriozarko sarreratik Nafarroako Parlamenturaino; han elkarretaratze bat egin, eta alternatiba bat bilatzeko eskatuko dute. Kaleratzeez bestelako irtenbide bat nahi dute. 

Batzordeak ohartarazi du ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago egitea «baldin eta negoziazioak blokeatzen badira». Urriaren 16an eta herenegun bildu ziren zuzendaritzarekin. Sindikatuek eskatu dute espedientea atzera botatzeko eta sei hilabeteko epea emateko kaleratzeez bestelako proposamen bideragarri bat bilatzeko. Salatu dute zuzendaritzak ez duela aintzat hartu eskaera. 

Berriobeitiko lantegia 1967koa da. AEBetako enpresa batek eraiki zuen, Nortonek hain zuzen, produktu urratzaileak egiteko. Konpainia hura, ordea, Frantziako Saint Gobainek erosi zuen 1990ean, eta, harekin batera, Berriobeitiko fabrika ere bai. Enpresa historikoa da Saint Gobain, 1665. urtean sortu baitzuten, beira egiteko. Gaur egun 63 lantoki ditu denera, eta 10.500 langile inguru. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.