Langileen aurrezkia bertako proiektuetan inbertitzeko eskaera azkenean fruitua ematen ari dela dirudi. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsio osagarrien federazioak jakinarazi du bere bazkideek dagoeneko mila milioi euro dituztela inbertituak hiru lurraldeetako enpresetan. Ez da kopuru izugarria —31.500 milioi eurotik gorako ondarea dute—, baina aldea bada aurreko urtearekin konparatuta, 2024 amaieran 352 milioi zirela esan baitzuten.Â
Euskal Herriko enpresetan inbertitzeko eskaintzarik ez zutela argudiatu zuen duela urtebete Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Elkarteen Federazioak, baina urtebetean gauzak aldatu egin dira. Batetik, Euskal Finantza Aliantzaren sorrera bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzak, hau da, bertako industrien errotzea sendotzeko eta berrindustrializazio bultzatzeko proiektu publiko-pribatu bat. Sinatzaileen artean zegoen BGAEen Federazioa bera, Kutxabankekin, Laboral Kutxarekin eta beste zenbait eragilerekin batera.Â
Aliantza horren asmoa zen 4.000 milioi jartzea —1.000 milioi Jaurlaritzak eta 3.000 milioi erakunde pribatuek—, «Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako finantza inbertsioak egiteko». Bide horretan, lehen urrats praktikoak ikusi dira. Talgoren kontrola hartu du euskal partzuergo batek, eta egoitza Arabara itzuli du, eta ziur aski datorren astean itxiko dute Ayesa ITren jabetza berreskuratzeko operazioa. Bi kasu horietan Jaurlaritzak bazkide gisa hartu du parte, Finkatuz funtsaren bitartez, baina ez, ordea, Uvescoren erosketan.Â
Partzuergo horientzat «kuadrillaren» kontzeptua baliatu du Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak. Eta BGAEak lagunarte horretara batzeko tresna gehiago izango dira aurki, Eusko Jaurlaritza dekretu bat prestatzen ari delako erakunde horiek halako proiektuetan parte hartzeko aukera gehiago izan dezaten, baina haien inbertsioei gutxieneko errentagarritasun bat bermatuz.
Izan ere, Ignacio Etxebarria Euskadiko BGAEen Federazioko buruak nabarmendu du pentsio osagarrien erakunde bakoitzari dagokiola dirua non inbertitu erabakitzea, eta beti kontuan hartzen dutela haien lehentasuna zein den: beren bazkideei pentsioa ordaindu ahal izateko kapitala izatea, eta horretarako inbertsio errentagarriak behar dituzte.
BGAE berriak
Federazioaren balantzeari dagokionez, 2025eko zenbakirik aipagarriena da bazkideen kopurua aurreko urteetan baino gehiago handitu dela. 2023tik 2024ra 13.000 batu ziren sistemara, baina iaz ia 25.000 izan ziren. Horrenbestez, 1,2 milioiren langa aurten gainditzeko moduan dira. Â
Bazkide berrien zati bat 2024an sortutako bi BGAE berriei zor zaizkie: 605 bazkide ditu autonomoentzako BGAE berriak, eta 7.820, berriz, Etorkizunak. Azken hori Cebek patronalak eta CCOO sindikatuak sortu dute Bizkaiko eraikuntzako langileentzat, baina haien helburua da lurralde horretako beste sektoreetara eta Arabara ere hedatzea. Geroa da haien eredua, 1996an Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenaren bitartez sortutako BGAEa, baina ondoren lurralde osora zabaldutakoa, eta jada 320.000 bazkide ditu. Haren eskutik, gaur egun Gipuzkoako langileen %41,1ek dute pentsio osagarri bat, Araban (%17,9) eta Bizkaian (%15,4) baino askoz gehiago. Nafarroan are gutxiago daude hedatuta.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da hiru lurraldeetako langileen %70k izatea pentsio osagarri bat —%24 dira orain—, eta hori lortzeko bide bakarra negoziazio kolektiboa dela ziurtatu du Etxebarriak. Onartu du ez dela erraza, baina langileentzat ona dela, «oraingo soldatari uko egiten zaion arren, etorkizuneko pentsioa handitzea dakarrelako».Â
datuak
31.667BGAEen ondarea, milioi euroan. Euskadiko BGAEen Federazioko bazkide diren pentsio osagarrien erakundeek 31.667 milioiren ondarea zeukaten 2025. amaieran, urtebete lehenago baino %6 gehiago. Inbertsioentzat urte errentagarri bat izateak ekarri du igoera. 32.693 milioi dira, federaziokoak ez direnak batuz gero (Mercedeseko langileena, esaterako).
887Bazkideei iaz zenbat eman zieten, milioi euroan. Erretiroa hartu duten bazkideei 887 milioi euro ordaindu zizkieten iaz, aurreko urtean baino hamar milioi gehiago. Bazkideek, berriz, 884 milioiren ekarpenak egin zituzten.
Â