Bi inbertitzailek proposamen bat egin dute Guardian eta Glavista berriro irekitzeko

VSF eta Gaviota enpresen proposamenak 400 lanpostu sortuko lituzke Aiaraldean. Mikel Jauregik «diskrezioa» eskatu du, baina iragarri du akordioa «lortzear» daudela.

Guardian lantegiko instalazioak, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Guardian lantegiko instalazioak, Laudion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko apirilaren 7a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Akordioa izenpetzea falta da, baina badirudi oso aurreratuta dagoela Guardian eta Glavista lantegiak berriro irekitzeko proiektua. Beiragintza sektoreko enpresa batek —Frantziako VSFk— eta toldoetan eta pertsianetan aritzen den beste batek —Herrialde Katalanetako Gaviotak— proposamen bat egin dute Laudioko beira egileak berriro irekitzeko.

«Akordioa ez dago guztiz itxita, baina industria proposamen oso interesgarria da, eta, gauzatuko balitz, oso albiste ona izango litzateke Laudiorentzat eta Aiaraldearentzat, industria sarea indartu eta enplegua sustatu ahal izateko», esan du Ainize Gastaka Laudioko alkateak (Araba) Radio Euskadin. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik ere baieztatu du albistea, ohar baten bidez: izenik aipatu ez duen arren, esan du harremanetan daudela bi inbertitzailerekin, eta akordioa «lortzear» daudela.

Azken egunotan, zurrumurruak bolo-bolo ibili dira, batez ere Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko zenbait arduradunek egindako adierazpenek hauspotuta. Asteburuan, Jauregik berak esan zuen espero zuela laster akordioa lortzea Guardian eta Glavista berriro martxan jartzeko, eta horrek «irtenbidea eta etorkizuna» emango liekeela azpiegitura horiei. Adierazpen horietan, «diskrezioa eta zuhurtasuna» eskatu zuen Jauregik, baina iragarpena bazen zerbait mugitzen ari zen seinale.

Zuhurtzia eskaerak gorabehera, zenbait hedabidek informazioak plazaratu dituzte akordio horren inguruan, eta horrek behartu du Industria Saila zenbait xehetasun ematera. Jauregiren arabera, hilabeteak eman dituzte «oso negoziazio konplexuak» egiten, eta, eragiketa ixteko, zortzi aurreakordio sinatu behar dira.

Aurreakordioak elkarri lotuta daude: beharrezkoa da denak aurrera ateratzea, eta, batek huts eginez gero, ez litzateke adostasunik egongo, baina Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagozkionak izenpeturik daude jada, eta zain daude ea gainerako eragileek ere gauza bera egiten duten.

Akordioa itxiko balitz, 80 eta 85 milioi euro bitarteko inbertsioa ekarriko luke horrek, eta Aiaraldean 400 lanpostu sortuko lirateke.

VSF eta Gaviota

Bi enpresak agertu dute interesa Laudioko lantegiak berriz irekitzeko. VSF Vitro Service France Frantziako talde bat da, eta, batez ere, autoetarako kristalak egiten ditu. Gaviota, berriz, Alacanten kokatuta dago (Herrialde Katalanak), eta hark etxebizitzetako beirak eta eraikuntza arloko bestelako itxiturak egiten ditu. Bi enpresen asmoa litzateke Laudioko azpiegituretan beharrezkoak diren inbertsioak egin eta han balio erantsi handiko beirak ekoiztea: adibidez, autoetako haizeetakoak, eta etxebizitzetako kristal bikoitzeko leihoetako beirak. Horrek ekarriko luke Guardian lantegiko labea berriro piztea; 2025eko urtarriletik itzalita dago.

Orain arte, Jaurlaritzak beste baldintza bat jarri izan du horrelako proiektuak bultzatzeko: Euskal Herriko eragileek ere parte hartzea egitasmoan. Guardian eta Glavista berriro irekitzeko proposamen horretan baldintza hori betetzen da, Javier Garcia enpresaburua baita proiektuaren sustatzaileetako bat. Guardianen aritutakoa da Garcia, eta 2023an Glavista eskuratzeko beste proposamen bat egin zuen.

(ID_14637490) (Endika Portillo/@FOKU) 2025-01-31, Laudio. Guardian eta SOS Aiaraldea enpresa batzordeak deitutako manifestazioa
Guardian ixtearen aurkako manifestazio bat, Laudion, iazko urtarrilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

2020an Guardianek Glavista filiala Suitzako Parter Capital inbertsio funtsari saldu zionean hasi ziren bi enpresen etorkizunari buruzko zalantzak ugaltzen. Guardianek beira ekoizten zuen, eta 1970eko hamarraldian Europako beira fabrikarik garrantzitsuenetako bat bilakatu zen; Glavistan, berriz, autoetarako haizeetako kristalak egiten zituzten.

Glavistak 2022an eten zuen produkzioa, eta 2023ko urrian erregulazio espedientea aurkeztu zuen; azkenean, 200 langile kanporatu zituen, nahiz eta 2024ko uztailean kaleratze horiek bidegabetzat jo Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak.

Guardianek, berriz, iazko urtarrilean iragarri zuen Laudioko planta itxi nahi zuela. Hurrengo asteetan inbertitzaile baten bila ibili zen Jaurlaritza, baina haren ahaleginek ez zuten fruiturik eman, eta apirilean espedientea gauzatu eta lantegian aritzen ziren 171 beharginak kaleratu zituzten.

Aiaraldeko egoera

Aiaraldeko industriaren egoera larria arintzen lagunduko luke akordioak. Glavista eta Guardian ixtea kolpe latza izan zen eskualdearentzat, eta horri gehitu zaizkio Maderas de Llodio egurgintza enpresako lan gatazka –35 langile kaleratu dituzte– eta Tubos Reunidosek aurkezturiko erregulazio espedientea —285 langile kaleratzekotan dira, baina sindikatuek iragarri dute helegitea jarriko diotela horri—.

Iazko azaroan, Aiaraldeko Industrializazioaren Aldeko Mahaia abiarazi zuen Arabako Foru Aldundiak, eskualdeko industria sustatzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA