Señorio de Sarria taldearen esne ustiategi batean lan istripu larria gertatu da astelehen goizean, Garesen (Nafarroa). Bi langile hil dira. Batek Jose Luis Coral Hidalgo zuen izena, 45 urte zituen, eta Gareskoa zen. Besteak (J. S. P.) 36 urte zituen, eta San Adriangoa zen (Nafarroa).
Nafarroako Gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, hutsik zegoen minda biltegi baten isurbidean harrapaturik geratu dira langileak. Foruzainek ikerketa bat abiatu dute ezbeharra zer-nola gertatu den argitzeko, baina, oraingoz, hau da hipotesi nagusia: langileetako bat isurbidera joan da, garbitzeko. Zeregin horretan ari zela, konortea galdu du –oxigeno faltagatik, segur aski–. Gertatuaz konturatuta, lankide bat hari laguntzera joan da, eta konortea galdu du hark ere.
Abisua jasota, suhiltzaileak, foruzainak eta helikoptero bat joan dira istripuaren lekura. Ordea, larrialdi taldeak heldu direnerako, langileetako bat hilda zegoen, eta bestea larri; ospitalean hil da.
Ikusi gehiago:Langile bat hil da bihotzekoak jota, Bermeon
Duela astebete, beste langile bat zauritu zen Garesen, aldamio batetik erorita, eta ostegunean hil zen. 58 urte zituen, eta herriaren erdiguneko eraikin bat berritzeko lanetan zebilen; aldamiotik erori, eta larri zauritu zen.
LABek salatu zuenez, aldamioak ez zituen betetzen beharrezko segurtasun neurriak. LABen arabera, «benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez da etengo».
Ollokin zauritutako ere hil da
Bestalde, gaur ere hil da maiatzaren 20an Cifan laborategien Ollokiko plantaren (Nafarroa) handitze lanetan oso larri zauritu zen 60 urteko langilea, Agustin Escobes Ecay atarrabiarra. Hiru metro baino gehiagoko altueratik erori zen eta buruko traumatismo larria izan zuen. Lesio horiek direla-eta Nafarroako hiriburuko ospitalean egon da ingresatuta.