Bilboko aireportuko zuzendaria

Ivan Grande: «Bilboko aireportuak badu aurrean erronka bat, baina ez nuke esango gehieneko ahalmenera iritsi denik»

Bilboko aireportuko zuzendariak dioenez, aztertu egin dute zeintzuk diren aireportuak dituen behar eta gabeziak, eta laster ekingo diote azpiegitura handitzeko proiektuak zirriborratzeari, oraindik eperik finkatu ez duten arren.

Ivan Grande, Loiuko aireportuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ivan Grande, Loiuko aireportuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Loiu
2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da udako egunik konplikatuena Bilboko aireportuan, Loiun (Bizkaia), eta, hala ere, jendea badabil batetik bestera; irteera aretoan, Italiako Bali-Parese aireportura joateko leihatilaren aurrean eratu dira ilararik luzeenak. Galtzak bete lan dihardu aireportuko zuzendari Ivan Grandek (Madril, 1978): bere bulegorako bide osoa telefonoz berba eginez eta mezuak trukatuz egin du. Hara iritsitakoan, baina, bestelako zereginak baztertu eta BERRIAren galderei erantzuteko prest azaldu da.

Iaz, Bilboko aireportuak zazpi milioi bidaiari baino gehiago izan zituen, aurreko urtean baino %4,2 gehiago. Aurten zelan doaz gauzak?

Oso ondo. Uztailean 806.000 bidaiari izan ditugu, hau da, iazko uztailean baino %16,8 gehiago. Urtarriletik uztailera %9,6 bidaiari gehiago izan ditugu iazko lehenengo zazpi hilabeteekin alderatuta. Nazioarteko trafikoa asko handitzen ari da —%27,7 uztailean—, eta Espainiako aireportuak helmuga dituzten hegaldien kopurua ez da neurri berean handitzen ari —%6,6 soilik—; horrek esan nahi du Bilboko aireportua nazioartekotzen ari dela.

Gainera, igoera ez dago soilik udako hiletan: apirilean eta maiatzean ere igoera nabarmenak izan ditugu, eta, adibidez, aurtengo maiatzean lehenengo aldiz gainditu genuen 700.000 bidaiarien langa. Urria, azaroa, otsaila... hil apalak ziren lehen, eta orain gero eta garrantzi handiagoa dute. Hori ona da aireportuarentzat eta lurraldearentzat.

Zein da aireportuaren gaur egungo argazkia?

30 konpainia baino gehiago ari dira hemen lanean, 70 helmugarekin egiten dugu konexioa, eta ehun bat ibilbide ditugu. Europako hiri nagusi guztiekin dugu konexioa, eta kontinenteen arteko bi linea ditugu, New Yorkekin eta Istanbulekin.

Linea berririk zabaldu da azken hilabeteotan?

Bai, hainbat helmuga berri ditugu: Casablanca (Maroko) Royal Air Maroc konpainiaren bidez, Split (Kroazia) eta Edinburgo (Eskozia) Vuelingen bidez... Wizz Air konpainiarena oso esanguratsua da: duela bi urte ez zuen linea bakar bat ere Bilbon, eta orain zortzi izango ditu: Krakovia eta Varsovia (Polonia); Budapest (Hungaria); eta Erroma, Napoli, Venezia, Milan eta Turin (Italia), azken hori irailetik aurrera.

«Egoera makroekonomikoa ez da ona, baina Bilboko aireportua erakargarria da»

Eta zein da hazkunde horren arrazoia?

Globalizazioaren ondorioz, hegazkin konpainiek munduko edozein lekutan jardun dezakete, eta, beraz, lehia lurralde eta aireportu guztien artekoa da. Testuinguru horretan, Bilboko aireportuan bidaiari eta ibilbide kopuruak gora egiteak esan nahi du atzean lan ona dagoela: instituzioena, lurraldea sustatu baitute, eta aireportuarena, zerbitzu egokia eskaini baitu.

Hortaz, Euskal Herria erakargarria da bidaiarientzat?

Turismoaren ikuspegitik, herrialdeak baditu hondartzak, kultur eskaintza, gastronomia eta abar. Kanpoko pertzepzioa da oso helmuga erakargarria dela. Baina, gainera, badu berrikuntzaren alde egiten duen industria sektore garrantzitsu bat, eta horrek ere bidaiari mota batzuk erakartzen ditu. Gurera etortzen diren hiru bidaiaritik bat negozioek bultzatuta etortzen da.

Eta, hala ere, badirudi testuingurua ez dela oso aldekoa: gerra Europan, ziurgabetasuna, erregaien garestitzea... Aldagai horiek eragina izaten ari dira?

Erantzunak baiezkoa izan beharko luke, baina datuak lehen aipatutakoak dira: bidaiarien kopuruak gora egin du, ibilbide kopuruak ere bai, konpainia gehiago ari dira Bilboko aireportuaren alde apustu egiten, hala nola Royal Air Maroc, United Airlines, Pegasus... Egoera makroekonomikoa ez da ona, baina Bilboko aireportua erakargarria da. Saiatzen gara gauzak ondo egiten: puntualtasun indizeak onak dira, zerbitzu egokiak eskaintzen dizkiegu bai konpainiei bai erabiltzaileei, eta konpainiek balioa ematen diote horri.

Hazkunde horren ondorioz, esan daiteke Bilboko aireportua gehieneko ahalmena gainditzetik gertu dagoela?

Erlatiboa da, sistemak hainbat azpisistema baititu, eta ahalmenaz hitz egiten dugunean, gauza askoren inguruan hitz egiten ari gara. Egia da gehieneko bidaiari kopuru bat buruan edukita diseinatu zela aireportua, baina geroztik hainbat lan egin dira ontziratze eremua hedatzeko, aparkalekuak handitzeko eta abar. Badugu aurrean ekin beharreko erronka bat, baina ez nuke esango gehieneko ahalmenera iritsi garenik.

«Metroak edo trenak iritsi beharko luke, baina prozesu hori aireportua handitzeko proiektuarekin uztartu beharko da»

Zertan da aireportua handitzeko proiektua?

Lehenengo fasea burutu dugu, guk azterketa funtzionala deritzoguna, hau da, xehe aztertzea aireportua osatzen duten azpisistema guztiak, eta orain bigarren fasea prestatzen ari gara: atzemandako beharrei erantzun zehatzak ematea. Hori egin ostean, ingurumen baimen, lizitazio eta gainerakoen garaia iritsiko da obrari ekin aurretik. Oso prozesu konplexua da; goizegi da epe bat emateko.

Gauez aireportua itxita egoten da. Ez duzue irekitzeko beharrik ikusten?

Konpainiek eskaera batzuk dituzte antolatu nahi dituzten hegaldi eta ibilbideen inguruan, baina guk arduraz jokatu nahi dugu, eta gaueko hegaldiak mugatu, badugulako konpromiso bat ingurumenarekin eta ondoan bizi diren herritarrekin. Uste dut eguneko tarte batzuetan oraindik hegaldi kopurua handitzeko aukera badagoela gaueko orduetara jo beharrik gabe.

Espainiako Barne Ministerioak emandako agindua, Italiatik datozen bidaiariei kontrolak zorroztekoa, nabaritzen ari da Loiun?

Espainiako Polizia Nazionalak du mugen inguruko eskumena, eta hura ari da neurri hori inplementatzen, baina ez da eragin operatiborik izaten ari. Orain arte ez da inolako arazorik egon, eta normaltasun osoz ari dira hori egiten.

Martxoan, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki zuten aireportuen alorrean «elkarrekin lan egiteko, koordinatzeko eta parte hartzeko» gune bat sortzea. Nolako eragina izango du horrek?

Oraingoz, gu eguneroko kudeaketan ari gara buru-belarri: konpainiei eta bidaiariei arreta ematen, zerbitzuak bermatzen, inbertsioak prestatzen eta abar. Hori da gure eguneroko jarduna.

Badago proposamen bat Bilboko aireportuari Agirre Lehendakaria izena jartzeko. Horren inguruan ba al duzue iritzirik?

Horrelako kontuetarako badaude prozedura batzuk, eta, kasu honetan, dagokion prozedura jarri beharko litzateke abian.

(ID_16347890) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2026-08-10, Loiu. Ivan Grande, Loiuko aireportuko zuzendaria10-08-2026, Loiu
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aireportuaren eta Bilboko erdigunearen arteko konexioak nahikoak al dira gaur egun?

Badakigu Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala lan garrantzitsua ari direla egiten lotura horiek hobetzeko, eta azken urteotan, adibidez, autobusen maiztasuna handitu egin da. Apurka-apurka, konektibitatea hobetzen ari da, Bilboko erdigunearekin ez ezik, Gasteizekin eta Donostiarekin ere bai.

Iritsiko al da metroa inoiz aireportura?

Metroak edo trenak iritsi beharko luke, baina prozesu hori aireportua handitzeko proiektuarekin uztartu beharko litzateke. Zenbat eta lotura eta garraiobide gehiago, orduan eta hobeto, bidaiarientzat onuragarria izango bailitzateke.

Iazko ekainean jarri zen abian Bilbo-New York linea, zuk zeuk «mugarri historikotzat» jo zenuena. Urtebete igaro ostean, zein da balantzea?

Oso positiboa. Iazko denboraldian hiru hilabetez aritu ziren, eta emaitzak onak izan ziren. Ibilbidea ezarri zuen konpainia, United Airlines, pozik zegoen emaitzekin, eta aurten ere gurekin daude. Asmoa da ahal den neurrian tarte luzeagoan eta maiztasun handiagoz jardutea.

Eta neguko denboraldirako zeintzuk izango dira berritasunak?

Wizz Air Bilboko aireportuaren aldeko apustu argia egiten ari da, eta dagoeneko iragarri du lau linea berri zabalduko dituela urrian: Valentzia (Herrialde Katalanak), Malaga (Espainia), Santiago de Compostela (Galizia) eta Wroclaw (Polonia). Vuelingek ere bost ibilbide iragarri ditu neguko denboraldirako: Granada (Espainia), Erroma, Venezia, Turin eta Napoli (Italia). Gainera, iragarri du bidaiarientzat 1,5 milioi leku eskainiko dituela, hots, %10 gehiago, eta datorren urteko udarako beste abioi bat jarriko dutela, zortzi orotara. Beraz, aurreikuspenak onak dira.

«Esango nuke [Bilboren, Forondaren eta Hondarribiaren arteko] harremana, lehian baino gehiago, osagarritasunean datzala»

Nolakoa izaten da konpainien eta aireportuen arteko negoziazioa? Adibidez, Unitedek iragarri zuenean Bilbo-New York linea irekiko zuela, zuk esan zenuen horren atzean «urtetako lana» egon zela.

Guk badugu konektibitate talde bat, eta hor aireportuak, Merkataritza Ganberak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute. Denak elkar hartuta joaten gara, eta hori funtsezkoa da, talde lana baita. Lanaren parte garrantzitsu bat da konpainiekin hitz egitea, merkatu global batean gaudelako, eta Europako edozein konpainiak edozein hiri aukera dezake jarduteko. Beraz, oinarrizkoa da konpainiak konbentzitzea eta ikusaraztea herrialdeak badituela kontu erakargarri ugari eta, beraz, hemen linea bat zabaltzea errentagarria izango dela. Eta aireportuak ere hainbat baliabide eskaini behar ditu operazio hori bideragarri egiteko.

Foronda eta Hondarribia lehiakidetzat dauzka Bilbok?

Esango nuke gure arteko harremana, lehian baino gehiago, osagarritasunean datzala. Bidaiariak Donostiatik irits daitezke, eta gero Gasteiztik joan, edo trenez, edo autobusez. Berdin dio horrek: garrantzitsuena da etor daitezela, eta hemen dauden bitartean gustura egon daitezela.

Bilboko aireportuko zenbait kafetegitako prezioak ez al dira gehiegizkoak?

Arautegia aldatu zenetik, AENAk ezin du prezioetan eskua sartu. Beraz, kafetegi edo jatetxe bakoitzak daukan politikaren pentzudan dago hori. Guri dagokigu bidaiariei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitatea zaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA