Bilboko portuko erdiko kai berriko lanak lau urtez atzeratuko dira gutxienez

Zuloa betetzeko lurrak hegoaldeko tren saihesbidetik eta Lamiakoko itsasadarreko tuneletik atera behar dituzte, eta, ondorioz, lanak ez dira amaituko 2031ra arte. Lehen seihilekoa ona izan da portuarentzat, batez ere inportazio handiengatik.

Edukiontziak garraiatzen dituzten bi edukiontzi, Bilboko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edukiontziak garraiatzen dituzten bi edukiontzi, Bilboko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2026ko uztailaren 17a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko portuaren azken handitzea izango dena espero baino geroago gauzatuko da. Erdiko kaiko lanak 2031. urtean amaitzea espero duela jakinarazi du Ivan Jimenez Bilboko Portu Agintaritzako (BPA) presidenteak. Lanen hasiera 2024ko urrian iragarri zen, eta 26 hilabete iraungo zutela esan. 2027ko urtarrileko data hori, baina, lau urtez atzeratuko da gutxienez, kaiaren ertzak ia eraikita dauden arren hura betetzeko lurren zain egon beharko baitu portuak.

Erdiko kai berriaren lanek zeresan handia eman dute azken urteetan Bilboko portuan, hura baita proiektu izarra. Itsasoari irabazitako 31 hektareako orube bat azaleratuko da, eta kilometro bateko kaia. Portuak beti esan du apustu handia dela eta hor kokatzen den proiektuak azpiegituraren etorkizuna baldintzatuko duela, 50 urterako eskuduntza izango duelako. Jakina da, halaber, bertan kokatu nahi duten enpresa askoren eskariak jaso dituela: industria jardunekoak, enpresa logistikoak, energia sarrera… Jimenezek berak berretsi du oraindik ere hautagai asko daudela mahai gainean.

«Ormuzko krisiak, trafikoei dagokienez, ez du eragin negatiborik izan gurean. Batzuek beste nonbait bilatu dute handik ekartzen zutena. Hori bai, ziurgabetasuna inoiz ez da ona luzera begira, enpresak geldiarazi egiten dituelako» 

IVAN JIMENEZ Bilboko Portu Agintaritzako presidentea

Erabaki hori hartzeko garaia, baina, asko atzeratuko da. BPAko presidenteak zehaztu du azpiegituraren ertzak eginda daudela, baina zulo erraldoia betetzeko —21 metro baino gehiagoko sakonera du— lurrek denbora beharko dutela. «Hura betetzeko, hegoaldeko tren saihesbideko eta Lamiakoko itsasadarreko tuneleko lurrak erabili behar ditugu. Ekonomia zirkularreko konpromisoek halako lanetako lurrei erabilera ematera behartzen gaituzte, eta lurrak nonbait berrerabiltzea laguntza handia da erakundeentzat eta aurrezkia guretzat. Baina bai, atzerapen nahiko handia da», azaldu du. Iazko martxoan BERRIAri emaniko elkarrizketa batean esan zuen lehen kontzesioak 2029an ematea espero zuela. 

Seihileko ona

Jimenezek portuaren urteko lehen seihilekoaren balantzea azaltzeko agerraldian eman du azalpena, eta atzerapen horrek pixka bat mikaztu ditu berez datu onak direnak. Lehen seihilekoan 17,3 milioi tona mugitu ditu portuak, iaz epe berean baino %12,3 gehiago —Pasaiako (Gipuzkoa) datua ere eman du: +%9,2-—. Dena den, nabarmendu du batez ere Petronorrek iaz bi hilabeteko eten teknikoa egin zuelako izan dela gorakada hori. Hori bai, argitu du pandemia osteko lehen seihileko onenetan bigarrena izan dela, eta otsailetik ekainera arteko tartea, azken hemezortzi urteetako onena. Urtarrila salbuetsi nahi izan du, itsaso oso txarreko egun asko egin zirelako —hilabete hartan %9 jaitsi zen jarduna—.

Datuei, baina, lupaz begiratu behar zaie, inportazioak (zama guztiaren %70) askoz handiagoak izan direlako esportazioak baino (%30). Granel likidoengatik izan da batez ere (+%32), eta, petrolio inportazioa %52 handitu bada ere, haren kopurua 2024koaren antzekoa izan da. Ez, ordea, gas naturalena (%11), produktu kimikoena (%12), eta gasolinarena (%117). Produktu horiek asko hazi dira aurreko urteetakoekin alderatuta ere.

Ivan Jimenez, elkarrizketako une batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ivan Jimenez Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea. ARITZ LOIOLA / FOKU

Herrialdeka, berriz, Errusiatik iritsi da zama gehien aurten (%13), ia dena gas naturala; ondoren, AEBetatik ere %13, eta hirugarren postuan Mexiko dago, %11rekin. Mexikoko trafikoa iazkoa halako bi da, eta ia osorik petrolioa izan da. Esportazioen helmuga handiena, aldiz, Espainia izan da, %23. Zergatik? Ormuzko itsasarteko krisia dela eta, hainbat enpresak Atlantikotik jaso dituzte Mediterraneotik jaso ohi zituzten produktuak. BPAk, esaterako, ongarri kimikoen kasua aipatu du.

Ormuz: kalte edo mesede?

Orduan, Ormuzko krisia ona izan da Bilboko portuarentzat? Jimenez, zintzo: «Trafikoetan ez du eragin negatiborik izan. Enpresa batzuek beste nonbait bilatu dute handik jasotzen zutena. Hori bai, petrolioaren gorakada ez da horregatik gertatu; beste produktu batzuena, agian bai. Baina ziurgabetasuna beti da txarra, eta luzera begira ikusiko dugu Ormuzkoaren kaltea handiagoa den ala ez».

Jimenezek, dena den, onartu du «kezkatuta» dagoela inportazio eta esportazioen arteko desorekarengatik; izan ere, granel likidoak albo batera utzita, inportazioak %14 hazi dira, eta esportazioak, %9: «Ez dakigu zergatik den, baina laster jakingo dugu. Bi arrazoi egon daitezke: enpresak asko erosten ari dira salmentek gora egitea espero dutelako, edo krisien beldur direnez lehengaiak pilatzen ari direlako. Iaz antzeko zerbait ikusi genuen, eta AEBetako muga zergen eraginaren beldur zirelako gertatu zen hori».

%13

Bidaiari kopuruaren gorakada. Aurtengo lehen sei hilabeteetan 135.117 bidaiari iritsi dira Bilboko portura, iaz epe berean baino %13 gehiago. 75.193 gurutzaontzietan iritsi dira, %37,6 gehiago; ferryetan iritsitakoak, berriz, gutxiago dira: 59.924 (-%8,2).

Eta edukiontziak? Haiek izan dira portuaren buruhauste handiena azken urteetan, eta, BERRIAk aurreratu bezala, haien beherakada eten du portuak. Trafiko horrek urteak zeramatzan beheranzko joeran, baina aurtengo lehen sei hilabeteetan %2,3 egin du gora, batez ere Hego Amerikako eta Kanadako lineengatik. Dena den, ez zirudien Jimenez oso pozik zegoenik, agian hazkunde handiagoa espero zuelako.

Ez da hori izan aho zapore gazi-gozoa utzi dion merkantzia mota bakarra, makineria eta erreminta mugimenduak %13 egin baitu behera iaztik hona, eta hor bai, esportazioak dira nagusi. «Euskal industriaren produktu guztia ez da hemendik ateratzen, eta hemendik ateratzen den produktua ez da Euskal Herrikoa bakarrik, baina termometro ona da euskal industriaren egoera neurtzeko, eta datuak ez dira onak».

jundiz eta zierbenako harrobia

Erdiko kai berria ez da Jimenezek aipatu duen Bilboko portu inguruko azpiegitura bakarra. Aurreratu du BPAk, Pasaiako Portuak, MSC konpainiak eta Arabako Aldundiak osaturiko partzuergoak irabazi duela Jundizko (Araba) tren lotunea kudeatzeko lehiaketa publikoa. Lehen BPAk kudeatzen zuen, eta esleipenari eutsi dio, besteak beste urtean handik pasatzen den edukiontzi kopurua bikoizteko asmoa duelako. Hogei urtera arteko lizitazio bat da. 

Bestalde, baieztatu egin du portuak Zierbenan (Bizkaia) dituen lurretan dagoen harrobi zaharrean argindar bateria parke bat ahalbidetu nahi duela. Eremuak 44.000 metro koadro ditu, eta egokitu egin behar da. Portuak kontzesio gisa eskainiko lioke enpresa edo erakunderen bati. Lurraren legezko izendapena aldatzeko tramiteak egin behar dira oraindik

.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA