Azken bost urteetako joera eten, eta edukiontzien trafikoak gora egin du Bilboko portuan

Martxoaz geroztik %6 inguru egin du gora kontainerren trafikoak. Edukiontzien terminala kudeatzen duen enpresak, Coscok, arku atlantikoko garabirik handiena inauguratu du.

Bilboko portuko garabi berria. BERRIA
Bilboko portuko garabi berria. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Santurtzi
2026ko ekainaren 15a
12:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haizea aldatu da Bilboko Portuan, eta azken urteetako edukiontzi odolustea eten egin da azken hiru hilabeteetan. Azken bost urteetan %32 apaldu da edukiontzien trafikoa —iaz %6,8—, baina aurtengo lehen sei hilabeteetan iazko antzeko kopuruetan dabiltza. Datu horrek beherako joera galgatu dela erakusten du, baina, bisturia sartuz gero, albiste onak uzten ditu portuarentzat. Izan ere, urtarrilean eta otsailean eguraldi oso txarrak ontzien trafikoa baldintzatu zuen; martxoan, apirilean eta maiatzean, aldiz, edukiontzietan mugituriko tona kopuruak %6 eta %7 artean egin du gora.

Kopuru horren gakoetako bat MSC konpainiak abian jarritako linea berriak dira: bat Kanadara eta beste bat Hego Amerikara. Gaur egun, Bilboko portura 328 metro luzeko ontziak sartzen ari dira, eta haiei eskaintzen zaien zerbitzua emateko garabi bat inauguratu du Txinako Cosco Shipping konpainiak gaur, Santurtzin. Hark kudeatzen du portuko edukiontzien terminala.

Garabi berriarekin, hogei edukiontzi ilara jar daitezke elkarren alboan. Egungo ontzirik handienen zabalerak ahalmen hori eskatzen du.

Orain arte bi garabi zituen, eta hirugarrenak asko areagotuko du edukiontziak mugitzeko ahalmena. 9,5 milioi euro gastatu ditu Coscok garabian; 83 tonako edukiontziak altxa ditzake, 56 metroko garaieraraino, eta hogei edukiontzi ilara jar ditzake bata bestearen alboan itsasontzi baten zabaleran. Beste bi garabiek ozta-ozta jar ditzakete hemeretzi.

«Bizpahiru urte barru, konpainia handiak 16.000 edukiontzi har ditzaketen ontziekin lanean hasiko dira: egungoak halako bi. Orain prest gaude haiei zerbitzua emateko», azaldu du Elvira Gallegok, Coscok Bilboko portuan duen zuzendari orokorrak. Nabarmendu du Bilboko portuko urak oso sakonak direla —21 metro— eta horrek itsasontzi handiak erakartzen dituela.

Portuen kudeaketa «integrala» eskatu du Pradalesek

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere egon da garabiaren inaugurazioan, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio Bilboko eta Pasaiako portuen «kudeaketa integrala» eskualdatzeko. Ez du azpiegituraren jabetza aipatu, baina bai haren jardunaren inguruan erabakitzeko ahalmen osoa. Zehaztu du eskuduntza hori ez edukitzeak tramite eta inbertsio asko atzeratzen dituela, eta portuak mugak dituela nazioarteko garraio konpainiekin negoziatzeko garaian.

Gallegok erantsi du garabi berria aurrekoak baino bizkorragoa dela, eta lanak ondo eginez gero ontziak portuan egiten duen denbora %15 laburtu daitekeela. «Konpainiek asko baloratzen dute hori. Ez da bakarrik zerbitzua eman ote daitekeen, baizik eta zenbat denbora behar den».

Bilboko Portua edukiontzi linea gehiago izateko lanean ari da, eta Gallegok ziurtatu du hitz egiten ari direla MSCrekin. Ivan Jimenez portuko agintaritzako presidenteak ere aukera hori hainbatetan aipatu du, baina ez du akordio berririk zehaztu. Negoziazioak bide onetik doazela dirudi, eta, lortuz gero, orduan bai, orduan benetan aldatuko lirateke edukiontzi trafikoaren joerak Bilboko portuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE