EH Bilduk eta Geroa Baik gutxieneko soldata propioari buruzko lege proposamena aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan

Bi taldeek uste dute legebiltzarrean eztabaidatu egin behar dela lurraldera egokitutako soldata bati buruz. UPNko parlamentari ohi batek begi onez ikusi du aukera, lurraldeen arteko desberdintasunak ez direlako aintzat hartzen gaur egun.

Unai Hualde (Geroa Bai) eta Laura Aznal (EH Bildu), artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Hualde (Geroa Bai) eta Laura Aznal (EH Bildu), artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko otsailaren 2a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain arte, Nafarroako Parlamentuak muzin egin dio gutxieneko soldataren inguruko eztabaidari, baina azkenik ezin izango du saihestu. EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamen bat erregistratu zuten ostegunean, eta gaur Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak tramiterako onartu dute eskaera. Datozen asteetan eztabaidatuko da langileen estatutua aldatzeko eta erkidegoek soldata propioa izateko proposamena.

Lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren alde egin duten sei sindikatuen proposamenarekin bat egin du lege proposamenak. Hain justu ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Nafarroan 80.000 sinadura bildu eta herri ekinaldi legegilea aurkeztu zuten aurretik, baina ez zen tramiterako onartu. Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitua dute martxoaren 17rako, eta iragan astean egin zen haren erregistroa Nafarroan.

Testuinguru horretan egingo da eztabaida politikoa. EH Bilduko Laura Aznalen zein Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, auzia ez da soldatak kopuru bat izatea, baizik eta Nafarroak «bere beharretara egokitutako lege instrumentu bat» izatea. Geroa Baiko parlamentariaren arabera, gaur egungo gutxieneko soldata «motz» geratzen da.

Aznalek gogora ekarri du produktibitate handiko lurraldea dela Nafarroa, eta etxebizitza batezbestekotik gora garestitu dela. Haren ustez, neurriak baldintza prekarioenak dituzten 80.000 langile ingururi egin diezaieke mesede, batik bat emakumeei eta gazteei: «Genero arrakala eta beste arrakala batzuk amaitzen lagundu dezake». 

Valdemorosen iritzia

Hain zuzen ere, UPNko parlamentari ohi batek, Maria Jesus Valdemorok, ez dio ihes egin eztabaidari, eta gai hori izan du hizpide Ser irratian kaleratutako iritzian. Haren esanetan, «eskema deszentralizatuago batek bide eman dezake gutxieneko soldata handiagoa izan dadin igoera hori hobeto barneratu dezaketen tokietan; hau da, langabezia gutxiagoko, bizimodu garestiagoko eta produktibitate handiagoko lurraldeetan». Onartu du gaia politikoki «delikatua» dela, baina galdera bota du: «Gutxieneko soldata bakar bat al da erremintarik egokiena hain ekonomia desberdinak dituzten lurraldeetan?».

Valdemorosek iragan hurbilean pisu handia izan du UPNko parlamentu taldeetan. Bera zen ekonomia arloko aditu nagusia. Alta, 2024ko ekainean parlamentari izateari utzi zion. Urte hartako apiril amaieran alderdiak egindako kongresuaren atarian, zentroko politika baterantz egin behar litzatekeela adierazi zuen, eta talka egin zuen UPNren egungo ildo politikoarekin. 

Bere iritziari buruz galdetuta, Esparzak izkin egin du gaur. Adierazi du ez dutela ikuspegi bat finkatu eta eztabaidari begira iritzi bat plazaratuko dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.