Nafarroan ere greba orokorrerako erregistroa egin dute sindikatuek

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek ofizialki erregistratu dute deialdia. 18.000 sinadura bildu zituzten gutxieneko soldata propioari buruzko herri ekinaldi legegilea bultzatzeko, eta bide hori blokeatu izana kritikatu dute.

Sindikatuetako ordezkariak, gaur goizean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sindikatuetako ordezkariak, gaur goizean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 29a
14:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenik Eusko Jaurlaritzan, eta orain Nafarroako Gobernuan. Gaur goizean, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek ofizialki erregistratu dute martxoaren 17ko greba orokorrerako deialdia Nafarroan. Leloa, noski, Hego Euskal Herri osoan bateratua izango da: Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko.

Aurretik, komunikabideei mintzatu zaizkie sindikatuetako ordezkariak, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Premiazkotzat jo dute gutxieneko soldata duin bat izatea, «hemen erabakitakoa eta hemengo egoera sozioekonomikora egokitua». Sindikatuen arabera, 1.500 euroko soldata izanez gero hobetu egingo litzateke 74.000 langileren egungo egoera, eta negoziazio kolektiboari begira ere ondorioak lituzke, «soldata handiagoak» lortzera bultzatuko luke eta.

Hegoaldean sindikatuek bultzatutako bideak blokeatu egin dira, baina Nafarroan ezaugarri propioak izan ditu blokeo horrek. Izan ere, bi aldiz saiatu ziren CEN patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin biltzen, baina elkartzeari muzin egin zioten eragile horiek. Gainera, soldata propioa eskatzeko eztabaidarako proposamena atzera bota zuen Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeak. Gerora, 18.000 sinadura bildu ziren horri buruzko herri ekinaldi legegilea bultzatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, CCOOk eta UGTk ontzat jo zuten eztabaida, baina Nafarroan, CEN patronalarekin lerrokatu eta bide hori blokeatu izana leporatu diete sindikatu deitzaileek. Era berean, esan dute patronalak eta Nafarroako Gobernuak «erantzukizun zuzena» dutela gaur egungo egoeran. «Ezin da neutrala izan soldaten galera orokortua dela ikusita, ezta albo batera begiratu ere lan baldintzak okertzen ari direla ikusita».

Foru Hobekuntzaren erreforma

Hilabete eta erdi geratzen da greba orokorrerako, eta datozen asteetan langileei eta herritarrei grebarako arrazoiak azaltzen jarraituko dute. Haien esanetan, greba «tresna kolektibo eta legitimoa da».

Helburuetako bat da gutxieneko soldata propioa «ezinbesteko aldarrikapena» izatea Foru Hobekuntza berritzeko eztabaidari begira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.