Bizkaiko arte grafikoetako langileek hitzarmena berritu dute

Hamabost urte egon dira ituna eguneratu gabe. %20ko soldata igoerak adostu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Cebek patronalarekin.

Bizkaiko arte grafikoetako langileen mobilizazio bat, 2024an, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko arte grafikoetako langileen mobilizazio bat, 2024an, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko martxoaren 26a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzarmen berria izango dute Bizkaiko arte grafikoetako langileek. Ia hamabost urte egin dituzte hura berritu gabe, eta, azkenean, ados jarri dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eta Cebek patronala. Azkeneko negoziazioak bertan behera geratu ziren, martxoaren erdialdean. Ez zirudien auzia azkar konponduko zenik, baina, azkenean, lortu dute aurreakordioa sinatzea. 1.900 langile ditu sektoreak, eta grebara deituta zeuden martxoaren 18tik apirilaren 1era arte. Astebete egin dute greban.

Soldatak %19,5 igotzea adostu dute bi aldeek, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako nominetan aplikatuko da igoera hori. 2011tik zeuden soldata taulak eguneratu gabe, eta azken hamabost urteetan Bizkaian pilaturiko KPIa %37,5 da izan da.

Horrez gain, 2026ko KPIaren araberako igoera hitzartu dute 2027rako; %2,5 gutxienez eta %3,5 gehienez. KPIa %3,5 baino gehiago igotzen bada, 2028rako ezarriko da gainerakoa.

Soldaten igoerez gain, lanorduen gutxitzea ere sinatu dute aurreakordioan: 1.698 orduko lanaldia 2026rako, eta 1.694koa datorren urterako. Cebekek akordioa lortzeko enpresek egin duten «esfortzua» nabarmendu du, eta erantsi datozen egunetan sinatuko dela behin betiko hitzarmena.

Borroka luzea

Urte luzez aritu dira sindikatuak eta patronala negoziatzen. «Denbora horretan, sektorean prekarizazio handia izan da, enpresa gehienak akordio propiorik gabe egon dira», adierazi du LABek, ohar bidez. Erantsi du berak hartu zuela 2023an ekimena negoziazio mahaia aktibatzeko, eta hitzarmen berriak bermatu egiten duela sindikatuak langileentzat eskatzen duen 1.500 euroko gutxieneko soldata —hori zen LABentzat helburuetako bat—.

ELAk ere ospatu egin du ituna lortu izana. Nabarmendu du berak izan duela negoziazio mahaian gehiengoa, %52, eta langileak zoriondu ditu: «Mobilizazioek eta grebek izan dute akordioa lortzeko giltza».

Akordioak aurretik aipatu ez diren abantaila gehiago ere biltzen ditu: aldi baterako laneko enpresen bidezko kontratazioa sei hilabetera mugatzea, erretiroa era partzialean hartzeko eskubidea onartzea eta adostutakoa betetzea indartzeko klausula ezartzea, adibidez. Errelebo kontratuak ere bermatzen ditu, eta langileen osasunari gehiago erreparatzea. Antza, apirilaren 20an sinatuko dute ituna.

27 urteren ostean, mahaia eratu dute Gipuzkoako Altzarigintzan

Mende honetan oraindik berritu ez duten hitzarmen kolektibo bat eguneratzeko mahaia eratu dute. 1999an adostutako hitzarmena dute oraindik Gipuzkoako altzarigintza eta altzari osagarrien industriako 250 langileek. 

Sindikatuen aldetik ELA, LAB, UGT eta CCOO eseriko dira negoziatzera, eta Adegi eta Arotzgi patronalen aldetik. ELAk du ordezkaritzaren gehiena (%62,5), eta CCOOk ez du sektorean ordezkaririk, baina hala ere negoziatzaileen artean onartu dute.

ELAren arabera, «beharrezkoa» da ituna eguneratzea: «Gaur egun, sektoreko langileek gehiegizko lanaldiak egiten dituzte, eta soldatak ez datoz bat egungo egoerarekin; urte asko dira negoziaziorik gabe». Sindikatuaren arabera, datorren bileran aurkeztuko dute plataforma, apirilaren 24rako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!