Bizkaiko kontserba enpresen lan ituna hitzartu du gehiengo sindikalak

CCOOk, LABek eta UGTk onartu egin dute Cebek patronalak aurkeztutako proposamena. ELAren arabera, berriz, adostutakoa ez da nahikoa.

Bizkaiko kontserben sektoreko langile bat hegaluzea garbitzen. BERRIA
Bizkaiko kontserben sektoreko langile bat hegaluzea garbitzen. BERRIA
2026ko uztailaren 30a
15:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soldata igoera, lanaldiaren murrizketa eta errelebo kontratuan hobekuntzak biltzen ditu, besteak beste, Cebek patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenaren inguruan egindako proposamenak. Sindikatuen gehiengoak ontzat jo du proposamena —CCOO, LAB eta UGTren 26 ordezkari sindikal zeuden mahaian, eta horietatik 17k onartu dute—, eta hitzarmenaren aurrekoa sinatu du, eta orain langileek dute azken hitza.

Apirilean egin bezala, aste honetan ere beharginek bi orduko lanuzteak egin dituzte, eta beste bost protesta egun zituzten deituak abuzturako. Langileek hitzarmena onartuz gero, bertan behera geldituko dira protesta guztiak.

Akordio proposamenak 2025etik 2029ra arte arautuko lituzke lan baldintzak, 2024. urtean iraungi baitzen aurreko hitzarmena. Deigarria da sindikatuek akordio hain luzea sinatu izana, negoziazioan asko jota hiru urteko hitzarmena nahiko luketela adierazi baitute gehienek.

600 langile ingururi eragiten die itunak, eta Bermeon eta Ondarroan dihardute gehienek. Egun, gutxieneko soldata (1.221 euro) baino apur bat gehiago irabazten dute, eta haien soldatak %18,3 igoko dituzte hitzarmena indarrean dagoen urteetan. Horrenbestez, 2028 amaierarako gutxienez 1.500 euroren soldata izango dute, edo 21.000 euro gordin urteko.

Hori bai, hitzarmenean soldatari eragiten dion berme klausula bat jaso dute, 2024-2028 bitarteko soldata igoera denbora tarte horretan pilaturiko KPIa baino bi puntu handiagoa izango dela bermatzeko. Sindikatuen lorpen gisa saldu dute, patronalak aurreko negoziazioetan ez baitzuen onartu soldata igoerak KPIari lotzea.

Ituna indarrean jarriz gero, urtean hamar ordu gutxiago egingo dute lan: 1.712 ordu guztira. Horrez gain, osasunarekin eta zaintzarekin lotutako baimen zein lizentziak hobetuko dituzte. Bestalde, urtean errelebo kontratu bat formalizatzea proposatzen du itunak, erretiro partzial eskaera bat jasoz gero.

Feminizatua dago kontserba sektorea, historikoki familiaren soldata gehigarri gisa ulertu delako. Alde horretatik, «berdintasunean, lan eskubideetan zein eskubide sozialetan aurrerapausoak» dakartza proposamenak, LABen iritziz. Sindikatu horrek %23ko ordezkaritza dauka sektorean, eta, sinatzaileen artean dagoen arren, azaldu du langileei dagokiela erabakitzea hitzartutakoak beren «eskakizunei erantzuten dien ala ez». Hala uste du UGTk (%3,8): «Akordioak sektorearen eskari nagusiei erantzuten die». 

ELAren kritikak

CCOO da Bizkaiko kontserbagintzako sektoreko sindikatu nagusia; %38,5eko ordezkapena dauka. Haren atzetik dator ELA (%24,6), eta hura da Cebeken azken proposamena onartu ez duen bakarra, haren iritziz ez delako nahikoa.

Batetik, ELAk nabarmendu du genero arrakalak hitzarmenaren indarraldia amaitu arte iraungo duela. Bestetik, 1.500 euroko soldata 2028 amaieran lortuko da, eta euren hitzetan, «sektoreak bere egin zuen berehala ezartzeko eskaera orokorra». Hori oinarrizko soldatari eta distantzia plusari aplikatuko zaizkien arren, gainerako soldata kontzeptuak «kanpoan uztea» kritikatu dute.

ELAk salatu du hegaluzeen kanpainarekin bat zetozen lanuzteetan lortu dela akordioa. «Patronalak bere helburua lortu du: mobilizazioak amaitzea eta batasun sindikala haustea». Dena den, sindikatuak aitortu du «lortutako lanaldi murrizketa eta lortutako aurrerapenak mobilizazioei esker etorri» direla.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA