Bizkaiko kontserba fabriketako langileek 1.500 euroko soldata eskatu diote patronalari

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna izan dute gaur, eta manifestazioa egin dute Bilbon. Hamasei bileraren ondoren, negoziazioa trabatuta dagoela esan dute.

Bizkaiko kontserba fabriketako langileen manifestazioa gaur, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko kontserba fabriketako langileen manifestazioa gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko maiatzaren 21a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauxe izaten da lan gehieneko sasoia Bizkaiko kontserba enpresetan, arrantza kanpaina nagusiak udaberri-uda aldera izaten direlako. Baina gaur geldi egon dira sektoreko fabrika nagusiak Ondarroan eta Bermeon. Sindikatu guztiek deituta, greba egin dute beharginek, eta Bilbon izan dira, Cebek Bizkaiko patronalari eskatzeko euren lan baldintzak hobetzeko proposamen bat egin dezala. Langile finko eta aldi baterakoen artean, mila bat lagunek egiten dute behar kontserba sektorean; ia erdiak izan dira gaur hiriburuan.

Langileen ordezkariak oso pozik agertu dira deialdiak izan duen erantzuna ikusita. Besteak beste, 1.500 eurotik gorako soldata ezartzea, genero arrakala bukatzea, aldizkako kontratu finkoei eta aldi baterako laneko enpresei mugak jartzea eta lanaldia murriztea exijitu dute hiriburuko kaleetan egin duten manifestazioan.

Lan ituna 2024ko abendutik daukate iraungita. ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk, bakoitzak bere plataforma aurkeztu du, baina eskakizun nagusietan ados daude, eta mobilizazioak ere batera egin dituzte. Dagoeneko hamasei bilera egin dituzte patronalarekin, azkena maiatzaren 14an. «Eseri ziren, eta esan ziguten ez zekartela ezer berririk. Ikusi dugu ez dugula aurrera egiten, eta horregatik erabaki dugu kalera irtetea», adierazi du CCOO sindikatuko Yari Blascok. Ekainaren 4an bilduko dira, eta orduan entzuten dutenaren arabera erabakiko dute greba deialdi gehiago egingo dituzten.

Patronalak 2025-2030eko aldirako lan itun bat proposatzen die, baina sindikatuek luzeegi irizten diote tarte horri; batzuek bi urtekoa izatea eskatu dute, eta beste batzuek, hirukoa. Gaur egun lanbide arteko gutxieneko soldatatik oso gertu daude kontserba fabriketako langileen soldatak, ELA sindikatuko Alazne Letek salatu duenez. Patronalak eskainitako soldata igoera «oso eskasa» dela salatu du: 2028an 1.400 euro ingurukoa litzateke, eta 2030erako ez lirateke 1.500 eurora ailegatuko. Sindikatuek, ostera, orain gura dute kopuru hori kobratzea. «Niri orain garestitu didate arrautza dozena», esan du manifestazioan parte hartu duen behargin batek. Gainera patronalak ez du soldata igoera KPIarekin lotu gura.

Bero handia eta soldata txikia

Sektore oso feminizatua da, eta soldata arrakala ere handia da, andreek egiten dituztelako beharrik okerrenak eta gutxien ordaintzen direnak. Historikoki soldata osagarritzat hartu izan da emakume horiena. Sindikatuek salatu dute patronalak arrakala murrizteko proposatzen dituen neurriak ez direla igarriko 2030era arte.

Lan baldintzak «oso gogorrak» dira. «Batzuetan 34 gradutan egiten dugu lan, eta sentsazio termikoa askoz handiagoa izaten da», salatu du manifestazioan egon den langile batek. «Absentismo handia dagoela esaten du patronalak. Ez da absentismoa. Gaixorik egoten gara, eguneroko lanak gaixotzen gaituelako». Enpresan bederatzi orduko lanegunak izaten dituztela kontatu du, eta ordu estrak ez direla kontuan hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA