Ehun da zenbaki borobilena petrolioaren munduan. Brent upelaren prezioa ehun dolarretik gora igotzen denean, arazoak handitu egiten dira mendebaldeko ekonomian, oraindik orain petrolioaren oso menpekoak direlako, eta upel garestiak kostuak handitzen dizkielako familiei eta enpresei. Eta azken egunotan muga horretara iritsi da berriro petrolioaren erreferentziazko upela, intentsitate ez oso handiko baina amaierarik gabeko gerra baten ondorioz. Borrokan katramilatuta jarraitzen dute AEBek eta Iranek, erdi itxita jarraitzen du Ormuzko itsasarteak, eta petrolio (eta gas) egarriz energia merkatuak.
70/75 dolarren bueltan zebilen Brent upela Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk erasoak hasi zituztenetik, baina berehala egin zuen gora. Ikusi zenean gerra ez zela egun gutxiko kontua izango, ehun dolarren langa gainditu zuen —120 dolarrera ere gerturatu zen—, eta hor izan zen su eten bati buruzko berriek presioa apaldu zuten arte. Iritsi zen su etena, baina berehala hautsi zen eta berriro garestitu zen petrolio upela.Â
Kontuan hartuta gerraren aurretik munduak kontsumitzen duen petrolioaren bosten batek Ormuzko itsasartea zeharkatzen zuela itsasontziz, upelaren garestitzea ez zen neurri gabekoa izan —(+%40), ez baitzen, oro har, eskasiarik izan. Bi arrazoirengatik gertatu zen hori.
Batetik, herrialde ekoizle batzuk gai izan ziren ekoizpenaren zati bat beste leku batzuetatik merkaturatzeko —Saudi Arabiak, Itsaso Gorritik; Arabiar Emirerri Batuak, Omango golkotik...—, eta beste batzuek ekoizpena handitu zutelako Persiar golkoan galdutakoa konpentsatzeko —AEBak, Errusia, Guyana...—. Joera horiek ez dira eten, baina egia da azken egunotan Saudi Arabia arazoak izaten ari dela Itsaso Gorrian, Yemengo matxino huthiek eraso egin dietelako hango azpiegiturei, salatzeko Saudi Arabia Sana hiriburua blokeatu nahian dabilela.Â
Bestetik, herrialdeen eta petrolio konpainien biltegiak beteta zeuden, eta erreserba horiek bete dute hutsunearen beste zati bat.Â
Baina orain arazoa da erreserba horiek husten ari direla, eta, hortaz, eskasia izateko arriskua areagotzen ari dela. Kasurik nabarmenena, Txinarena da. Hura zen Ormuzko itsasartea zeharkatzen zuen petrolioaren bezero nagusia, baina gerraren lehen zatiari ongi eutsi zion, erosketak heren bat murriztu zuen, erreserbetara jo zuelako eta Errusiari petrolio gehiago erosi ziolako. Baina azken asteetan berriro jo du Saudi Arabiako eta Irakeko saltzaileetara, beste aukerak agortzen zaizkion erakusgarri.
Deskontuekin ere, oso garesti
Eta petrolioa garestitzen denean, halaber garestitzen da haren produkturik erabiliena, erregaia. Azken egun hauetan, bi eurotik gorako preziora itzuli da berriro gasolioa Hego Euskal Herriko gasolindegietan, nahiz eta prezioa apaltzeko neurriak hartu dituen Espainiako Gobernuak: hogei zentimoko deskontua ezarri zuen berriro hidrokarburoen zergan, hau da, abuztuan baino hamar zentimo gehiago.
Ipar Euskal Herrian, berriz, martxotik dago bi euro baino garestiagoa, Frantziako Gobernuak sektore profesional batzuetara —garraiolariak eta nekazariak— mugatu dituelako laguntzak.
-%3Erregaien kontsumoa aurten, Hego Euskal Herrian. Erregaien kontsumoak 2018an jo zuen goia Hego Euskal Herrian, eta orduz gero pixka bat apaldu da. 2024tik 2025era %1,4 gutxitu zen, eta erregai garestiak joera indartu du aurten: 55.000 tona gutxiago salerosi dira Hegoaldeko gasolindegietan, %3 gutxiago. Gasolinarena %5,5 handitu da, baina gasolioarena %4 murriztu, eta harena da kontsumoaren ia %90.
Baina zergen beherapenak ez dira nahikoa izaten ari dieselaren prezioari eusteko. Produktu horrek petrolioa halako bi balio du honez gero, eta inoizko preziorik handiena du nazioarteko merkatuetan. Konpainien prezio politikak gorabehera, egia da une hauetan gasolioa eskuratzeko lehia handia dagoela nazioartean.
Persiar golkoko herrialdeetako findegietatik bertatik ateratzen zen gasolioaren zati handi bat, baina erasoek hango ekoizpena eten dute, eta gerraren aurretik baino bi milioi upel gutxiago esportatzeko gai dira. Errusiaren diesel ekoizpena ere beste hainbat murriztu dute Ukrainak haren findegien aurka egindako erasoek.
Gasolinarekin hornidura arazo txikiagoak daude, baina haren prezioak ere gora jo du azken egunotan. Oraindik orain bost zentimoren beherapena du Hegoaldean, baina hala ere martxoan baino ia hogei zentimo garestiago dago. Â
Â
Â