Oraingoz, Europako Batzordeak ez die jaramonik egin AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren presioei eta mehatxuei. Bruselak joan den ostegunean iragarri zuen Meta ikertuko duela Whatsappen adimen artifiziala txertatzeagatik; ostiralean 120 milioi euroren isuna jarri zion Xri kolore urdineko egiaztapenetan eta publizitatean garbi ez jokatzeagatik; eta gaur, berriz, jakinarazi du Google ikertzen hasiko dela bere adimen artifiziala garatzeko edukiak abusuzko jokabideen bitartez lortzeagatik.
Batzordeak uste du Google baimenik gabe ari dela erabiltzen webgune askotako edukia, horien bidez bere adimen artifiziala entrenatzeko. «Ikerketak, zehazki, aztertuko du ea Google konpetentziarekin duen lehian abantaila lortzen ari den editoreei eta eduki sortzaileei abusuzko baldintzak ezarriz bere plataformetan», esplikatu du EBk.Â
Bi lan lerro izango ditu ikerketak. Batetik, ikertuko dute ea Googlek webguneetako edukia erabiltzen duen haren trukean behar bezala ordaindu gabe, eta ea erabiltzaileak zigortzen dituen konpainiak ezarritako baldintzak eta kondizioak onartzen ez badituzte. Batzordearen arabera, hedabide eta sortzaile asko Googleren bilatzailearen menpe daude, hura gabe ezin dutelako euren webguneetan trafikoa izango dutela bermatu, eta ez dute hori galtzeko arriskua hartu nahi. Hori da AEBetako erraldoiak baliatzen duena.Â
Bestetik, Youtuberako edukia sortzen dutenek ere derrigorrez eman behar diote Googleri euren bideoei zenbait erabilera emateko baimena, tartean adimen artifiziala entrenatzekoa. Horren trukean ez du dirurik ordaintzen Googlek, eta baimen hori eman gabe ez die bideoak igotzen ere uzten erabiltzaileei. Lehiakideei, ordea, espresuki debekatzen die Youtubeko bideoak erabiltzea euren adimen artifizialeko tresnak garatzeko.
Ondorioz, bi ikerketa lerroek oinarrian duten salaketa berbera da: Googlek bere plataformen nagusitasuna baliatzen du eduki sortzaileei presio egin, edukia lortu eta haren bidez lehiakideekiko abantaila lortzeko, eta, hala, adimen artifiziala azkarrago garatzeko.
Presioa eta mehatxuak
Azken egunetan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak gogor egin du Europako Batasunaren aurka. Atzo bertan, Donald Trump presidenteak esan zuen «nazkagarria» dela Bruselaren jokabidea, ez doala bide onetik, eta antzerako adierazpenak egin dituzte, besteak beste, J. D. Vance presidenteordeak, Marco Rubio Estatu idazkariak eta Howard Lutnick Merkataritza idazkariak. Ez da ezustekoa: Trumpek aldiro egiten du mehatxu muga zergak jarriko dizkiela AEBetako konpainia teknologikoei arau edo zerga digitalak jartzen dizkieten herrialdeei.
Ikusi gehiago
Ez dirudi, ordea, mehatxuek eta presioek batzordearen jarreran eragingo dutenik epe motzean. Teresa Riberak, Monopolioen aurkako komisarioak, esan du «garrantzitsua» dela Googleren aurka hasitako ikerketa, «hedabide eta editore askok helarazi» baitiete kezka.
Aurrez ere Google da Bruselaren isun gehien jaso dituen konpainia teknologiko handia. Irailean, esaterako, 2.950 milioi euroren zigorra jarri zion sareko publizitatean duen boterea gehiegikeriaz baliatzeagatik.