Oraingoan bai? EB-Mercosur ituna gertu dagoela dirudi, eta Europako Batzordea ahaleginak egiten ari da zalantzan dauden herrialdeak konbentzitzeko. Abenduan, Europako Batasunak ez zuen bere barruan gehiengorik lortu Mercosurreko herrialdeekin merkataritza ituna sinatzeko, eta urtarrilera arte atzeratu zuten erabakia. Gaur 27 herrialde kideetako Nekazaritza ministroak elkartu dira Bruselan, eta, etzi, EBko gobernuen ordezkariek bozketa egingo dute. Italiak abenduko kontrako botoa aldatuko duela baieztatzen bada, berrespenak aurrera egingo du, eta astelehenean sinatuko dute akordioa, Paraguain.
Italiak baiezkoa emate aldera, Europako Batzordeak beste proposamen bat egin du: laborariei diru gehiago ematea 2028-2034ko aldirako NPB Nekazaritza Politika Bateratuan. Hark dauka giltza itunak aurrera egin dezan, horrela gaindituko baita Frantziaren, Poloniaren eta besteen batzuen ezezkoa —gutxienez lau herrialde behar dira EBko biztanleriaren %35ekin—. Italian ere garrantzitsuak dira akordioaren kontrako ahotsak, baina EBko bigarren herrialdea da Mercosurrerako esportazioetan, eta Giorgia Meloni lehen ministroak «pozez» hartu du batzordearen azken eskaintza.
%55EB-Mercosur ituna onartzeko zenbateko babesa behar den. Akordioari baiezkoa emateko, Europako Batasuneko herrialdeen %55ek onartu behar dute, eta horien artean biztanleriaren %65 ordezkatu behar dute. Frantzia, Polonia, Irlanda, Hungaria, Herbehereak eta Austria akordioaren kontra daude, eta Belgika abstenitu egin zen abenduan. Italia baiezkora batzea nahikoa izango litzateke.
Atzo Europako Kontseiluari eta Parlamentuari bidalitako gutun batean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak NPBko ordainketak aurreratzea proposatu zuen. Izatez, 45.000 milioi horiek hurrengo berrikuspenean banatuko lirateke, 2032. urtean, baina Von der Leyenek bidea zabaldu dio 2028. urtean bertan banatzeari. 2028-2034ko aldirako aurrekontua ez da aldatuko, baina bai laguntza hori nekazariei helduko zaien garaia. Diru hori nekazaritza politika bateratuko esku hartzeetan eta landa guneetan erabili behar da. Murrizketak kohesio politiketan egingo ditu batzordeak.
Hilabeteko atzerapena
Ikusi beharko da eskaintza horrek balio duen Meloni konbentzitzeko. Italiako lehen ministroak zera idatzi du X sare sozialean: «Iniziatiba horrek balio du egungo finantzaketa etorkizunean mantentzeko, Italiako eta Europako nekazariek galdegiten duten moduan; baina, gainera, baliabide gehigarri batzuk ere eskaintzen ditu».
Frantziako Gobernuaren baiezkoa ere garrantzitsua litzateke, ituna sendoago egingo lukeelako, baina, nekazarien eta abeltzainen presioa dela medio, Emmanuel Macron beti agertu da akordioaren kontra. Azken egunetako adierazpenak ikusita, ez dirudi oraingoan ere jarrera aldatuko duenik.
800EB-Mercosur itunak zenbat herritarri eragingo dien, milioitan. Ia 800 milioi herritarri eragingo dien merkataritza libreko itun baterako akordioa da Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen artekoa —Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai—. Itunaren helburua da bi aldeen arteko merkataritza eta inbertsioak handitzea, horretarako elkarrekiko muga zergak %90 inguru murriztuz —Europako autoek, adibidez, %35eko muga zergak dituzte Mercosurren sartzeko—, eta arau egonkorragoak ezarriz.
Joan den hilean, nekazariak Bruselako kaleetan protesta betean ari zirela, Meloni izan zen itunaren sinadura hilabete bat atzeratzeko esku hartu zuena: Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak esan zuen atzerapenen bat egonez gero akordioarenak egin zuela, baina Melonik harekin hitz egin zuen, eta hortik ordu gutxira heldu zen sinadura atzeratuko zen albistea, Von der Leyenen ordezkarien bitartez.
Printzipioz, akordioak behar beste babes lortzen badu ostiralean, eta astelehenean sinatzen badute, ituna indarrean sartuko litzakete behin-behinean. Dena den, litekeena da Europako Batzordeak Parlamentuaren onespenari itxarotea, eta horrek beste hilabete batzuk atzeratuko luke prozesua.
Abenduan, nekazariei babes gehiago emateko eta Frantzia eta Italia konbentzitzeko, EB-Mercosur itunaren babes klausulak onartu zituen Europako Parlamentuak, eta, askok mugarritzat hartu zuten arren, ez zen nahikoa izan. Ikusi beharko da Europako Batzordearen azken goxokiak balio duen, 25 urtez iraun duten negoziazioen ostean, EBko herrialdeen sostengua lortzeko.
Debekatutako suBstantziekin ekoiztutako produktuak inportatzeari utziko dio frantziak
Azken egunetan Frantziak ere zenbait pauso eman ditu «nekazariak babesteko», Sebastien Lecornu lehen ministroaren hitzetan. Besteak beste, bihartik aurrera ez ditu inportatuko EBn debekatuta dauden bost herbizida eta fungizidarekin ekoiztutako nekazaritza produktuak. Erabakia, printzipioz, urtebeterako da, «Europako Batzordeak neurri egokiak hartu bitartekoa», Parisen arabera.
Lege dekretuak hilabeteko epea emango du produktu horiek merkatutik kitatzeko, eta elikagaien sektoreko enpresak kontrolak ezartzera behartuko ditu, ziurtatzeko inportatzen dituzten produktuen ekoizpenean ez direla substantzia horiek erabili.
Neurriak eragingo dien produktuen zati handi baten jatorria Hego Amerika da, baina Nekazaritza Ministerioak esan du dekretua ez dela eskualde horren aurkakoa, frutak eta barazkiak substantzia horiekin ekoizten dituzten eskualde guztien aurkakoa baizik.