BSHko langileek denbora gehiago eskatu dute lantegia salbatu ahal izateko

Europako Batzordeari babesa eskatu diote Bruselan, eta hark erantzun die saio bat egingo duela.

Juanjo Hermoso de Mendoza —erdian— eta BSHko langile batzordeko beste bi ordezkari, gaur, Bruselan. PABLO GARRIGOS / EFE
Juanjo Hermoso de Mendoza —erdian— eta BSHko langile batzordeko beste bi ordezkari, gaur, Bruselan. PABLO GARRIGOS / EFE
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 10a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Denbora da irtenbide bakarra. Hori uste dute BSHren Ezkirozko lantegia salbatu nahi dutenek, Nafarroako Gobernua eta langileak buru dituztela. Azken horiei egokitu zaie gaur Alemaniako multinazionalari fabrikaren itxiera atzeratzeko eskatzea, haiek ere uste dutelako oraindik badagoela aukera bat inbertitzaile batek fabrika eskuratzeko eta enpleguei eusteko. Aukera horri heltzeko arrazoien artean dago bihar agertzekoak direla Ezkiroztik lantegia erosteko interesa izan dezakeen enpresa bateko arduradunak. «Mugimendua dago, interesa dago, baina denbora falta zaigu», ziurtatu du Mikel Irujo Industria kontseilariak.

BSHko langile batzordeko hiru ordezkarik Bruselara eraman dute gaur fabrika salbatzeko borroka. Europako Batzordeko bi sailetako ordezkariekin elkartu dira, Industria Estrategia eta Pertsonak, Gaitasuna eta Prestakuntza sailetakoak, hain justu. Bileran izan dira Nafarroako Gobernuko bi kontseilari —Irujo bera eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetakoa—, eta lau eurodiputatu —PSNko Elena Sancho, EH Bilduko Pernando Barrena, EAJko Oihane Agirregoitia, eta Sumarreko Estrella Galan—.

Ikusteko dago bilera horrek zer emango duen. Juanjo Hermoso de Mendoza langile batzordeko lehendakariak (LAB) azaldu duenez, Batzordeko ordezkariek esan diete saiatuko direla BSHko buruzagiekin hitz egiten. Irudipen onarekin atera dira bileratik: «Ikusiko dugu emaitzarik lortzen ote dugun».

Itxiera, datorren astean

Hermoso de Mendozak onartu du kolpea jaso zutela atzo, enpresak baieztatu zuelako lantegia datorren astean itxiko duela eta 655 langileak kaleratzeko prozedura abiatuko duela. «Ez du ez hankarik, ez bururik», esan du, eta langileak tratatzeko modua gaitzetsi du: «Oso garbi geratu da jarrera deshumanizatzailea dutela, eta erabat mespretxatzen dutela BSH Ezkirozko enplegatuen bizitza». 

Jarrera hori gorabehera, lantegia salbatzeko aukerak badaudela adierazi du langile batzordeko presidenteak, baina denbora behar dela aukera horiek beren fruitua emateko. Zenbat? «Ezin da esan modu irmo batean bost edo sei hilabete izango direla. Alternatiba egingarri eta fidagarri bat sortzeko beharrezkoa dena».

Lau eurodiputatuek beren babesa adierazi diete BSHko langileei, eta hitz gogorrekin salatu dute Alemaniako multinazionalaren jarrera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.