BSHko langileek lantokiaren itxiera eragoztera deitu dute

Nafarroako «lan arloko sarraskirik handiena» gerarazteko eskatu dute Iruñean egin duten manifestazio jendetsuan. Bihar festen atarian protesta bat egingo dutela aurreratu dute, baina ez dute besterik zehaztu.

BSHko langileek egindako manifestazioa. Ehunka lagun elkartu dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
BSHko langileek egindako manifestazioa. Ehunka lagun elkartu dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 5a
15:57
Entzun 00:00:0000:00:00

BSHk eta sindikatuek enplegu erregulazioaren baldintzak negoziatzen jarraitu dute aste honetan, baina langileek ez dute etsi nahi. Gaur eguerdian manifestazio jendetsua egin dute Iruñeko erdigunean, eta lantokiaren itxiera eragozteko neurriak eskatu dituzte. BSHk Ezkirozko fabrika itxi nahi izatea «lan arloko sarraskirik handiena» dela esan dute.

Ehunka lagun elkartu dira, eta TCC Moventis enpresako billabesetako gidarien babesa izan dute BSHko langileek. Europa plazatik irten da manifestazioa, «Balayko zure laguna» zioen hilkutxa bati heltzen ziotela. Pankarta nagusian +1000 sendi traizionaturik leloa irakur zitekeen, eta atzean, hizki larriz, BSH ez itxi mezua. Zenbaitek «Mila familia etorkizun gabe» zioen kamiseta eraman dute soinean.

«Zazpi hilabete geroago, hemen jarraitzen dugu, zutik. Lanean jarraituko dugu sarraski hori gerarazteko»

JUANJO HERMOSO DE MENDOZABSHko langile batzordeko presidentea

Abenduaren 16an iragarri zuen BSHk Ezkirozko lantokia ixteko asmoa. «Zazpi hilabete geroago, hemen jarraitzen dugu, zutik. Lanean jarraituko dugu sarraski hori gerarazteko». Erregulazio espedientea aurkezteko epea uztailaren 17 aldera amaituko da, eta ordura arte lanean jarraituko dutela adierazi du Juanjo Hermoso de Mendoza langile batzordeko buruak. Enpresak informazio ugari pasatu die.

Orain arte lau bilera egin dituzte, eta, haren esanetan, BSHk ordezkariek argudio bakarra dute:  «Laburbilduz, esaten dute horrelakoa dela bizitza eta izorratzaile batzuk direla». Hermoso de Mendozaren arabera, «maila eskasa» erakutsi dute, haien azalpenak ondorio soil horretara iristen direlako.

Astelehenean, bilera Bruselan

Argitu du uztailaren 7an BSHren Bruselako egoitzan bilera izango dutela Europako Batzordeko Enplegu komisarioarekin eta Industria komisarioarekin. «Espero dezagun bilera horretatik multinazionala baldintzatu dezakeen neurriren bat hartzea». Hermoso de Mendozaren arabera, langile batzordeko ordezkaritzak harreman zuzena du Nafarroako Gobernuarekin, baita PSNko, EH Bilduko, EAJko eta Sumarreko eurolegebiltzarkideekin ere.

 «Azken hatsera arte» borrokatuko direla iragarri du. Bihar sanferminak hasi aurretik ekintza bat egingo dutela aurreratu du. Ez du zehaztu zer egingo duten.

(ID_15117214) ESPAÑA EMPRESAS BSH
Manifestazioa, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.