Enpresak

CAFek 58 milioiko lan kontratuak sinatu ditu Estonian eta Polonian

Solaris filialaren bidez, gas naturaleko 100 autobus elektriko egingo ditu Tallinnerako, 28 milioi euroren truke, eta beste 50 Poloniako lau hiritarako, 30 milioi eurorengatik.

Solaris Urbino modeloko autobus bat. CAF
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 15a
13:04
Entzun

Tallinnen iaz egin zuen kontratua luzatzea lortu du CAFek, Solaris filialaren bidez. 2019aren amaieratik orain arte, gas naturaleko 80 autobus entregatu dizkio Estoniako hiriburuko Linnatranspordi as (TLT) enpresari, eta beste 20 unitate amaituko ditu urtea amaitu baino lehen. Guztira, beraz, 200 autobus salduko dizkio bi urtean.

Hamalau herrialdetan daude gas natural konprimatuarekin funtzionatzen duten Solaris Urbino modeloko ibilgailuak: Europan halako 1.300 autobus baino gehiago saldu ditu: besteak beste, Polonian, Alemanian, Norvegian, Suedian, Txekiar Errepublikan, Herbehereetan, Espainian, Frantzian eta Italian.

Estoniako eskaeraz gain, Poloniako Sosnowiec, Radom, Torun eta Szczecin hiriek ere beren autobus flotak handitzea erabaki dute, Solarisen modelo elektrikoekin: guztira 50 ibilgailu egingo ditu CAFek, eta kontratu horien bolumena 30 milioi eurotik gorakoa izango da. Horiek ere 2021ean entregatuko ditu.

Autobusen aldeko apustua

CAFek trenak ekoizten ditu nagusiki, baina, azken urteetan sektorean daukan konpetentzia izugarria dela-eta, negozioa dibertsifikatu behar izan du. Azken urteetan apustu handia egin du autobusen produkzioan, elektrikoetan bereziki, eta egun bere salmenten %25 da —%8 zen 2018an—: kontratuak ditu 70 hiritan. Urratsik handiena 2018an egin zuen, Poloniako Solaris autobus enpresa handia erosi zuenean, 300 milioi euroren truke.

Beasaingo (Gipuzkoa) multinazionalak urte hasiera txarra izan du: 35 milioi galdu ditu lehen seihilekoan, COVID-19aren eraginengatik. Martxoan eta apirilean produkzioa gelditu behar izan zuen aste batzuez, eta hainbat herrialdetan dituen mantentze zerbitzuak eten, eta gerora ere esportazioak eta lan kontratu berriak ez dira lehengora itzuli. Itxaropenak jarrita zituen urtea amaitu baino lehen Renfek esleitu asmo duen aldirietako trenak berritzeko kontratu handian (2.726 milioi euroko eskaera), baina horrek ihes egingo dion susmoa dauka.

Horrez gain, Castejonen (Nafarroa) duen lantegia (Trenasa) ixteko erabakia hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.